Ama-esnea emakumeek beren umeak elikatzeko titietan ekoizten duten esnea da. MOEaren arabera ume jaioberrien heriotzen kopurua ia milioi batean jaitsi liteke munduko ume guztiak ama-esnez elikatuko balira [1]

Haur jaioberria amaren bularra hartzen

Ikerketa askok garbi frogatu dute edoskitzaroan zehar ama-esnea jasotzeak onura asko dakarzkiola umeen osasunari [2] [3].

Historian zehar ama-esnea ama naturalak ez ziren beste emakume batzuek ematen zioten umeei. Horiek inude izeneko emakumeak ziren.

Jaioberriarentzat ez ezik, amarentzat ere onura ugari ditu bularra emateak; besteak beste, bularreko minbiziaren arriskua gutxitzen du [4]

Ekoizpena eta osaketa

aldatu

Prolaktina eta oxitozina hormonen eraginpean umea jaio ondoren emakumeek esnea ekoizten dute. Haurdunaldian, estrogeno eta progesteronaren kontzentrazio handiek bularrak handitzen dituzte. Karena kanporatzerakoan estrogenoen mailak nabarmen jaisten dira, eta horrek edoskitzearen hasiera dakar. Estrogenoek prolaktinaren sintesia inhibitzen dute (horregatik, bularra eman nahi ez duten emakumeei estrogenoak ematen zaizkie); estrogenoen jaitsierak prolaktinaren sintesia errazten du, eta baita esnearen ekoizpena ere [5]

Lehenengo egunetako ama-esneari oritza deritzo. Oritzak antigorputz asko ditu, haur jaioberria mikrobio patogenoen aurka babestuko dutenak. Kontuan hartu behar da jaioberriak lehenengo egunetan immunitate-sistema oso ahula daukala, eta oritzak funtsezko babesa ematen diola.

Osaketari dagokionez, emakumeen esneak koipeak (%4,5), proteinak (%0,9), gluzidoak (%7) eta mineralak (%0,2) ditu. Koipea da ama-esnearen energia-iturri nagusia, eta gantz-azido esentzialak eta kate luzeko gantz-azido poliasegabeak ditu. Proteinen artean kaseina, α-laktoalbumina eta hainbat immunoglobulina (antigorputz) aipa daitezke. Gluzidoen artean laktosa da nagusia. Horretaz gain, mineralak, bitaminak, entzimak eta hormonak ere baditu, ume jaioberriaren eskakizun nutritiboak asetzen dituztenak.

Nolanahi ere, amaren dietak ere eragina du ama-esnearen osaketa kimikoan.

Bestalde, ama-esneak bifidus faktore izeneko substantzia dauka, Bifidobacterium bakterioaren hazkuntza sustatzen duena. Bifidobacterium bakterio oso onuragarria da, jaioberriaren heste-traktua kolonizatu eta mikrobio patogenoen hazkuntza eragozten duelako [6]

Kanpo estekak

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. OMS, alimentación del lactante y del niño pequeño M.O.E., 2016ko urtarrila
  2. World Health Organization Exclusive breastfeeding M.O.E., 2016
  3. Biological and Nutritional Aspects of Human Milk in Feeding of Preterm Infants
  4. Levin, Roy J. (2006). "The breast/nipple/areola complex and human sexuality". Sexual & Relationship Therapy 21 (2): 237–249
  5. Ganong, William F. Manual de Fisiología Médica, Ed. El Manual Moderno, 1980, 400-401 orr.
  6. Albero, Josu: Mikrobioen mundu liluragarria, EHUk argitaratuta (2019) 86-87 orr. ISBN: 978-84-1319-082-2