Jacques Cartier
Jacques Cartier | |||
---|---|---|---|
1534ko uztailaren 24a - 1541eko urtarrilaren 15a ← baliorik ez - Jean-François de La Rocque de Roberval → | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Saint-Malo, 1491ko abenduaren 31 | ||
Herrialdea | Frantziako Erresuma | ||
Heriotza | Saint-Malo, 1557ko irailaren 1a (65 urte) | ||
Hobiratze lekua | Saint-Maloko Saint Vincent katedrala | ||
Heriotza modua | berezko heriotza: izurri bubonikoa Tifusa | ||
Familia | |||
Ezkontidea(k) | Mary Catherine des Granches (en) | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | frantsesa | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | itsasturia, esploratzailea, itsasturia, asmatzailea, marinela eta politikaria | ||
Gradua | amiral | ||
Jacques Cartier (1491ko abenduaren 31 – 1557ko irailaren 1a) esploratzaile frantziarra izan zen. Ternua eta Brasilen gaindi nabigatu zuen, Europa eta Asia artean bide erraz bat aurkitzeko asmoarekin. Kanadako kostaldeak esploratu zituen.
Frantzisko I.a Frantziakoaren aginduz, 1534an San Laurendi golkoan sartu, eta inguruko lurraldeak esploratu zituen. Kanada izena eman zien lurralde haiei (irokesezko kanata, herria). Relations des voyages izeneko liburua idatzi zuen eta bertan ur horiek, inguruak eta jendeak deskribatzen lehen europarra izan zela frogatzen da. Bigarren bidaia bat egin zuen 1535-1536 bitarte, eta hirugarren bat ere 1541-1542 bitarte.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Familia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jacques Cartier Bretainian sortu zen gaur egungo Saint-Malo hiria osatzen zuten hiru udalerri ohietako batean, hala nola Saint-Servanten, Saint-Malon edo Paramen. Ez dago ziurtatzerik hiru horietako zein herritan jaio zen, eta bakoitzak aldarrikatzen du bere lurretakoa zela Cartier. Halaber, haren jaioteguna ere zalantzaz beteta dago. Saint-Maloko parrokiako erregistroen kopia batean ageri da haren sortzeko akta. Horren arabera, 1493ko abenduaren 31n sortu zen[1]. Dena den, kontuan hartuta erregistro haietan hutsune asko zegoela, ez dago hipotesi hori erabat konfirmatzerik[2].
Historialarien arabera, Jamet Cartier eta Geseline Jansart ziren haren gurasoak[3][4][5][6]. Hala bada, hainbat anai-arreba izan zituen. Bi dira dokumentuetan ageri direnak, hala nola Jehanne arreba, Cartierren testamentuan ageri dena[7], eta Jehan anaia[8].
Jacques Cartier Catherine des Grangesekin ezkondu zen, 1520ko apirilean. Hiri hartako familia aberatsenetako bateko alaba zen; haren aita, Jacques Saint-Malo hiriko kondestablea zen. Ezkontza hari esker, Cartierren egoera soziala asko hobetu zen.
Cartierrek ez zuen seme-alabarik eduki.
Gaztaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere herriko asko bezala, Jacques Cartier arrantzale semea bide zen, eta gisa hartan, itsasmutil eta marinel gisa ikasi zuen itsasoan ibiltzen[9].
Jacques Cartierrek harreman estuak eraiki zituen Saint-Maloko burgesiarekin eta udal langileekin. Alde batetik 35 haurren aitabitxi izan zen[10]. Bestetik, epaiketa askotako lekuko edo epaimahaikide izan zen. Zuzenbidearen ezagutza zeukala erakusten zuen etxean zeukan Les loables Coustumes du pays & Duche de Bretaigne (“Bretainiako herri eta dukerriko ohitura laudagarriak”) liburuaren bidez, liburu hartan aipatzen baitira Bretainiako araudi juridikoak eta itsasoko ohiturak[11]. Horregatik eskatzen bide zioten Saint-Maloko auzietara joatea.
