Nazionalsozialismoa edo nazismoa Alemanian 1933tik (eta Austrian 1938tik) 1945era boterean egon zen erregimenaren ideologia da, Adolf Hitler Alemaniako Langileen Alderdi Nazional Sozialistaren (NSDAP) buruzagiak boterera igotzean ezarritakoa. Hitlerrek diktadura bat ezarri zuen, Hirugarren Reich autoproklamatua. Reichak Austria Anschluss-etik bereganatu zuen, baita Sudeteak, Memel eta Danzig ere. Bigarren Mundu Gerran, naziek Polonia, Frantzia, Txekoslovakia, Hungaria, Herbehereak, Danimarka eta Norvegiako lurrak okupatu zituzten. Garai horretako Alemaniari Alemania nazia esaten zaio.

Svastika, nazien ikurtzat erabilia, Alemania naziko banderaren barruan.

Sorrera

aldatu

Alderdi naziaren sorreraren buruzagia Hitler izan zen. Adolf Hitler Braunau izeneko herrian, Austrian, jaio zen 1889.urtean. Lehen Mundu Gerran boluntario aritu zen, nahiz eta ezgai zela esan zioten. Aro horrek asko markatu zuen. Versallesko itunarekin ados ez zegoenez, sozialistei, komunistei eta juduei gorroto itzela hartu zien eta, horren ondorioz, guda deklaratu zien. Haien kontra joateko, laster harremanetan Alemaniar Langileen Alderdiarekin —abertzaleak ziren— jarri zen. 1920an, Langileen Alderdiaren 25 puntuak idatzi zituen: nazismoaren oinarriak izan ziren eta urte bat geroago, beste alderdi batzuekin batu eta Alderdi Nazional Sozialista sortu zuen.

Hedapena

aldatu
 
Armadaren antolaketa eredua zen nazionalsozialistentzat.

1923an, Munichen estatu kolpe bat egiten saiatu zen “Garagardotegiko estatu kolpea” izenaz ezagutzen den hartan, baina porrot egin eta Hitler preso sartu zuten. Kartzelan zela, Mein Kampf (euskaraz "Nire borroka") liburuaren lehen zatia idatzi zuen; kartzelatik irtendakoan, SSak sortu zituen, Alderdi Naziaren segurtasuna antolatzeko. 1929ko krakaren ondorioz, Alemania krisi egoera larri batean murgildu zen eta egoeraz baliatuz, Hitlerren mezua indartu eta zabaldu zen. Urte bat geroago, alderdi naziak hiru miloi militante zituen.

Alderdi Nazional Sozialistaren sozialista hitza apaindura hutsa zen, langileak erakartzekoa soilik, baina batik bat klase ertainak eta kapitala erakarri zituen. Mein Kampfen ideologia naziaren oinarriak zeuden: sistematizazioa falta zen bakarrik. Hitlerrek ez zion programa zehatz bati jarraitzen, ideia sinpleen bitartez giza multzoak bereganatzen zituen, behin eta berriz eta oso ozenki errepikatuz. Gizartearen bihotzean sartzeko helburua zuen eta behin hor egonda, horren instintu primarioak agerraraztekoa. Hartarako, hedabideak, irrati eta mikrofonoak maisuki erabiltzen zituen bere diskurtsoa adierazteko.

Ideologia

aldatu

Hitlerrek arraza zuria hobesten zuen eta, zurien artean, arraza arioa indartsuena dela argudiatzen zuen. Horrela, Alemanian, juduen aurkako gorrotoa zabaldu zen eta beste europar herrien mespretxua ere bai. Gobineau idazle eta pentsalari frantsesak idatzitako Arrazen desberdintasunak liburuan oinarritu zen bere ideologia arrazista argudiatzeko. Bestalde, alemanek atzerritarrekin ezkontzea debekatu zen; hau da, bakarrik nahastu gabekoa alemaniarra izango da. Alemania naziaren ustez, juduak ahulagoak ziren eta Hitlerren ustez, Lehen Mundu Gerrako porrota haien errua izan zen eta hainbat arau ipini zituen haien kontra: baztertuta mantendu behar ziren, alemaniar arraza ez zikintzeko eta Daviden izarraz markatuta irten behar ziren kalera. Azkenik, 1993an, juduak kontzentrazio esparruetara bidaltzea erabaki zuen.

Nazi hitza Joseph Goebbels Propagandako Ministro naziak plazaratu zuen mitin batean, Alemaniako Langile Alderdi Nazionalsozialistako (Nationalsozialistische Deutsche Arbeiterpartei) kideak izendatzeko. Ideologia politikoa Alemanian agertu zen lehen aldiz 1930eko hamarkadan, herritarrak Lehen Mundu Gerra galdu izanaren ondorioak eta 1929ko kraka pairatzen ari zirela. Era berean, Adolf Hitlerri eta haren lanari hertsiki loturik dago.

