Ikatz-ziri
Ikatz-ziria[1] sahats edo basaerramuren adar ikaztu bat da, marrazteko erabiltzen dena.
Ikatz-ziriaz lerro eta azalera beltzak erraz egiten dira, eta baita ere erraz doitzen edo ezabatzen, marrazketa ikasteko tresna ezinobea bihurtuz. Zirriborroa egiteko erabili ohi den arren, obra bukatutzat ere aurkez daiteke, normalean sangina edo arkatza bezalako beste material batzuekin batera, eta bereziki estimatua da potretak egiteko[2].
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikatza labar-pinturen funtsezko osagaia izan zen, eta adibide batzuk duela 28.000 urtekoak dira[3]. Ikatzezko pinturarik zaharrenetako bat zebra baten irudia da, Namibiako Apollo leizean aurkitua[4].
Pizkundean ikatz-ziria erruz erabili zen, baina artelan gutxik iraun dute gaurdaino, denbora igaro ahala ikatz-partikulak euskarritik askatzen baitira. XV. mendearen amaieran, marrazkiak gomazko bainu batean murgiltzeko prozesu bat asmatu zen, ikatz-marrak ezaba ez zitezen.
Cennino Cennini margolariaren tratatu teknikoan, Il libro dell 'arte ("Artearen liburua"), XV. mende hasierakoa, sahats-ikatz txiki bat kanabera bati lotzea gomendatzen zuen, margotzean euskarritik aldendu ahal izateko -bere garaian ohola edo freskoa– eta, horrela, prestaketa-marrazkia egitean, ikatz-ziriarekin esku batean eta hegazti-luma batekin bestean, behar izanez gero trazua ezabatzeko[5][6].
Ikatz-ziriaren gorakada XIX. mende erdialdekoa da, garaiko argi-ilunen erabilerari lotua[7]. Arkatza, harri beltza edo sangina baino gehiago, ikatz-ziria aproposagoa da bolumenak eta degradatuak marrazteko. Post-inpresionistek erabilpen sakonagoa egin zuten, hala nola Degasek, Redonek eta batez ere Seuratek.
-
Vincent van Gogh, Auverseko paisaia, 1890. Ikatz-ziria arkatzarekin eta klarionarekin.
-
Émile Bernard, Bretoia zuhaitz ondoan.
-
Piet Mondrian, Zuhaitzak ilargipean Gein inguruan, 1907.
Fabrikazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun gehien erabiltzen den egurra sahatsa da[5], diametro ugari, samurtasun homogeneoa eta beltz dentsitate ona ahalbidetzen duelako. Beste zuhaitz batzuk ere erabil daitezke: basaerramua, urkia, pizea (Finlandian) eta ezkia, baina baita ere intxaurrondoa, pikondoa, aranondoa, mirtoa (Grezian) edo erromeroa (Italian) eta ezpela.
Garai batean, ikatza-ziria marrazkilariak berak egiten zuen. Cennino Cenniniren errezeta erraza da: makilak lotu, ontzi itxi batean ezarri eta okinaren labera eraman. Prozesu industrialak antzekoak dira: pirolisi bidez egur ikatza egiten da oxigeno ekarpenik gabe berotuz[5].
Ikatz konprimitua edo trinkotua ere badago: gogorragoa, ikatz-hautsa da, aglutinatzaile batekin nahasia. Zailagoa da ezabatzea. Makiletan edo arkatzetan saltzen da.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Moztu den adarraren zatiaren arabera, makilatxoak tamaina eta diametro desberdinetakoak izan daitezke: fina (2-3 mm), ertaina (4-6 mm), lodia (7-9 mm), oso lodia (12-14 mm) eta erraldoia (16-24 mm).
Ikatz-ziria gogorra edo samurra izan daiteke, erretze mailaren arabera. Arkatzarekin bezala, gogorrak arrasto gutxiago uzten du, baina papera markatu dezake, eta, alderantziz, samurrak gehiago belzten du.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Ikatz-ziri, Euskalterm, Hiztegi terminologikoa, 2003 (noiz kontsultatua: 2024-10-30)
- ↑ (Ingelesez) Harris, Peter J. F.. (1999). On Charcoal. Interdisciplinary Science Reviews, 301-306 or. (Noiz kontsultatua: 2016-01-23).
- ↑ (Ingelesez)"An archaeologist has discovered charcoal drawings that are 23,000 years old..."
- ↑ (Ingelesez) Kleiner, Fred S.. (2012-1-1). Art Before History. Gardner's Art Through the Ages; A Global History. Street Boston, MA 02210: Wadsworth: Cengage Learning ISBN 978-0495915430..
- ↑ a b c Ikatz-ziria. Aritz, Guggenheim museoa (Noiz kontsultatua: 2024-10-30).
- ↑ (Gaztelaniaz) Angoso, Diana. Las técnicas artísticas: Capítulo 1. «Anónimo veneciano.». Thyssen-Bornemisza museoa (Noiz kontsultatua: 2016-01-23).
- ↑ (Frantsesez) Pinchon, Pierre. (2011). La lumière dans les arts européens 1800-1900. Paris: Hazan ISBN 9782754105682...