Bidaiaria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arrantzalea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat historialariren arabera, litekeena da gazte garaian beste arrantzaleekin joan izana Ternuako uretara. Eremu hartan arrantzale bretoiak eta euskaldunak ibiltzen ziren. Halaber, zenbaiten ustea da Brasilgo itsas bazterren esplorazio bidaietan ere ibili zela. Hain zuzen, batetik, Cartierrek Brasilgo eta Frantzia Berriko indianoen arteko konparaketak egin zituen bere bidaien kontakizunetan; bestetik, portugesez hitz egiten zekien eta itzultzaile lanak egin zituen[12].
Esploratzailea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nahiz eta ez dagoen artxiboko dokumenturik frogatzen duenik pilotu titulua atera zuela 1530a baino lehen, historialari gehienek diote horretarako konpetentzia zeukala, Frantziako erregeak, Ternuara bidaiatzeko kapitain eta pilotu titulua eman baldin bazion[13]. Gisa hartan, Giovanni da Verrazzano esploratzailearen bidaiei eman zien jarraipena[14].
Harremana Frantziako erregearekin
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iturri batzuen arabera, 1533an, Cartierrek berak proposatu zion bere burua Philippe Chabot Frantziako almiranteari (Briongo almirante deitua), Ternuarako bidaiak egiteko[15]. San Laurendi golkoan dagoen uharteari Brion izena eman zion Cartierrek. Izen hori ematearen arrazoia izan liteke bere bidaiaren sustatzaileak omendu nahi izatea.
Beste iturri batzuek diote Jean Le Veneur Saint-Maloko gotzainak Frantziako errege Frantzisko I.a erregeari aurkeztu ziola Jacques Cartier, erranez Brasilen eta Ternuan ibilia zela bidaian[16]. Hori gertatu zen 1532an, Normandiako armadoreen eta Portugalen arteko gerra lehertu zenean Brasil bazterrean. Jean Le Veneurrek azpimarratu zuen Cartier pertsona egokia izan zitekeela “mundu berriko lur berriak deskubritzera joango ziren itsasontziak gidatzeko”.
Hiru bidaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frantzisko I.a Frantziako erregeak Jacques Cartierri eskatu zion Giovanni da Verrazzanoren segida hartzea, esplorazio bidaien gidaritzan. Helburua zen Amerikako lurren iparraldean aurkitzea Txinara eraman zezakeen bidea[17]. Erregeak ordaindurik, hiru bidaia egin zituen Ipar Amerikara, 1534tik 1542ra bitartean. Helburua zen Asiarako igarobide bat aurkitzea edo, bestela, aberastasunak.
Erretiroa eta heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cartier guztiz etsituta itzuli zen hirugarren bidaiatik. Ez zen Kanadara itzuli, arazo ekonomikoak izan zituelako eta Frantziako erregeak konfiantza kendua ziolako, azken bidaiatik oso etekin gutxi ekarri zuela leporatuta[18].
Erretiroa hartu zuen haren Limoelou jauregian, Rothéneufen, Saint-Malotik hurbil. Bidaia asko egin zuen jauna izanik, jende asko joaten zitzaion aholkuak eskatzera, portugesa ere bazekielako[19].
1557ko irailaren lehenean hil zen, izurriak jota, Saint-Malon. Uda hartan izan zen izurritearen ondorioz gaixotu zen. Haren gorpua Saint-Maloko katedralean ehortzi zuten, hil zen egun berean[20]. Haren hondarrak aurkitu zituzten 1949an, katedral hartan obrak egiten ari zirenean[19].
Bidaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen bidaia (1534)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jacques Cartier 1534an joan zen Ipar Amerikara, Frantziako Erregeak aginduta. Apirilaren 20an atera zen Saint-Maloko portutik, bere bi itsasontzi (Triton eta Goeland) eta 61 gizoneko tripulazioarekin[18]. Hogei egunen buruan, maiatzaren 10ean iritsi zen Ternuara. Belle-Isleko itsasartetik sartu zen gerora San Laurendi izena emango zion golkora. Ekainaren 10etik aitzina, San Laurendi golkoa zehatz-mehatz miatu zuen. Miaketa horretan aurkitzen zituen erreka eta leku berriei izenak eman zizkien.
