Ana Britainia Handikoa
Ana Britainia Handikoa[1] (Londres, Ingalaterra, 1665eko otsailaren 6a – ib., 1714ko abuztuaren 1a) Jakue II.a Ingalaterrakoaren alaba, Ingalaterra, Eskozia eta Irlandako erregina izan zen, eta Estuardo leinuko azkena.
Karlos I.a Ingalaterrakoaren biloba zen. 1683ko uztailaren 28an Danimarkako Jurgi printzearekin ezkondu zen, protestantea berau. Hemeretzi seme-alaba izan zituen, baina bat bera ez zen helduarora iritsi. Horrek erreinuari ondorengotza arazoak ekarri zizkion.
Gilen III.a Ingalaterrakoa hil zenean, Erresuma jarauntsi zuen. Erreinuaren ondorengotzan izandako arazoen ondorioz, eta Eskoziarekiko tirabira guztien amaieratzat, 1707ko Batasunaren Legea ezarrita, Eskoziako eta Ingalaterrako Parlamentuak batu eta Britainia Handia gobernatu zuen lehen monarka izan zen.
Haren erreginaldian, Parlamentuan bi alderditako sistema nagusitu zen. Erregina tory alderdiaren aldekotzat har daiteke eta, hortaz, whig alderdia aurka izan zuen. Hala ere, adiskide mina eta aholkulari gertukoena Sarah Jennings izan zuen, whigren aldeko erabakiak hartu zituen arren. Jenningsen senar John Churchillek, Marlborougheko I. Dukeak, gidatu zituen Espainiako Erregetzarako Gerran britaniar gudarosteak: garaipena lortu zuen Blenheimen (1704), Ramilliesen (1706), Oudernaden (1708) eta Malplaqueten (1709).
1708an, Jenningsekiko adiskidetasuna hoztuta, Abigail Hill izan zuen lagun min eta aholkulari.
Espainiako Erregetzarako Gerraren amaiera gisa, Utrechteko Ituna izenpetu zuen.
Seme-alabarik gabe hil zenez, Jurgi I.a Britainia Handikoa bigarren lehengusuak ordezkatu zuen: Hannover leinuko lehen erregea izan zen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aurrekoa Gilen III.a Ingalaterrakoa eta II.a Eskoziakoa |
Ingalaterra, Eskozia eta Irlandako erregea 1702ko martxoaren 8a–1714ko abuztuaren 1a |
Ondorengoa Jurgi I.a Britainia Handikoa |