William Thomson
Sir William Thomson, Lord Kelvin izenez ezagunagoa, (Belfast, 1824ko ekainaren 26a - Largs, 1907ko abenduaren 17a) fisikari eta matematikari britainiarra izan zen, Ipar Irlandan jaio arren ikerkuntza nagusiak Eskozian egin zituena.
Biografia
aldatuBelfasten matematika eta ingenieritza irakaslea zen James Thomsonen seme alabetako bat zen. 1830an sei urte zituela ama hil zitzaion eta alaba zaharrenak hezi zituen William eta james anaia zaharrena. 1833an aita Glasgowra joan zen matematika irakastera eta 10 urte zituela Glasgowko Unibertsitatean sartu zen. Ikasle bikaina izan zen eta hainbat sari jaso zituen, lehenengoa 12 urterekin Samosatako Lucianusen Jainkoen elkarrizketak liburua latinetik ingelesera itzultzeagatik.
Hizkuntzak garrantzi handia zuela esanez, 1839 eta 1840 artean Europako hainbat herrialdetan ibili ziren anai arrebak, hala nola, Londresen, Parisen, Alemanian eta Herbeheretan.
Matematika izugarri gustatzen zitzaion eta 1840an bigarren sari garrantzitsu bat irabazi zuen Essay on the figure of the Earth (Lurraren itxuraren inguruko saiakera) lanagatik, non matematikoki aztertzen zuen Lurraren itxura. 1841ean On the uniform motion of heat in homogeneous solid bodies, and its connection with the mathematical theory of electricity (gorputz homogeneo solidoetan beroak duen eragin uniformea, eta elektrizitatearen teoria matematikoarekin duen erlazioa) lana argitaratu zuen. 17 urte baino ez zituen oraindik.
Williamen gaitasunak ikusirik aitak Cambridgeko Unibertsitatean sartu zuen 1841eko ikasturtean. Zientziarako zuen gaitasunaz gain oso kirolzalea ere bazen eta arraun estropadak irabazi zituen, besteak beste. 1846an Glasgowko Unibertsitateko filosofia naturaleko katedradun izendatu zuten eta 22 urterekin bere irakasle izan zirenen gainetik jarri zen. 1847tik aurrera Termodinamika eta Elektrizitatea aztertzeari ekin zion.
1860an izotzetan labandu eta hartutako kolpearen erruz herren gelditu zen. Glasgowko irakasle izaten jarraitu zuen 1899an erretiratu zen arte.
Aurkikuntza zientifikoak
aldatuIkerketa ugari burutu zituen, hainbat arlo zientifiko hartuaz gainera. Batez ere ezagun bihurtu zen Zero absolutua 273'15 °C-tan finkatu zuelako. hau erreferentzia gisa hartuz bere izena daraman eskala sortu zen. gaur egun ikerketa zientifikoek hobesten duten tenperatura eskala da Kelvin eskala. Gas idealen legeak aplikatzeko ezinbestekoa da esate baterako.
Itsaso zalea ere bazen eta 1860tik aurrera itsasaldien jokabide ereduak aztertzen aritu ondoren itsasaldien neurriak aurresateko makina asmatu zuen 1876 eta 1879 artean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: William Thomson |