Ekainaren 12an, Saint-Jacques izena eman zion erreka baten ondoan aurkitu zuten itsasontzi handi bat. Itsasontzia Arroxelakoa (Frantzia) zen, eta hango tripulazioa galduta zebilen. Bakailao arrantzan ibili ondoren, itzulerako bidea galdu zuten, San Laurendi golkokoan dauden uharte andanaren erdian. Jacques Cartierren marinelak haien itsasontzira joan ziren, bidea aurkitzen laguntzeko. Orientatzeko gune erosoago bat aurkitu zutenean, toki hari Jacques Cartier Badia izena eman zioten.
Harremanak amerindiarrekin
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jacques Cartierrek eta bere kideek uztailaren 6an izan zuten lehen harremana hango amerindiarrekin. Zehazki, mikmak nazioko pertsonekin gurutzatu ziren, Baie des Chaleurs badian[21], Paspebiac-en bazterrean. Indiar haiei ez zieten interes eta aberastasun handirik aurkitu, larrua baizik ez zeukatelakoan eskaintzeko, eta hori ez zelako arrakasta handirik zeukan merkantzia, garai hartan[18].
Hala ere, Cartier eta bere tripulaziokoak ez bide ziren mikmakek ezagutu zituzten lehen europarrak. Hain zuzen ere, Cartier haiengana iritsi zenerako bazekiten kanpotik zetozenek larruari balio handia ematen ziotela. Larru hori ematen duen animalia “orignac” (“oriñak” ahoskatuta) batena zela adierazi zuten (orain, frantsesez “orignal” deitzen dena, euskaraz “Ipar Amerikako orein”). Onartutzat jotzen da hitz horren jatorria euskarazko “orein” dela, eta horrek erakustera ematen du lehendik izan zituztela harremanak europarrekin, zehazki euskaldunekin. Halaber, lauburuak zeuzkaten lepotik zintzilik eta beren arraunetako dekorazioan[22].
Gaspéko gurutzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frantziako erregearen nagusitasuna adierazteko, Cartierrek zurezko gurutze handi bat jarri zuen Gaspéko badiaren hegian, uztailaren 24an. Gurutze hartan zizelkatuta zegoen Frantziako erregearen armarria[18]. Gurutze haren erreplika bat, granitozkoa, altxatu zuten 1934an, Rivière-à-Pierre herrian, Quebecen, Gaspé baino barrurago, ibai bazterrean, Cartier Quebeceko lurretara iritsi zeneko 400. urtemuga ospatzeko[23]. Geroztik, gurutze hori beste hiru lekutara mugitu zuten, eta, 2012an Gaspéra eraman zuten[24].
Itzulera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jacques Cartier Gaspéko kostaldeari jarraika abiatu zen Anticosti uharterantz. Uharte hura inguratu zuen[25] eta San Laurendi estuarioaz ohartu zen. Begi bistakoa zitzaion, handik barna joanez gero, kontinentean sakon sar zitekeela. Baina Saint-Malora itzuli zen, irailaren 5ean[26]. Ez zuen emaitza handirik lortu.
Bi bahiketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Itzuli aurretik, ordea, irokesen tribuko buruzagi baten bi seme bahitu zituen Jacques Cartierrek. Donnacona buruzagia bere itsasontzira gonbidatu zuen, bitarte horretan haren bi seme bahitzeko. Bi semeak Frantziara eraman zituen, baina ez zituen bere bi gizon utzi trukean, ohiturak hala eskatzen bazuen ere[18].
Bi bahitu horiek Frantziako Erregearen aurrera joan ziren, eta Saguenay eskualdea “zein zoragarria” zen kontatu zioten. Hori entzunda, Frantziako Erregeak bigarren bidaia egiteko justifikazioa aurkitu zuen. Helburua zen jakitea ea handik Txinarako pasabiderik bazegoen edota urrerik aurki zitekeen[18].
Bigarren bidaia (1535-1536)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bigarren bidaia handik itzuli eta hilabete gutxira hasi zen. 1535eko maiatzaren 19an abiatu ziren Saint-Malotik. Aldi hartan, hamabost hilabeterako janariarekin joan ziren, hiru itsasontzitan: La Petite Hermine, L’Emérillon eta La Grande Hermine. Cartier bera La Grande Herminen joan zen. Txorien Uhartera iritsi ziren, eta handik Belle Isleko itsasartean barna joan ziren San Laurendi ibaira. Aldi hartan, Anticosti uhartearen eta kontinentearen artetik pasatu ziren, Jacques Cartier itsasartean barna. Anticostin elkartu ziren berriz ere hiru itsasontziak, itsasoa zeharkatzean elkarrengandik urrundu baitziren, ekaitzen ondorioz. Bidean beluga edo balea zuri batzuk ikusi zituen[27].
Espedizio hartan joan ziren aurrekoan bahitutako bi irokesak, Taignoagny eta Domagaya. Ordurako frantsesa ikasia zuten, eta itzultzaile lanak egin ahal izan zituzten. Cartierrentzat laguntza handia izan zen haiek egotea, San Laurendi ibaian gora joan ahal izateko.
San Laurendin gora
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Irailaren 7an, berriro topo egin zuten irokesen buruzagi Donnaconarekin, Orleans uhartean, Stadacona herri irokesaren ondoan. Ez zituen utzi nahi frantsesak ibaian gora joaten, haren helburua baitzen merkatuaren monopolioa ziurtatzea. Cartierrek ez zuen eskaera onartu, eta bi bahituak itzuli zizkion. Ezin izan zituen erabili itzultzaile gisa, baina haiek gabe abiatu zen ibaia ezagutzera. Haren tripulazioko beste kide batzuk han bertan gelditu ziren, eta blokau edo gotorleku txiki bat eraikitzeko, negua igaro zezaten. Saint-Charles ibaiaren ertzean egon ziren, gaur egungo Quebec hiriko Lairet auzoan, Limoilou barrutian.
Cartier L’Emérillon itsasontzian joan zen ur korronteak aukera ematen zuen tokiraino, hala nola Saint-Pierre lakuraino. Handik aurrera, bateletan jarraitu zuen.
Montreal zaharra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urriaren 2an, Jacques Cartier Hochelaga herri irokesera iritsi zen. Gauean, beren bateletan egon ziren, eta biharamun goizean hasi ziren eremua bisitatzen. Ibaiez inguratutako uharte zabal hartan 8 kilometroz ibili ziren herrixkara iritsi arte. Herrixka hura mendixka baten gainean zegoen, eta enborrekin egindako oholesiz inguratuta. Inguruko eremuak arto alorrez beteak ziren. Cartierrek mendixka hari Mont Royal (errege mendia) izena eman zion. Handik dator oraingo Montreal hiriaren izena.
Herrixkak berrogeita hamar bat etxe luze amerindiar zeuzkan. Herri hartako buruzagiaren arabera, ibaian gora jarraitu zitekeen, eta Ottawa (edo Odaawaa) populuaren erreka jarraituz gero, urrea zegoen herrialde batera irits zitekeen. Herrialde hura Abitibi eskualdea da.
Baina Cartierrek eta bere kideek ezin izan zuten ibaian gora jarraitu, ur-lasterrek trabaturik. Cartier konbentzituta zegoen erreka hartan aurrera segituz gero Txinara iritsiko zela, eta horregatik eman zien Lachine izena hango ur-lasterrei. Montrealgo barruti baten izena da, gaur egun ere[28].
Itzulera “Kanada lurrera”
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hochelagan iragan zuten egun horren ondoren, Stadacona herri irokesera itzuli ziren, negua han igarotzeko asmoz. San Laurendiko irokesekin istilu txiki batzuk izan zituzten. Frantzian bahituta eduki zituzten irokesek, han ikusitakoak aipatuz, merkantzia hobeak eskatu zituzten, kastore larruaren truke[29].
