Bohemia


Čechy

Ez da estatua
Bohemiako bandera
Bandera
Bohemiako armarria
Armarria

Bohemia Txekiar Errepublikaren barruan.
Bohemia
Bohemia iparraldeko herri-arkitektura Zubrnicen.
Hiriburua Praga
Hiri nagusiak České Budějovice, Hradec Králové, Liberec, Pilsen, Teplice, Ústí nad Labem
Administrazioa Txekiar Errepublika
Eremua 52768 km²
Biztanleria 6.250.000 (2010)
Administrazioa Txekiar Errepublika
Dirua Txekiar koroa
Herritarra bohemiar
Hizkuntza(k) Txekiera
Ofiziala(k) Txekiera


Bohemia[1] (txekieraz: Čechy; alemanez: Böhmen) Txekiar Errepublika osatzen duten hiru eskualde historikoetako bat da, Moravia eta Silesiarekin batera. Bertako erlijio nagusia katolizismoa da eta hizkuntza nagusia, txekiera. Praga du hiriburu, eta gainerako hiri nagusiak České Budějovice, Hradec Králové, Liberec, Pilsen, Teplice eta Ústí nad Labem dira.

Geografia

aldatu

Mendiz inguraturiko erronbo-antzeko ordoki batek osatzen du Bohemia: Sudete mendiak, ipar-ekialdean eta ekialdean; Krušne hory mendiak [Kruxne hory] edo Metal Mendiak (alemanez: Erzgebirge), ipar-mendebaldean; Česky les [Txesky les] eta Bohemiako Oihana (txekieraz: Šumava [Xumava] deitua, Xumava mendiak), hego-mendebaldean, eta mendixka txeko-moraviarrak, hego-ekialdean. Hiru alde nagusi bereiz daitezke barnealde lauan: Česke Budejoviceko padura-lurrak, Vltava ibaiak ureztatuak; Pilsen aldea, Berunka ibaiak zeharkaturiko industrialde handia, eta Polabí izeneko eskualdea, ipar-ekialdean, Bohemiako eremu oparoena.

Historia

aldatu

Antzinako Bohemia

aldatu

Boio zeltak bizi izan ziren Bohemian K. a. V. mendetik aurrera, eta markoman germaniarrak (I. mendea) eta txekiar eslaviarrak ondoren.

VIII. mendearen bukaeran, Karlomagnoren mendeko bihurtu ziren txekiarrak. Zirilok eta Metodiok kristautu zuten 863tik aurrera, eta Moravia Handia erresumako eskualde bihurtu zen IX. mendearen bukaeran.

Premysl etxea

aldatu
 
Bohemiako Erresumaren armarria.

Premysldarren garaian, egungo Txekoslovakia osatzen duten Bohemia, Moravia eta Eslovakia koroa bakar baten mendean egon ziren. Boleslav Ankerrak (929-967) bere anaia San Wentzeslao Bohemiako dukea (923-929) hil ondoren, Bohemia germaniar erregeen agintepean geratu zen. Vratislav II.aren garaian (1061-1092), Bohemiako Dukerria erreinu bihurtu zen, heredentziazko monarkia 1198tik aurrera. Otakar II.a Premyslgoaren erreinaldian (1253-1278), konkista handiak egin zituzten bohemiarrek (Silesia, Eslovakia, Lusazia, Austria, Estiria, Karintia eta Karniola); gero, ordea, Rudolph I.a Habsburgokoaren mehatxuagatik, berriro utzi egin behar izan zituzten. Premysldarren dinastia 1306. urtean iraungi zen, Wentzeslao III.a hil ondoren.

Luxenburgo etxea

aldatu

Luxenburgoko etxeak izan zuen Bohemiako agintea 1310. urtetik aurrera. Bohemiako errege eta Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadore Karlos IV.aren garaian (1346-1378) iritsi zen Bohemia gailurrera, eta Erdialdeko Europako herri nagusia izan zen urte haietan. Wentzeslao IV.a bere semearen erreinaldian (1378-1419), ordea, Jan Husek gidaturiko erreformak ondoko erreinaldian (Sigismundo Luxenburgokoa, 1436-437) gerra zibila ekarri zuen erlijio-, nazio- eta gizarte-krisia piztu zuen.

