Edukira joan

Auguste Rodin

Wikipedia, Entziklopedia askea
Auguste Rodin

(1891)
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakRené François Auguste Rodin
JaiotzaParis1840ko azaroaren 12a
Herrialdea Frantzia
HeriotzaMeudon1917ko azaroaren 17a (77 urte)
Hobiratze lekuaVilla des Brillants (en) Itzuli
Meudon
Familia
AitaJean Baptiste Rodin
AmaMarie Cheffer
Ezkontidea(k)Rose Beuret Mignon (en) Itzuli  (1917ko urtarrilaren 29a -
Bikotekidea(k)
Hezkuntza
HeziketaÉcole nationale supérieure des arts décoratifs (en) Itzuli
Hizkuntzakfrantsesa
Irakaslea(k)Albert-Ernest Carrier-Belleuse
Horace Lecoq de Boisbaudran
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakeskultorea, marrazkilaria, argazkilaria, margolaria eta grabatzailea
Lantokia(k)Brusela
Meudon
Paris
Erroma
Dordrecht
Londres eta Buenos Aires
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
InfluentziakMichelangelo eta Jean-Baptiste Carpeaux
KidetzaAccademia delle Arti del Disegno (en) Itzuli
MugimenduaArte modernoa
sinbolismoa
Genero artistikoaerretratua
allegory (en) Itzuli
figure (en) Itzuli
biluzia
arte publikoa

Discogs: 2382966 Find a Grave: 7748981 Edit the value on Wikidata
Rodin (1893).
Pentsalaria (1880-82): hausnarketan murgildutako gizonaren betiereko irudikapena.

Auguste Rodin (izen osoa, François-Auguste-René Rodin, (Paris, 1840ko azaroaren 12a - Meudon, Frantziako Uhartea, 1917ko azaroaren 17a) frantziar eskultore ezaguna izan zen.

Les Bourgeois de Calais.
Rodin, 1898.
Rodin.

Rodin familia behartsu batean sortu zen. Hamahiru urterekin marrazketa eskolan hasi zen, eta hamazazpi zituela Arte Ederretako Eskolan sartzen saiatu zen, baina ez zituen sarrera azterketak gainditu. Hurrengo urtean hasi zen lanean, apaingarrizko eskulturak moldatzen eta marrazten. Bere arrebaren heriotzak (1862) eragin zion trauma ezin gainditurik, apaiztegian sartzekotan ere egon zen, baina 1864an Rose Beuret ezagutu zuen, bere bizitza guztian lagun egin zion emakumea, bera hil baino aste batzuk lehenago arte, 1917ko otsailean, ezkondu ez baziren ere.

1864an, Albert-Ernest Carrier-Belleus eskultorearekin lanean hasita ordurako, "Sudur hautsiko gizona" bidali zuen Parisko Erakusketa Ofizialera; epaimahaikoek, ordea, Rodinek lana bukatu gabe utzi zuelakoan, atzera bota zuten. Erabaki horrek eragin handia izan zuen Rodinen eskultura egiteko moduan; izan ere, obra "bukatu gabe"; asko egin baitzuen aurrerantzean, Michelangelok bezala, baina arrazoi estetiko hutsengatik. Bere beste bereizgarri bat gorputz atalen eskulturak egitea izan zen (eskuak, gorputz enborrak...), Antzinate klasikoko eskulturen eraginez seguru aski, edota giza irudi bat gorputz atal baten faltan berariaz irudikatzea, eta obra horiek obra osotzat eta bukatutzat hartzea, arte modernoan gerora ohiko gauza izango zen eran.

Lan horien artean aipagarriak dira, heste askoren artean, "Katedrala" ( 1908, Rodin museoa, Paris), "Jainkoaren eskua" (1897- 1898, Rodin museoa), "Dabilen gizona" (1877, Rodin museoa) eta "Gorputz enborra" (1889 baino lehen, Rodin museoa). 1871an Carrier-Belleuserekin Bruselara joan zen monumentu publikoetarako dekorazio lanak egitera, baina Carrier-Belleuserek lanetik bidali zuen, eta brontzezko apaingarriak egiten laguntzen hasi zen gero, Bruselan bertan.