Cartier han hasi zen idazten liburuxka bat, amerindiarren ohiturak deskribatzen zituena. Cartierrek haiekin probatu zuen tabakoa, baina ez zitzaion gustatu. Bertakoek udan biltzen zuten hostoa eta lehortzen uzten zuten, txikitu aitzin. Uste zuten osasunarentzat ona zela tabakoa erretzea.
Gero, Ipar Amerikako neguak ustekabean harrapatu zituen. Ibaia izoztu zen, eta itsasontziak ezin ziren mugitu. Cartierrek eta bere lagunek Saint-Charles ibaiaren hegian pasatu zuten negua. Santa-Gurutze gotorlekua eraiki zuten han. Kanpamendu hura izan zen lekuan dago, gaur egun, Quebec hiria.
Negu hartan, eskorbutoa gaixotasunak jo zituen Cartierren tripulazioko ia kide guztiak eta irokesak. Frantses asko hil ziren, baina amerindiarrek aiseago egin zioten aurre eritasunari. Cartier konturatu zen mikmakak aneda zuhaitz hostoiraunkorraren (oraindik ez dago argi zein den zuhaitz hori, litekeena da mendebaldeko tuia izatea) orratzekin eta azalarekin egiten zuten infusio batekin artatzen zirela[30][31]. Infusio hori erabili zuen bere gizonekin, eta horri esker bizirik zeudenak sendatu eta salbatu ziren. 110 kideetatik 25 hil ziren.
Tratuak mikmakekin
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cartier konturatu zen mikmak nazioko indianoak gerran zeudela irokesen aurka. Irokesen buruzagi Stadaconek Cartierri erakutsi zizkion mikmaken (irokesez tudamanen) buruak, hesoletan iltzatuta.
Mikmaken eta Frantziako arrantzaleen arteko harremana nahiko ona zen, nahiz eta batzuetan mikmakek arrantzaleen materialari kalte egiten zioten, iltzeak hartzen zituztelako handik, wigwan izeneko beren txabolak eraikitzeko. Alabaina, haiek ez zeukaten iltzerik, eta erabilgarriak iruditu zitzaizkien. Horren ordainez, larru gehiago eskaintzen zieten europarrei[22].
Mikmakek etekina atera zieten Cartierren eta ondorengo europarren bisitei. Zeuden tokian zeudelako, haiek ziren europarrek gurutzatzen zituzten lehen amerindiarrak, eta beraz, mikmakek aukera hori erabili zuten merkatua zabaltzeko barnealdean zeuden herrietara, Europatik heltzen ziren materiekin, besteak beste mundruna, arkola, artilezko estalkiak, edota metalezko pertzak[22].
Irokesen arteko gatazka
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1536ko apirilean, izotzak urtu zirenean, Europarantz abiatu ziren berriz. Irokesak elur-orein ehizara joanak ziren, eta haiek itzuli zirenean, Cartier ez zen haietaz oso fida, eta itzultzea erabaki zuen. Irokesen arteko buruzagitza gatazka bat gertatu zen urte hartan. Donnaconaren tokia hartu nahi zuen Agona izeneko batek. Cartierrek egoera baliatu zuen Donnacona boteretik kentzeko. Maiatzean Donnacona, haren bi semeak eta beste zazpi irokes bahitu zituen[29], eta indarrez eraman zituen, Frantziako Frantzisko I.a erregeari aurkezteko asmoz[32]. Nahi zuen konta zezaten zein lurralde aberatsa zen Saguenay eskualdea, urrez eta diamantez betea, itxura guztien arabera.
Han utzi zuen La Petite Hermine itsasontzia, galdutako jendearengatik ezin zutelako eraman[33]. Bidean, Saint-Pierre eta Mikelune uhartetik pasatu zen.
1536ko uztailaren 15ean itzuli zen Saint-Malora, pentsatuz Asiako ekialdeko itsas bazterrean ibilia zela[34].
Hirugarren bidaia (1541-1542)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frantzian zegoela, Donnaconak azaldu zien zein aberatsa zen Saguenay eskualdea. Ulertua zuen frantsesek urrea, harribitxiak eta espeziak nahi zituztela, eta horregatik aurkeztu zien herrialde hura gisa hartan. Frantzisko I.a Frantziakoa aise konbentzitu zuen hirugarren bidaiaren interesaz. Une hartan, Frantziako erregeak bazuen beste kezkarik buruan, Karlos V.arekin gatazkan zegoelako.