Nazismoaren ezaugarri nagusiak ondokoak dira:

  • Estatu indartsuaren zentralitatea eta garrantzia
  • Gizabanakoen arteko desberdintasunaren aldarrikapena: arraza arioaren gorespena
  • Gidari edo Führerrarekiko (Hitler bera) mirespena
  • Inperialismoaren defentsa: Alemaniak bere lurraldeak handitzeko eskubidea zuen (Espazio Bitalaren Teoria)
  • Militarismoa eta bortizkerian oinarritutako praktika
  • Arau demokratikoak ez jarraitzea
  • Hegemonismo sutsua

Bigarren Mundu Gerra osteko nazi-ideologiakoei neonazi esaten zaie.

Nazien matematikako ariketa bat

aldatu
« Ero batek eguneko 4 markoko kostua sortzen digu; elbarri batek, 5,5 markokoa; kriminal batek, 3,5 markokoa. Sarritan, funtzionario batek ez du 4 marko baino gehiago kobratzen; enplegatu batek, 3,6 marko; aprendiz batek, 2 marko.

(...) Kalkulatu zenbat kostatzen zaizkigun urtero Alemaniako 300.000 eroak eta epileptikoak. Diru hori aurreztuko bagenu, 1.000 markoko zenbat mailegu emango genieke senar-emazte gazteei?

»
Nazien garaiko matematikako testu-liburu batetik hartutako ariketa.

Gazteen hezkuntza

aldatu
 
Propaganda naziak hedatutako irudia. Ume eredugarrien irudia, nazien idearioan.
« Gazteriarekin hasiko dut nire lan sortzailea, esan zuen Hitlerrek. Gu, zaharrak, gastatuta gaude [...], jada ez dugu sen basatirik. Gu ahulak gara, sentimentalak. Historia umiliagarri baten zama daramagu gainean [...]. Baina, ene gazteria bikaina! Zer-nolako giza materiala! Haiekin nire mundu berria eraiki ahal izango dut.

Nire pedagogia gogorra da. Gazteria heziko dugu, eta mundua beldurrez jarriko da haiek ikustean. Gazteria bortitza, larderiatsua, ausarta, gupidagabea. [...]

Batez ere, atletikoa izan dadila: hori da garrantzitsuena. [...]

Ez dut inolako hezkuntza intelektualik nahi. Jakintzak gazteak usteldu baino ez ditu egiten.

»

—Hermann Rauschning: Gespräche mit Hitler, Zürich 1940.[1]


Alemaniar Langileen Alderdi Nazional Sozialistaren programa

aldatu
« Hitler harremanetan dago Txekoslovakiako eta Austriako alemaniarrekin, eta alemaniar guztiak Alemania handi batean biltzea eskatzen du [...]. Kemen berberaz, Versaillesko eta Saint Germaineko Itunak deuseztatzea eskatzen du, eta Alemaniari koloniak itzultzea.

Mugimendu horren programan aipamen berezia egiten zaio arrazismoaren ideiari [...]. Alemaniar herritartzat alemaniar arrazakoak soilik onartu nahi ditu, eta gainerakoen lege-estatutua atzerritarrena izatea eskatzen du. [...]

Hitler parlamentarismoaren aurkakoa da. Hitlerren alderdiak, oraingoz, diktadura ezarri nahi du; diktadura horrek Alemaniako egungo miseria amaitu arte iraungo du. Diktadore hori, noski, Hitler izatea proposatzen da.

»
Nazionalsozialismoaren programaren printzipioak, Kreuzzeitung egunkariaren arabera, 1922ko abenduak 28.

Ondorioak

aldatu

Nazismoak eta Alemaniako Nazi estatuaren ekintzek herrialde, komunitate eta herri askotan eragin handia izan zuten, Bigarren Mundu Gerra aurretik eta ondoren. Nazien ideologiak bultzatu zuen nazio batzuen suntsipena azpigizakiak zirela argudiatzen; Britainia Handia, Sobietar Batasuna eta Ameriketako Estatu Batuetako ahalegin amankomunak geldiarazi zuena Bigarren Mundu Gerra irabaztean.

Erreferentziak

aldatu
  1. Rauschning, Hermann.. (2005). Gespräche mit Hitler : mit dem Schlußkapitel "Hitler privat". (Reprint. argitaraldia) Europa-Verl ISBN 3856655158. PMC 179723981. (Noiz kontsultatua: 2019-06-03).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu