Eskeko ordenak
Eskeko ordena ordena erlijioso katoliko mota bat da. Eskeko ordenetako partaideek pobrezia-botoa egiten dute, hau da, uko egiten diote ondasun orori, norberarenak izan zein ordenarenak izan. Pobrezian bizi dira, soilik karitateak mantendurik. Eskeko ordenarik garrantzitsuenak, XIII. mendean onartuak izan ziren, klero sekularraren aldetik jasan zuten hasierako kontrako postura gainditu ondoren. Ordena horien artean, nabarmentzekoak dira fraide txikiak edo frantziskotarrak (aita santuaren onarpena jaso zuten 1209an); fraide predikatzaile edo domingotarrak (1216an), karmeldarrak (1245ean) eta agustindarrak (1256an). Bosgarren ordena bat ere egon zen, servitarrena, 1233an sortu eta 1424an eskeko ordena moduan onartua izan zena.
Eskeko ordenetako partaide guztiek, baita 1983ko Zuzenbide Kanonikoko Kode berriaren ondoren ere, erreserbatuak deritzen bekatuak barkatzeko pribilegioak dituzte.
Eskeko ordenen jatorria eta eragina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinako kristautasunaren balioak berreskuratzeko asmoz, eskeko ordenak sortu ziren XII. mendearen bigarren erdian. Monasterioetako bizitzan oinarrituriko kongregazioak eratu zituzten, baina ordena hauetako kideek ez zuten monasterioan sartu beharrik. Garai horretan herritar gehienak Europan kristauak ziren, baina ez zen ohiko sermoi bat entzutea. XII. mendean herriz herri predikatzen zihoazen pertsonak agertu ziren, eta Elizak erabaki zuen eurek ere sortzea horrelako taldeak[1].
Ordena bateko kide ziren: monasterioa haien bizitokia besterik ez zen. Ordena hauen zeregina zen talde-bizitzaren balioak zabaltzea eta balio horiek kontenplazio-bizitzatik eratorritako aszesiaren idealen bidez praktikara eramatea. Eguneroko bizitza alde batera utzi eta leku bakarti batera aldatu gabe, anaia haiek, Elizari laguntzeko, lan egiten zuten, aita santuari laguntzen zioten herria hezten.
San Frantzisko Asiskoak bideratu zuen erreforma hura, eta horrela sortu zuen frantziskotarren ordena. Honorio III.a aita santuak ezagutu zuen ordena hori 1223an. Ordenaren helburu nagusia herritarren debozioa sendotzea, penitentzia eta errukia praktikatzea eta Elizak agintzen zituen balio kristauen aldeko lan intelektuala egitea zen.
Hasieran, herritarren errukiari esker bizi ziren, limosnei esker. Haien monasterioek ez zuten jabego handirik, ez baitzuten bizitzeko ondasunak pilatzeko helburua. Ordena horrek pobretasuna aldarrikatzen zuen, goi-mailako balio moral gisa.
Era honetako ordenak laguntza handikoak izan ziren Elizaren interes tenporal eta espiritualak babesteko. Hala izan zen, adibidez, domingotarren ordena, sinesgabeak kristautasunera bihurtzeko eta Elizako hierarkiaren begirunea sustatzeko predikatzen aritzeko sortua. 1216an sortu zen, eta haren zeregin nagusia Erdi Aroko Mendebaleko heretikoei esestea izan zen. Aita santuak Inkisizioaren Ofizio Santuaren bidez fedea eta Elizaren dogma betearazteko zeregina agindu zion 1231n.
Monasterioetako bizitzan izandako aldaketa horiek herritarrek Elizan eta kristau-fedean parte har zezaten egin ziren. Ideal haien barnean ordena berriak eratu ziren, eta erregela berriek indartu egin zuten Elizaren aldeko lana. Baina, denbora joan ahala, fedea sentitzeko, bizitzeko eta pentsatzeko era berriei aurre egin behar izan zien Elizak.
Beste aldaketa batzuk gertatu ziren. Elizako hierarkiak sinesgarritasuna galdu zuen, oparotasunean bizi baitzen eta predikatzen zituzten bertuteak bertan behera utzi baitzituzten, eta garai modernoan fedeak jasan zuen Erreforma ekarriko zuten lehenengo aldaketak gertatu ziren.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Flanders, Judith. (2020). A place for everything: the curious history of alphabetical order. (First US edition. argitaraldia) Basic Books ISBN 978-1-5416-7507-0. (Noiz kontsultatua: 2024-06-13).