Informatikari
Informatikaria zientzialari bat da, zeinak informatika alorrean, informazioaren tratamendu automatikoa aztertzen duen zientzia edo tekniken multzoan, jakintza duen.[1]
Euskarazko informatikari kontzeptua ingelesezko computer scientist baino zabalagoa da. Zehazki computer scientist informatikari teorikoa baino ez da, sistema informatikoen alde teorikoan lan egiten duena. Baina euskaraz informatikari moduan ere hartzen dira hardware ingeniariak (batez ere sistema informatikoen hardware-an zentratzen direnak) eta software ingeniariak ere.
Batzuetan esaten den arren, informatikari bikaina izateko ez da beharrezkoa edo nahikoa programazio-lengoaia asko erabiltzen jakitea.[2] Informatikari bikainak, baina, edozein problemaren aurrean galdera hauei erantzuten jakin behar du:
- Zer lortu behar da datuekin? Zelan errepresentatu datuok konputagailuan?
- Azpiproblematan zatitu daiteke?
- Modu ulergarrian, ziurrean eta eraginkorrean programatzeko gai gara?
- Antzeko aplikaziorik dago honezkero eginda? Erraz egokitu ditzakegu gurera?
Informatikariaren lana ikerketa-arlo zehatzetan koka daiteke, besteak beste, algoritmo eta datu-egituren garapen eta diseinuan, software ingeniaritzan, ikusmen artifizialean, datu-baseetan, zenbakizko analisian, informazioaren teorian, konplexutasun konputazionalen teoriatan, edota programazio-lengoaien teorian.[3]
Informatikariaren helburu nagusia honako hau da: konputagailua oinarri duten sistemen propietateak kalkulatzeko ereduak garatu eta baliozkotzea. adibidez: prozesadoreena, programena, konputagailu eta pertsonen arteko elkarrekintzena, hainbat konputagailuren arteko elkarrekintzena, etab.)Horretaz aparte, beste helburu globalagoak ere izango lituzkete, besteak beste, hobekuntzak (sistemak azkarragoak, hobeak, merkeagoak... egitea) onartzen dituzten diseinuak aurkitzea.
Hezkuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Informatikari gehienek informatikarekin erlazionatutako gradu, master eta doktoretza bat izan behar dituzte. Hala ere, badira beste aukera batzuk ere, hala nola, informatikarekin oso erlazionatutako ikasketak egitea (matematika edo fisika[4]) eta gero informatikako gaietan sakontzea. Bestalde, aipagarria da matematiketarako trebetasuna oso garrantzitsua dela informatikari batentzat.
Horretaz aparte, komunikaziorako gaitasunak ere garrantzi handia du, izan ere, informatikari ona izateko beste aditu batzuekin komunikatzen eta datuak alderatzen jakin behar da (oro har ondo landutako argitalpen eta aurkezpenen bidez). Gainera, informatikariek askotan talde lanean edo mundu errealeko proiektutan lan egiten dutenez, gai izan behar dute gainontzeko langileekin eta lankideekin (programatzaileekin, kudeatzaileekin, etab.) eraginkortasunez komunikatzeko.[5]
Lan mundua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Normalean software-programak sortzen dituzten enpresek eta ikerketa zientifiko eta garapenez arduratzen diren erakundeek kontratatu ohi dituzte informatikariak. Baita hezkuntza-erakundeak ere bai.
Informatikariek, alde teorikoa alde batera utzita, aspektu praktikoagoak ere landu ditzakete, besteak beste, software ingeniaritzan zentratuz. Horrez gain, teknologia informatikoaren aholkularitza esparruan aurki daitezke. Gainera, matematikari gisa ere ikus daitezke, izan ere, informatikaren eremuan matematikek garrantzi handia dute.[6]
Industriaren esparruan lan egiten duten informatikariak zuzendaritza edo proiektu-buru posizioetan ikus daitezke.
Informatikarien etorkizuneko enplegu-irtenbideak bikainak direla esan ohi da, batez ere azkenaldian ordenagailu-sistemek, zerbitzu-industriek eta software-industriek izan duten hazkunde azkarragatik. Azken hauek dira Estatu Batuetako ekonomian hazkunde azkarrena izan duten industriak.
Aplikazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alor hauetako batean lan egin dezake informatikariak:
|
|