Nafarroako Alderdi Popularra
Nafarroako Alderdi Popularra Partido Popular de Navarra (PP) | |
---|---|
Idazkari nagusia | José Suárez |
Sorrera | 1989-1991 2008tik |
Egoitza nagusia | Karlos III.a kalea, 13-15 (Iruñea) |
Ideologia politikoa | Zentro-eskuinekoa, kontserbadorea, foralista, espainiar nazionalista, kristau-demokrata eta neoliberala |
Nazioarteko kidetza | Europako Alderdi Popularra Nazioarteko Demokraten Batasuna Kristau Demokraten Internazionala |
Eserlekuak erakundeetan | Nafarroako Parlamentuan 2 / 50 Nafarroako udaletan 298 / 1.996 |
www.ppnavarra.com |
Nafarroako Alderdi Popularra (gaztelaniaz Partido Popular de Navarra) 2008ko urriaren 28an Nafar Herriaren Batasunaren (UPN) eta Alderdi Popularraren (PP) arteko akordioa apurtutzat jo ostean, Espainiako Alderdi Popularrak Nafarroan birsortutako alderdia da,[1] PPren ordezkaritza Foru Erkidegoan.
2008ko azaroaren 3an, ordura arte UPNn egondako senatari Jose Cruz Perez Lapazaran, diputatu Santiago Cervera, eurolegebiltzarkide Javier Pomes eta bederatzi zinegotzi PPra pasa ziren.[2]
Alderdia 1989an sortu zen, Aliantza Popularra alderdiaren ordezko gisa. Alderdiko lehen presidentea Jaime Ignacio del Burgo zela, Alderdi Demokrata Popularra eta Alderdi Liberala batu zen Nafarroan. 1991n, alderdi horiekin akordioa hautsi eta UPNrekin akordioa sinatu zuen PPk. Ordura arte Espainiako Alderdi Popularrak Nafarroan egitura propioa izan zuen.
Ordutik aurrera eta 2008ko urrira arte, aldiz, PPk ez zuen berezko egiturarik Nafarroa Garaian, leku hori UPNk betetzen baitzuen. PPren afiliatu eta kargu guztiak UPNra pasa ziren. Halaber, UPNren ordezkariak Madrilgo Kongresu eta Senatuan zein Europar Batasuneko instituzioetan, PPren barnean zeuden. Espainiako Alderdi Popularreko Zuzendaritza Nazionalean, UPNren ordezkari bat zegoen 2008ra arte, baina behatzaile gisa, hots, botorik emateko ahalmenik gabe.
2008ko urriaren 10ean, berriz, UPNk erabaki zuen abstenitzea PSOEren estatuko aurrekontuetan, PPren ohartarazpenei muzin egin ondoren.[3] Ondorioz, Mariano Rajoyk UPNko kritikoetan bilatu zuen Nafarroako Alderdi Popularra birsortzeko.[4] Bilaketa horretan, Santiago Cervera nabarmendu zen buruzagi lanetan hasteko; aldiz, 2012ko abenduan Guardia Zibilak atxilotu egin zuen Jose Antonio Asiain Nafarroako Kutxako presidenteak jasotako mehatxuen kasuaren inguruan; ondorioz, utzi egin zuen Alderdi Popularra, baita tranpa jarri ziotela ere adierazi.[5]
2022ko Espainiako PPren krisian, Pablo Casado alderdiko presidente baztertuak Hego Euskal Herrian eta, zehazki, Nafarroan izan zituen bere azken aliatu zintzoenetako batzuk azkeneraino, Ana Beltran nabarmenduz horretan.[6] 2022ko abenduaren 4an, Alderdiak kongresua egin zuen Iruñean, Alberto Nuñez Feijoo alderdiko Espainiako buruaren partaidetzaz. Javier Garcia parlamentaria hautatu zuten presidente, Ana Beltranen ordez.[7] UPNko Jose Javier Esparzak eta alderdi horretatik kanporatutako Carlos Garcia Adanerok bat egin zuten kongresuan, EH Bildu eta Pedro Sanchez Espainiako presidentearen kontrako aldarrien artean.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ PPk alderdia sortuko du Nafarroan[Betiko hautsitako esteka] Berria, 2008ko urriaren 28a
- ↑ Senatari bat eta bederatzi zinegotzi, UPNtik PPra[Betiko hautsitako esteka] Berria, 2008ko apirilaren 1a
- ↑ «La abstención de UPN en los Presupuestos pone fin a 17 años de pactos con el PP | elmundo.es» www.elmundo.es (Noiz kontsultatua: 2022-02-24).
- ↑ (Gaztelaniaz) Cué, Carlos E.. (2008-10-28). «Rajoy rebusca entre los críticos de UPN para refundar el PP navarro» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-02-24).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Santiago Cervera, el último ‘traidor’ de UPN que hizo carrera en el PP» El Plural 2022-02-08 (Noiz kontsultatua: 2022-02-24).
- ↑ Urain, Jon O.. «Casadoren euskal lagunak eta lagun ohiak» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-02-24).
- ↑ «Javier Garcia Nafarroako PPko presidente izendatu dute, bozen % 97rekin» EITB 2022-12-04 (Noiz kontsultatua: 2022-12-05).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Nafarroako PPren webgunea