Irokes bahituen heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frantzian bahituta zeuzkaten irokesek ez zuten izan sorlekura itzultzeko aukerarik. Hirugarren bidaia hasi baino lehen hil zen Donnacona buruzagia, 1539an. Beste irokes gehienak ere hil ziren, eritasunez. Gutxienez neska gazte batek bizirik iraun zuen, eta litekeena da bizirik gelditu zen hura (edo ziren haiek) Frantzian ezkondu izana[29].
Kolonizazioa helburu
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hirugarren espedizioaren antolaketa ez zen Jacques Cartierren esku gelditu, baizik eta Jean-François de La Rocque de Roberval noblearen esku. Hain zuzen, Frantzisko I.a Frantziakoak ardura hori bere gorteko norbaiten gain ezarri nahi zuen, eta Cartier ez zen gortekoa. Ondorioz, Cartier Robervalen laguntzaile gisa joan zen. Roberval izanen zen Kanadako lehen jeneral teniente frantsesa.
Bidaiaren helburua zen eremu hura kolonizatzea[35] eta kristautasuna zabaltzea. Aldi hartan, bost itsasontzi joan ziren. Itsasontzi haietan eraman zituzten abereak eta aske utzi zituzten presoak. Preso haien gain jarri zuten koloniak osatzea.
Roberval atzerapena hartzen ari zen bidaiaren antolaketan, artilleria eta hornikuntza biltzearen zain zegoelako. Denbora irabazteko, Cartierri eskatu zion abia zedin, gero zetorren kolonizazioa prestatzeko[36] (beste iturri batzuek diote Cartier pazientzia galdurik abiatu zela, Robervalen zain egon gabe). Berez, hamar ontzi eta 500 gizon ziren joatekoak, baina, hasieran behintzat, Cartier bakarrik joan zen itsasontzien eta gizonen erdiarekin[18].
Berriro irokesekin
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1541eko maiatzaren 23an abiatu zen Saint-Malotik. Zeharkaldi luzea eta gogorra jasan zuen, eta abuztuan iritsi zen Stadaconara. Irokesek agurtu zuten, Donnaconaren heriotzagatik atsekabetu baziren ere. Harremanak, ordea, ez ziren onak izan hurrengo egunetan, eta Cartier beste leku batera joan zen.
Kolonizazioaren hasiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Irokesengandik urrundu zenean, lehendik begiztatua zuen leku batera joan zen. San Laurendi ibaiaren eta Cap-Rouge errekaren elkargunean (oraingo Quebec hiriaren ondoan) Charlesbourg-Royal gotorlekua eraiki zuen, kolonizazioa antolatzeko asmoz. Presoak eta beste kolonoak han utzi zituen, eta baratzeak landatu zituzten.
Balio gutxiko mineralak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Negua bazetorren, baina Roberval eta espedizioko gainerako kideak oraino ez ziren ageri. Roberval iritsi bitartean, Cartier hango urre eta diamanteak biltzen aritu zen, bere ustez. San Laurendiko irokesekin negoziatu zuen haien balioa, haiek bildu zutelako beren lurretan. Bi ontzi bidali zituen Frantziara, mineral haiekin. Frantzian aztertu arazi zituen San Laurendin bildutako mineralak. Eta ohartu ziren pirita eta kuartzoa zirela. Ez zeukaten baliorik[35].
Gatazkak amerindiarrekin
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cartier irailaren 7an abiatu zen Hochelaga aldera, handik Ottawa errakan gora joateko asmoz, baina berriz ere huts egin zuen, ur-lasterrengatik. Charlesbourg-Royalera itzuli zen. Baina giroa ozpinduta zegoen irokesekin. Ordura arte arraina eta ehizatutako animalien haragia saltzen bazieten ere, irokesak lapurtzen hasi zitzaizkien, Cartierren taldeko marinelek kontatu zutenaren arabera. Halaber, eraso batean, 35 kolono hil zituzten.