Urte askoan apaindurazko eskulturak egiten jardun ondoren, Italiara joan zen Rodin 1875ean. Michelangelo eta Donatelloren lanen ikuskizunak izugarrizko zirrara egin zion, bere jenioa kitzikatu zuen eta ordu arte bere lanbidean aurkitu zuen akademizismotik aterarazi zuen. Maisu handi haien eraginpean egin zuen "Garaitara", bere lehenengo lan originala, noiz berpiztuko zain dagoen energia garaitu baten oinazezko adierazpen erdiragarria. 1877ko Parisko Erakusketa Ofizialean aurkeztu zuen obra hori bera, baina "Brontze Aroa" (Rodin museoa, Paris) izenarekin, eta sekulako eskandalua sortu zuen. Lanaren errealismoak hainbeste urruntzen zuen bere garaikideen heste lanetatik, ezen modelo gisa pertsona bizi bat erabili izana ere leporatu baitzioten.

L'Age d'airain ("Brontze Aroa").

1879an bere nagusi izandako Carrier-Belleusek, Sevres portzelana lantegiko zuzendari orduan, zenbait diseinu egiteko eskatu zion. Parisen eta Londresen zenbait lehiaketatan aurkeztutako lanak baztertuak izan ondoren, 1880an brontzezko ate handi bat egitea eskatu zioten Arte Dekoratiboetako Museorako. Erabili zituen gaiak Danteren Divina Comedia ospetsuan oinarritu ziren, eta ateari "Infernuko atea" jarri zion izena.

Rodinen lehen egitasmoa Lorenzo Ghiberti italiar eskultoreak Florentziako bataiategirako egin zuen Porta del Paradiso ("Paradisuko atea") lanean oinarritu zen, baina 1881ean Londresera egindako bidaia batean prerrafaelistek -William Blakek batez ere- Danteren obran inspiraturik egin zituzten marrazkiak eta margolanak ikusi ondoren, lehen asmo hura aldatu zuen. Hala, Rodinek maitasunaren, minaren eta heriotzaren oinazeak inarrositako irudi multzo handi bat egin zuen. Ate horretarako egindako eskulturetako bat da "Pentsalaria", Dante eseriaren erretratu gisa asmatua, Rodinen lanik ezagunik eta onenetako bat.

1884an Calaisko udalak monumentu bat eskatu zion, 1347an hiriari ezarritako setioa altxatzeko bere burua Eduardo III.a Ingalaterrakoari eskaini zioten burgesen heroitasunaren ohoretan. Rodinek "Calaisko burgesak" egin zuen 1884-1886 bitartean. 1913an estatua horren brontzezko kopia bat jarri zen Londresko Legebiltzarreko lorategietan, Ingalaterrako erreginak Eduardo erregeari heroiez errukitzera behartu izana oroitzeko.

Bere artista ospea handitu ahala, arazo handiak izan zituen bizitza pribatuan, anaitasunezko harreman ugari izan baitzuen.

1885 inguruan, adibidez, bere ikasleetako bat hartu zuen maitale, Camille Claudel, frantses olerkari eta antzerkigile Paul Claudelen arreba. Oso harrenean liskartsua eta zaila izan zuten, eta Camille erotasunak jo arte iraun zuen harremanak. Harreman sakona izan zen, eta maite sugarrak jota egon zen urte horietan bikote asko zizelatu zuen, "Musua" izenekoa, bestek beste, bere obra hoberena eta sentsualena, askoren ustez.

Marmolezko obra honek, Paolo eta Francescaren arteko amodioan inspiratua, argi erakusten du Rodinen ezaugarri berezienetako bat: ikuspuntu bakarra eta ikusle estatikoa arbuiatuz, artistak bere obra ahalik eta angelu gehienetatik ikusi ahal izatea nahi du, giza gorputzaren adierazkortasuna albait gehien indartzeko. Obra honen bertsio bat Rodin museoan dago, Parisen, eta beste bat Tate Gallery museoan, Londresen. Obra honek argi erakusten du Rodinen ezaugarri berezienetako bat: ikuspuntu bakarraren partez, hainbat ikuspuntu erabiltzea.

Gero, hamar urte eman zituen lau pertsona handiren eskultura bana egiten: Claude Lorrain paisaje margolariarena, Argentinako presidente Domingo Sarmientorena, eta Victor Hugo eta Honoré de Balzac frantses idazle ospetsuena. Monumentuetako bakoitza erronka handia izan zen eskultorearentzat. Nancy hirian (Frantzia) Lorrainen estatuarengatik eta Buenos Airesen Sarmiento presidentearenarengatik zalaparta eta istilu ugari sortu zen. Eta gehiago oraindik Victor Hugorenarengatik eta Balzacenarengatik.

1886an Hugoren monumentua egiteko eskatu zioten Frantziak bere handiei eskainitako Panteoian jartzeko. Egin zuen biluziak halako eskandalua sortu zuen, ezen bertan behera utzi behar izan zuen proiektua. 1891n Letretako Gizonen Elkarteak Balzacen erretratua egiteko eskatu zion eta Rodin buru-belarri sartu zen lanean. Zazpi urte eman zituen proiektua gauzatzeraino. Idazlearen aurpegiaren erretratu fidela egiteko asmoz hasi zen, zeuden erretratuetan oinarrituz, baina, azkenean, sortze lanaren goiargia eta etorria adierazten duen irudi kolosal bat egin zuen, "menhir bat, historiaurreko harrizko aldare bat zutik": irudi handi bat, beroki handi zabal batean bildua, non beraren buru sendoa besterik ez den ageri.

Obra hau aro modernoko erretratu iradokitzaileenetako bat da, soiltasuna eta sakontasun psikologikoa batera dituena. Lanaren atzerapena eta diseinua zirela eta, auzi gogorrak izan zituen Elkartearekin, eta Arte Ederretako Elkarte Nazionalaren aretoan modeloa erakutsi zutenean eztabaida handiak izan ziren; Georges Clemenceau, Frantziako lehen ministro izango zena, haren alde atera zen eztabaidetan.

1900. urteko Erakusketa Unibertsalean, Parisen, Rodinen 150 eskultura eta marrazki jarri ziren ikusgai pabilioi batean. Erakusketa bukatu zenean Meudoneko bere etxera eraman zituen obra guztiak. Etxe hori lantoki bihurtu zuen, eta jende asko hartu zuen lanean laguntzeko. Berak ereduak egiten zituen batez ere, egokiak iruditzen zitzaizkion formen bila ; eskultorea baino gehiago moldatzailea zen, buztina maneiatzen zuen, harria landu baino gehiago, eta eskuekin eta behatzekin zen trebea, zizelarekin baino gehiago. Brontzezko lanetan trebatu zen bereziki, eta marmolezko lanak laguntzaileen esku uzten zituen, beraren zuzendaritzapean betiere.

1900etik aurrera Rodinen ospea mundu osora zabaldu zelarik, bustoak egiteko eskari asko izan zuen, Alemania, Austria, Ingalaterra, Frantzia eta Estatu Batuetatik. Batez ere Ingalaterran egin zen ospetsu, eta maiz joaten zen hara, lagunak ikustera, bere lanen baten inaugurazio ekitaldira, eta abar.

1907an Oxford Unibertsitateko doktore honoris causa izendatu zuten. Hil zenean hotsandiko elizkizuna ospatu zen haren omenez Londresko Westminster abadian.

Rodinek eskulturez gainera, liburuetarako irudiak, grabatuak eta ezin konta ahala biluzien marrazkiak ere egin zituen. Izugarrizko eragina izan zuen eskulturan, eta bere ikasleek, herrialde askotakoak izanik, munduan zehar hedatu zuten bere estiloa.

Haren jarraitzaileen artean aipagarriak dira Charles Despiau, Aristide Maillol eta Emile Bourdelle frantses eskultoreak.

Eskulturan izugarrizko iraultza eragin zuen, eskulturari ordurarte ezezaguna zen forma askatasuna emanez. Erreprodukzio fidelak egiteko gai (Pentsalaria), orduko publikoarentzat ezezaguna zen sentsualitatea islatzen du bere obrak (Le Baiser).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Auguste Rodin Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]