Euskal Herriko matxinadak (XVII - XIX. mendeak)
Itxura
Euskal Herriko historia |
---|
XVII - XIX. mendeetako Euskal Herriko matxinadak ekonomia, politika zein gizarte arrazoiek eragindako matxinadak izan ziren. Matxinada nagusiak 1718an eta 1766an gertatu ziren. Izena San Martini (olagizonen santu zaindaria) zor diote. Alde batetik herri xehea eta bestetik botere aristokratikoa edo erregeren ordezkariak borrokatzen ziren elkarren kontra.
Arrazoiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Matxinada haien arrazoiak hainbat izaten ziren:
- Ekonomikoak: gari edo arto urritasunak edo garestialdietan zergak ezartzeak baserritarren altxatzea ekar zezaketen, eta hauekin batera olagizonena. Honela izan zen 1739an Azpeitian, berant ogiaren salneurria izan zen arrazoia.
- Politikoak: Foruek emandako eskubideak (aitonensemetza unibertsala, soldaduska egin behar ez izatea...) kendu edo murriztu nahi izateak ere matxinadak sortu zituen, esaterako 1731ean Irunen (ejertzitora deitzea izan zen zioa) edo 1717an, urte honetan barruko aduanak kostaldera eraman nahi izan baitziren, honek Bizkaiko merkataritzarako zekarren kaltearekin.
- Sozialak: Erdi Aroko banderizoen gerrak amaituta, gizarteko tentsiorik handienak landako sektore (eta bertan baserritarrak eta jauntxoak) eta botere politikoa eskuratzen zihoan burgesia berriaren artekoak ziren. Testuinguru honetan matxinadak baserritarren hiribilduen boterearen kontrako altxamendu bezala ulertu daitezke.
Matxinadak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Gatzaren matxinada 1631 eta 1634 artean Bizkaian izandako matxinada izan zen, Bizkaiko jaurerriak biltegiratuta zuen gatzaren jabetza eta salneurria sorturikoa.
- Matalas apaizaren matxinada, 1661ean Zuberoan eginiko matxinada izan zen, Luis XIV.a Frantziakoak Zuberoako Foru eta eskubideak indargabetzeko neurrien kontra.
- 1718ko matxinada, Filipe V.a Espainiakoak barrualdeko aduanak lekualdatzea erabaki zuenean.
- 1766ko matxinada, zerealen salneurria eta merkatariek biltegian zuten zereala saldu nahi ezak sortutako matxinada izan zen.
- 1804ko zamakolada jauntxoen eta hiribilduetako (batez ere Bilboko) burgesiaren arteko talkaren adibideetako bat izan zen. 1801 eta 1804 bitartean zamakolada sortu zuten hainbat gertakari jazo ziren: Batzar Nagusiek soldaduska ezarri zuten, alde batetik, eta bestetik, Simón Bernardo de Zamakolak Olabeagan portu bat sortzea proposatu zuen, hau da, Bilbotik kanpo. Itsasontziak Areatzaraino iristen ziren garai horretan, horren eraikuntzak kalte larriak ekarriko zizkion Bilboko ekonomiari. Soldaduska berriro deuseztatzearen truke Koroari milioi bat erreal ordaintzeak Bilbotik gertuko elizateen altxamenduak ekarri zituen, batez ere Begoñakoa, ejertzitoak zapalduko zituena.
- Gamazada Nafarroako herri matxinada zen. Sagastaren gobernuaren Ogasun Ministroak, German Gamazo liberala, 1841ko lege Hitzartuak ezarritako zerga-araubide forala ezereztatzen saiatu zelako piztu zen.
- Sanrokada 1893ko abuztuaren 16an Gernikan izandako matxinada izan zen, eusko abertzaletasunaren lehendabiziko ekintza publiko bilakatu zena.
Zenbait historialariren ustetan, XIX. mendean egindako hiru karlistadak ere matxinadak izan ziren, besteen ustetan lehia dinastikoan nahasian zegoenez ezin da besteekin konparatu.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- García de Cortázar, F. eta Lorenzo, J.M. (1988) "Historia del País Vasco: de los orígenes a nuestros días", Donostia: Txertoa
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Auñamendi Entziklopedia: Matxinada