Puxtarri
Puxtarriak haur jolas anitzetan erabiltzen diren bolatxoak dira. Garai batean, buztinezkoak eta harrizkoak izaten baziren ere, egun beirazkoak izaten dira.
Kolore eta tamaina askotakoak izaten dira, ohikoenek 13 mm-tako diametroa izaten dute. Bildumazaleek ere oso atsegin dituzte kolore aniztasunagatik eta haurtzaroko oroitzapena ekartzen dizkietelako.
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskaraz puxtarri izena badu ere "kanika" erabiltzen da toki askotan, gaztelaniazko mailegua hain zuzen ere. Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek eragin zuten puxtarri izenaren zabalkundea, telebistan egiten zituzten haurrentzako lehiaketatxoetan puxtarriak banatzen baitzituzten puntuen ordez. Herri hizkeran txertaturik daude "Bost puxtarri!" edo "Hamar puxtarri!" gisako esaerak lan bat ongi egin dela adierazteko.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinako Egiptoko haur baten hilobian puxtarriak aurkitu dira, K.a. 3000 urte ingurukoak. Pakistan erdialdean dagoen Mohenjo-daro aztarnategian XX. mendearen hasieran egindako indusketatan arkeologoek puxtarriak aurkitu zituzten, K.a. 2500 urtearen inguruan datatu zituztenak[1].
Erromatarren garaiko idatzietan ere ugariak dira puxtarriei egindako erreferentziak. Ovidioren "Nux" olerkian haurrak intxaurrekin joalean ari direla agertzen da. Mesopotamiako kaldearrak eta egiptoarrak ere aritzen ziren puxtarriekin jolasean, normalean buztinezkoak harrizkoak edo beirazkoak direla aipatzen da.
Puxtarriekin jolasteko ohitura Erdi Aroan Europa guztian zehar zabaldu zen. 1503. urtean Nurenbergeko agintariek hiritik kanpora zegoen zelai batera mugatu zuten puxtarriekin jolasteko eremua. Amerikara ere eraman zuten europarrek puxtarriekin jolasteko ohitura, hala iparraldera nola hegoaldera. Dena dela Kolonaurreko Amerika garaiko indusketa lekuetan ere aurkitu izan dira puxtarriak.
Gaur egun ezagutzen ditugun puxtarriak agertu zireneko data zehatza ez da ezagutzen. Jakina da 1846an beiragile alemaniar batek puxtarriak egiteko erabiltzen diren guraizeak asmatu zitula. 1870. hamarkadan keramikazko puxtarri merkeen ekoizpen industriala hasi zen.
Jolas motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat jolas egiten dira puxtarriekin.
- Ringer: Bi jokalarik hartzen dute parte. Hiru metro inguruko zirkulo bat mugatzen da eta bertan 13 puxtarri kokatzen dira gurutze itxura emanez. Jokalariek puxtarri handiago batekin puxtarriak zirkulotik kanporatzea da helburua. Europan eta Estatu Batuetan jokatzen da.
- Euskal Herrian ohikoagoa da puxtarria potxo izeneko zuloan sartzean datzan jolasa. Horretarako baina, hainbat urrats bete behar dira aurretik. Aurkariaren puxtarriak kolpatuz txibi, oina eta tute jokaldiak egiten dira.
Munduko Puxtarri Txapelketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1588an izan zuen aurreneko ekitaldia eta urtero jokatzen da Ostiral Santuan Tinsley Green herrian, Mendebaldeko Sussex konderrian (Erresuma Batua)[2]. Ringer jolasa jokatzen da[3].
Nazioarteko jokalari taldeek jokatzen dute; europarrek, iparramerikarrek, australiarrek, japoniarrek... XXI. mendean alemaniarrak izan dira nagusi[4].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Mohenjo-Daro and the Indus civilization : being an official account of archaeological excavations at Mohenjo-Daro carried out by the Government of India between the years 1922 and 1927. Asian Educational Services 2004 ISBN 81-206-1179-9. PMC 70719978. (Noiz kontsultatua: 2022-05-22).
- ↑ «At Tinsley Green - TIME» web.archive.org 2008-12-14 (Noiz kontsultatua: 2022-05-22).
- ↑ «1-06-07-02 Tinsley Green - Rules» magwv.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-22).
- ↑ (Ingelesez) «Going under in the marble halls of Tinsley Green» the Guardian 2003-04-26 (Noiz kontsultatua: 2022-05-22).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Deacove, Jim, Juegos cooperativos de canicas, Catarata, 2006. ISBN 84-8319-245-4.