Zentriolo
Zentrioloak zilindro itxurako egitura mikrotubularrak dira, animalia zelula guztietan eta soilik landare zelula batzuetan agertzen direnak. Zatiketa zelularrean eta zilio eta flageloen eraketan hartzen dute parte.
Interfasean, hau da, zelula zatitzen ari ez denean, zentrioloak bikoteka azaltzen dira (diplosoma), bata bestearekiko perpendikularki kokatuta eta hauek inguratuz matrize perizentriolarra izeneko gai amorfo bat agertzen da. Hau guztia, bi zentriolo eta matrizeak osatzen duten taldea, zentrosoma bezala ezagutzen da.
Mikrotubuluen zentru antolatzaile garrantzitsuena da eta normalean nukleoaren inguruan eta Golgi aparatutik gertu kokatzen da. Zentrioloetan bi ade bereizten dira: alde proximala (nukleotik gertuen dagoena) eta alde distala (nukleotik urrunen dagoena).
Egitura
aldatuZentriolo bakoitzak 0.25μm-tako diametroa du eta luzera aldakorra izan dezake (0.5-0.75μm).
Zeharreko ebaketetan nabari denez, zentrioloen horma gune zentral baten inguruan antolaturiko 9 mikrotubulu hirukotek osatzen dute. Zentrioloaren alde proximalean, hirukote hauek erdirantz okertuta daude ia erradialki kokatuz. Alde distalean ordea, ez da inklinaziorik nabari. Beraz, mikrotubulu hirukoteak biraturik daude luzerako ardatzean, alde proximaletik distaleraino.
Hirukote honetan parte hartzen duten mikrotubuluek berezko izena dute. A mikrotubuluak barne aldekoenak dira eta hauen hormak osorik daude. B mikrotubuluak erdikoak eta C mikrotubuluak kanpo aldekoenak dira eta hauen hormak ez daude osorik. Mikrotubulu hirukote bakoitza aurre eta atzekaldeko hirukoteei lotuta dago nexina izeneko proteinazko firu batez. Nexinak A eta C mikrotubuluak lotzen ditu.
Mikrotubulu hirukoteak kanpoaldetik inguratuz gai amorfo dentso bat dago: matrize perizentriolarra. Matrize honek mikrotubuluen zentru antolatzaile gisa jokatzen du.
Zentrioloaren luzera osoan desberdintasunak nabari dira. C mikrotubuluak besteak baino laburragoak dira eta ez dira alde distalaren muturrean aurkitzen. Hemen, mikrotubulu bikoteak agertzen dira, plaka basalaren egitura bera agertuz. Desberdintasun honek eta beste batzuk, polaritate morfologiko eta funtzionala ematen diote zentrioloari.
- Zilioak zentrioloen alde distalaren hazkuntzaz eratzen dira, beraz zilioen oinaldean beti zentrioloa dago.
- Zentrioloen eraketan, zentriolo berriak alde proximaletik hasten dira garatzen, perpendikularki urruntzen joanez.
Zentrioloen sintesia
aldatuZentrioloak bi modutan sor daitezke:
- Batzuetan Golgi aparatutik gertu dagoen eta matrize perizentriolarraren baliokidea den masa amorfo batetatik garatzen dira. Horrela gertatzen da esaterako, bronkioen epitelio zeluletan eta endometrio zeluletan.
- Hala ere normalean, aldez aurretiko zentriolo batetatik garatzen dira. Honi zentrioloen bikoizpena esaten zaio. Interfasean, zatitzera doazen zeluletan zentrioloak bikoiztu egiten dira. Matrize perizentriolarrak zentru antolatzaile gisa jokatzen du eta zentriolo amarekiko perpendikularki eratzen den prozentriolo bat sortzen da. Honek, zentriolo helduaren zabalera berdina baina luzera laburragoa izango du. Prozentrioloa hazten joango da zentriolo heldua izatera iritsi arte. Zentrosomako zentriolo bakoitzak zentriolo berri bat garatzen du. Honela, bikoiztutako bikote bakoitzak zentriolo berri bat eta beste zahar bat izango ditu.
Funtzioak
aldatuFuntsean mikrotubuluen eraketa zuzentzen duten egiturak dira.
- Interfasean beharrezkoak diren mikrotubuluen eraketa zuzentzen dute.
- Mitosirako bikoiztu egiten dira eta ardatz mitotikoaren eraketa zuzentzen dute.
- Zilio eta flageloen axonemaren eraketa zuzentzen dute, Horretarako, beraien alde distalek tubulinaren polimerizazio zuzendu eta molde gisa jokatzen dute mikrotubuluen antolamendurako.
Kanpo estekak
aldatu