Habsburgo etxea

aldatu

Garai ilunak igaro ondoren, habsburgotarrek Bohemiako koroa eskuratu zuten (FernandoI.a, 1526-1564): haiek iraun zuten agintean 1918. urtera arte. Germaniartze-politikak eta Rodolfo II.ak (1576-1611) 1609an ezagutu zuen erlijio-askatasuna ez onartzeak protestante abertzaleen matxinada ekarri zuten 1618an (Pragako defenestrazioa, 1618ko maiatzak 23). Hogeita Hamar Urteko Gerraren hasiera izan zen. Matxinatuek Fernando II.a erregetzatik egotzi eta Frederiko V.a Palatinatuko hautesle protestantea ezarri zuten errege. Bohemiako autonomiaren bukaera etorri zen habsburgotarrak Frederiko V.aren armada Bila Horako guduan (Mendi Zuria, euskaraz) birrindu ondoren. 1627. urteko Konstituzioaren arabera, Bohemiako koroa Habsburgo etxearen eskuetan geratu zen; enperadoreak bere gain hartzen zituen ordu arte Dieta edo parlamentuak izan zituen ahalmen guztiak. Protestantismoaren zapalkuntzak eta germaniartze-politikak biziagotu egin zuten bohemiarren abertzaletasuna.

Josef II.aren erreinaldian (1780-1790), Habsburgoko estatuetako zentralizazioa areagotu egin zen, erlijio-eskubideak onartu baziren ere.

XIX eta XX. mendeak

aldatu
 
Bohemia Txekoslovakiaren barnean, 1928-1938 bitartean.

Txekiarren kultura eta abertzaletasuna 1815etik aurrera indartu zen nagusiki (J. Dobrovsky, J. Jungmann, P. J. Safarik, F. Palacky). Pragako matxinada (1848ko ekaina) gogor zapaldu zuten (Windischgrätz printzea).

Frantzisko Josef enperadorearen garaian (1848-1916), berrikuntza handiak izan zituen txekiarren abertzaletasunak: Txekiar Gazteen eslavismo berria (burujabetzaren aldekoa) sortu zen Txekiar Zaharrek bultzatu nahi zuten Austriaren aldeko eslavismoaren ondoan (Bohemiako autonomia Hasburgoko inperioaren barnean). 1870. urtean sortu zen alderdi sozialdemokrata berehala indartu zen langileen artean. Hizkuntzaren aldeko talde eta higikundeak ere izugarri zabaldu ziren.

Lehen Mundu Gerran txekiarrek beren armada osatu zuten austro-hungariar inperioaren aurka, eta, 1918an, Txekoslovakia estatu berriko partaide bihurtu zen Bohemia, Moravia txekiarrarekin eta Eslovakiarekin batera. 1939 eta 1945 urteen bitartean, Bohemiak, Sudeteak gabe, eta Moraviak, nazien mendeko eskualdea osatu zuten. 1968ko urriko Konstituzioaren ondoren, Bohemia eta Moravia txekiar lurraldeek Txekoslovakiako bi estatu federatuetako bat osatu zuten.

Banaketa administratiboa

aldatu

Bohemia bost kraj edo administrazio-eskualdetan banatuta dago: erdialdea, hegoaldea, mendebaldea, iparraldea eta ekialdea.

Ekonomia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Txekoslovakia»

Ondasun nabariak

aldatu

Eliza-arkitektura

aldatu
 
Pragako San Nikolas eliza, Kilian Ignaz Dientzenhofer arkitektoak 1732an diseinatua.

Hogeita Hamar Urteko gerraren ondoren, katolizismoaren berrikuntza handia gertatu zen Europan, eta horren adierazpenetako bat elizetako azken barrokoko arkitektura izan zen. Christoph Dientzenhofer (1655-1722) Bohemian 1700. urte inguruan egin ziren eliza zoragarrien egilea da: Oborisce komentuko eliza (1699-1712), Smirice gazteluko kapera (1700-1713), Brevnoveko komentuko eliza (1709-1715). Oborisceko elizan Borrominiren eta Guariniren eragina duten osagaiak ikusten hasten dira, eta lan horren ondoren, etengabe bilakatu ziren osagai horiek Brevnoveko komentua egin zuen arte. Dena dela, Dientzenhoferren beraren osagai bereziak ere ugariak dira.

Christophen anaia Johannek (1673-1726) Banzeko eliza beneditarrean iritsi zuen heldutasun artistikoa. Eliza horretako oina egiteko, Oborisce eta Chebeko elizak hartu zituen oinarri. Banzeko elizaren ondoren Pommerfelden jauregiaren proiektuan eta eraikuntzan eta Wiirzburgoko egoitzan parte hartu zuen. Ondoren, bi proiektu egin zituen Holzkircheneko abadiarako, zeinetan espazioaren integrazioa eta lotura nabarienak diren.

Kilian Ignaz Dientzenhoferrek (1689-1751) bere senideek hasitako arkitektura tradizioarekin segitu zuen. Denboraldi batez bere aita Christophekin aritu zen lanean.

Bohemiako arkitekto barroko nagusitzat hartu ohi da. Eliza ugari egin zituen, besteak beste, Santo Tomas (1723), San Joan haitzaren gainean (1729-1739), Pragako San Nikolas (1732), Wahlstatteko monasterioko eliza (Silesia, 1723-1731) eta Maria Magdalena (1733-1736).

Erreferentziak

aldatu

Ikus gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu