Basamortuko klima
Basamortuko klima basamortuetan izaten den klima mota da. Udako tenperaturak oso handiak dira (40 °C-tik gorakoak) eta epelak dira neguan (25 °C inguru). Egunaren eta gauaren artean tenperatura-aldaketa izugarria da, 60-65 °C-raino irits baitaiteke. Oso euri gutxi egiten du eta oso noizean behin. Gainera, urtean 200 mm baino gutxiago egiten du.
Ezin da hitz egin eremu honetako ibaiez, ez baitago ibaien ibilgu finkorik. Gehienez ere wadiak daude, eta hauek gaur egun lehortuta dauden ur ibilgu zaharrak edo ura soilik noizean behin eramaten dutenak dira.
Itsasbazterreko basamortuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Basamortu beroen artean itsasbazterretako basamortuak oso kasu berezia dira, kontinenteetako mendebaleko kostaldeetan daude kokatuak horiek, eta hango lehortasuna ozeanoetako antizikloietako ekialdeko ertzetan izaten den beheratzeak sortua izaten da, besteak beste, bai eta ozeanoetako ur laster hotzek ere, uraren azala ukitzean egonkortasuna ematen baitiote aireari. Hori gertatzen da, adibidez, Txileko Atacama basamortuan, Humboldt ur lasterraren eraginez; Namibiako basamortuan Benguelako ur lasterraren eraginez, eta Kaliforniako eta Marokoko kostaldeko basamortuetan, Kaliforniako ur lasterraren eragina baitu lehenak eta Kanarietakoak besteak; basamortu horiek guztiak eremu tropikalaren baitan daude oro har, baina latitude oso desberdinetan, eta elkortasun maila ere oso desberdina dute. Ekialdean ez da basamorturik eratzen ozeanoetako alisioen eraginez.
Ozeanoa gertu egoteak airearen hezetasuna gehitzen du klima horietan, baina ez du euri askorik egiten, laino ugari izaten da ordea; tenperaturak gorabehera handiak izaten ditu, baina ez da izozterik eta tenperatura oso berorik izaten.
Ezaugarri horiek argi eta garbi sumatzen dira Txile eta Peruko kostaldean, 6° paralelotik 30° paralelorako bitartea oso lehorra izaten baita. Hala, Liman urte osoko hezetasun erlatiboa %86koa da, baina euri kopurua aldiz 36 milimetrokoa baizik ez da.
Basamortu hotzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Basamortu hotzak latitude ertainetan egoten dira, kontinenteen barrualdeetan, mendebaleko haizeen eraginetik urrun.
Hainbat gertaerek batera izaten duten eraginezsortuak dira: eguratsaren egonkortasuna presio subtropikal handien eragina duten eremuetan; mendikateek haize hezeen aurrean ematen duten babesa, eta, batez ere, kontinentalitate efektua, gero eta gehiago ahultzen baititu perturbazioak eta hezetasuna galarazten baitie. Asian eremu zabala hartzen dute basamortu hotzek, Iranetik Mantxuriaraino, eta Ameriketan meridianoen noranzkoan luzatzen dira, Mendi Harritsuen eta Andeen haizebean, Arro Handiko edo Patagoniako basamortuak esate baterako. Euri gutxi egiten du beti eta oso era irregularrean gainera, eta tenperaturak eremu kontinentalak ohi dituen berak dira; eguratsaren lehortasun iraunkorraren eraginez, neguak oso hotzak izaten dira, eta udak oso beroak, eta guztizko aldea izaten da tenperatura gorenetik beherenetara, baita laurogeita hamar gradu zentigradotatik gorakoa ere batzuetan.Eremu elkorren artean itsas ertzeko basamortuak dira inondik ere berezienak. Prozesu multzo batek sortzen du eremu horiek berezkoa duten elkortasun handia: besteak beste, presio subtropikal handien hurbiltasunak eta babes efektuak. Hala ere, lehorte handi hori ez da gehienbat gertaera horiek sortua, itsasoko ur laster hotzek baizik.
Basamortu horien artean bereziena Guayaquileko badiaren hegoaldean hasi eta, Peru eta Txileko kostaldean barrena, 2.800 kilometro luze dena da, horregatik frantses geografoek Peruko klima esaten diote. Batik bat Humboldt ur lasterraren eraginez da lur zerrenda hori hain elkorra.
Espainiar kolonizatzaileak ohartuta zeuden basamortu horren berezitasunaz. Euri gutxi egiteak ez du esan nahi basamortu horretan zerua oskarbi dagoenik eta eguzkialdi luzeak izaten direnik. Tropikoko itsas aireak bat egiten duenean Humboldt ur lasterreko urekin ihintz puntua iristen du eta lurralde hartan ohikoak diren Garúa, Coquimbo eta Camanchaca derizten behe lainoak sortzen dira; hezetasun erlatiboa handia denez, ihintz forman kondentsatzen dira laino horiek eta euritan baino ur gehiago lurreratzen da horrela.
Txileko eta Peruko basamortuaren hegoaldean euriak neguan izaten dira, eta basamortu horren iparraldean, berriz, udan; iparraldean hain zuzen euritarako baldintza egokiak izaten dira batzuetan, Niño-ren kontrako ur lasterra beroko urak nagusitzen direnean Humboldt ur lasterraren ordez.Patagonian, mendebaleko haize lasterra «zonda» izeneko haize katabatiko bihurtzen da Ande mendiak zeharkatu ondoren, eta Föehn efektuaren eragina izaten du.
Andeetako oztopo horren eraginez, alde handia egoten da euri kopuruan Txileko lurren eta Patagoniako estepen artean.Haize katabatikoa Haize leun baten modukoa da, beheralderantz egiten du isurialde jakin batean, oso lasterra da eta gutxi irauten du; grabitateak aire masa oso trinko baten maldan eragiten duen efektuak sortua da, zeharo hozten baita, antizikloiak sortutako barealdietan.Föehn efektua Mendi baten haizebean sortzen den efektua.
Haize laster heze batek mendi horren haizaldean gora egin eta hozte adiabatikoaren eraginez kondentsatzen denean gelditasunezko hodeiak eta euriak sortzen ditu: adiabatiko hezearen gradientearen arabera hozten da (0,5 gradu zentigradu ehun metroko).
Hezetasun guztia galdu duenean, airea haizebera jaisten da, eta adiabatiko lehorraren arabera berotzen da (gradu zentigradu bat ehun metroko, alegia), haize katabatiko bero eta lehorgarri baten gisara.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik hartu da. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.