Edukira joan

Difusio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Likido baten partikulen difusioa

Difusioa, kimikan eta biologian, molekula eta solutuen garraio sistema itzuliezina da, zeinean molekulak kontzentrazio handian dauden eremu batetik kontzentrazio txikiagoan dauden beste eremu batera mugitzen diren. Mugimendu hori etengabea da tenperatura 0 absolutua izan ezean.

Difusioa gasekin eta likidoekin gertatu ohi da. Gas-molekulekin gertatzen den moduan, disoluzio baten molekulek edo ioiek disolbatzailearen bolumenean modu uniformean banatzeko joera nabarmena dute.

Difusioari esker gas bat edo disoluzioan dagoen substantzia bat zabaldu egiten da libre dagoen bolumen osoa bete ahal izateko. Molekulen berezko mugimendua da difusioaren jatorria.

Bi adibidek difusioa eguneroko fenomeno askoren atzean dagoela erakutsiko digute:

  • azukre koskorra ur edalontzi batean lagatzen bada, uretan disolbatuko da berez
  • lurrin usaina flaskotik aterako da goiko tapoia irekitzen dugunean

Sistema biologikoetan berebiziko garrantzia du difusioak. Adibidez, oxigeno kontzentrazioa biriketan odolean baino handiagoa denez, oxigenoak odolera pasatzeko joera du. Era berean, karbono dioxido gehiago dagoenez odolean biriketan baino, gas horrek biriketara joko du.

Difusio prozesuak Ficken legeen bidez azaltzen dira. Ficken lehenengo legeak difusioaren fluxua kontzentrazio gradientearekiko zuzenki proportzionala dela dio. Hots,

J = -D.
J = difusio fluxua
D = difusioaren koefizientea
= kontzentrazioen gradientea

Ioien difusioa mintzetan zehar korapilatsuagoa da, kontzentrazio-gradienteaz gain gradiente elektrikoa ere kontuan hartu behar delako.

Mintzetan barrenako difusioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sistema biologikoetan bi eremuen arteko difusioa gehienetan mintz batean zehar gertatzen da. Mintzak iragazkorra izan behar du difusioa gerta dadin.

Difusioaren bidez mintza zeharkatzen duen molekula orok mintzaren bi aldeetan kontzentrazio berdinean egoteko joera du. Horrek azaltzen du goian aipatu den oxigenoa eta karbono dioxidoaren trukea odolean eta biriketan.

Zeluletako mintza erdiragazkorra da. Osmosi hitza erabiltzen da zelula mintzean zehar uraren difusioa azaltzeko. Sistema biologikoetan bi difusio mota daude: difusio sinplea eta erraztua. Lehenengoaren bidez mugitzen diren substantziak zelula mintza zeharkatzen dute zuzenean, mintzean dauden poroak aprobetxatuz. Difusio erraztuan, aldiz, substantzia horiek proteina garraiatzaile baten laguntza behar dute mintza zeharkatzeko.

Garrantzi biologikoa duten molekula gehienek difusio erraztuaren bidez sartzen dira zelula barnera. Difusio sinplearen bidez ura, oxigenoa, karbono dioxidoa, etanola eta neurri ertain edo txikiaren gantz-azidoak sar daitezke [1]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Ingraham, J.L., Ingraham, C: Introducción a la Microbiología, Ed. Reverté, 99-100 orr.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]