Itzulera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egoera txar hartan, kontuan hartuta ez zeukatela nahiko indarrik beren egoitza defendatzeko, 1542ko ekain hasieran, Cartierrek etxerako bidea hartu zuen. Ternuan elkartu zen Robervalekin. Hark berriz ere San Laurendira itzultzeko agindua eman zion, baina Cartierrek Frantziako bidea hartu zuen, bildutako mineralekin.
Hurrengo urtean itzuli ziren gainerako kolonoak, Robervalekin batera. Gaixotasunen ondorioz, eguraldi txarrengatik eta indigenen erasoek bultzatuta, lekuak hustu zituzten[37].
Ondorena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cartierren bidaiak funtsezko oinarriak izan ziren Frantziak lur haietan erroak egin ahal izateko, gerora. Baina Cartier ez zen izan Kanada ekialdeko lur haiek ezagutu zituen lehen europarra. Haren aurretik helduak ziren hara euskal arrantzaleak, Bretainiakoak edota Galiziakoak. Cartier izan zen, aldiz, hango lurretan sartu zen lehen europarra (besteak itsasoan gelditu baitziren).
Cartierri zor zaio Kanada izena, Marcel Trudel Kanadoko historialariaren arabera. 1535eko bidaian eman zion izen hura, berez bisitatu zuen eskualde txiki harentzat. San Laurendi golkoa zehazki esploratzeaz gain, hark egin zuen ibai haren lehen kartografia[33]. Haren aurkikuntzei ez zaie Hego Amerikako lurretara iritsi ziren esploratzaileen hein bera aitortzen; hala ere, XVI. mendeko erreferentetzat jotzen da, San Laurendi ibaian ibili izanak erraztu zuelako, geroagoko esploratzaileak Hudson badian edota Mississipi ibaian gaindi ibiltzea edota Mendebaldeko Amerikako itsas bazterreraino heltzea. Hari zor zaio, bestalde, Ipar Amerika ipar-ekialdeko amerindiarren deskribapena[33].
Kanada izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cartier izan zen lehena “Kanada” izena erabiltzen dokumentu batzuetan. San Laurendi ibaiaren ertzeko lurraldeak izendatzeko erabili zuen hitz hori. Berez, huroi-irokesezko “kanata” hitzetik eratorria da: “Herrixka” erran nahi du. Baina Cartierrek lur haiek erabiltzeko lekuko hitza zela uste izan zuen[38]. Cartierrek “kanadar” (“canadien”, frantsesez) hitza erabili zuen han bizi ziren biztanleak, hala nola irokesak, izendatzeko.
Geroztik, frantziar kolonoak “kanadar” deitu zituzten, XIX. mende erdialdera arte. Garai hartatik landa, aldiz, “Kanada” edo “kanadar” hitzak erabili ziren Aintzira Handietako koloniak eta Ipar-Amerika britaniar osoarentzako.
Quebeceko beste hainbat toki izen ere utzi zituen Cartierrek: Montmorencyko ur-jauzia, Ile aux Coudres uhartea edota Sainte-Catherine badia. Halaber, XVI. mendeko kartografia asko oinarritu zen Cartierren testuetan[18].
Frantzia Berria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cartier ez zen Kanadara itzuli, eta 60 urtez ez zen beste espediziorik joan hara. 1608an joan zen Samuel de Champlain, eta Quebec hiria sortu zuen[18].
Cartier izanik Quebeceko lur haiek esploratu zituen lehen europarra, Frantziak lurralde haren kontrola aldarrikatu zuen, eta geroago Frantzia Berria izena jarri zion kolonizatutako lurralde hari. Kolonia hura 1534an sortu zuten, hau da, Cartierren lehen bidaiaren urtea jarri zioten hasiera urtetzat. 1645etik aitzina hasi ziren kolonia hura europarrez betetzeko ahaleginean. 1750ean, Frantzia Berriaren lurralde eremua Ipar Amerika gehienera hedatzen zen, baina Frantsesen eta Indiarren Gerraren ondoren, Frantziak lurralde osoaren kontrola galdu zuen, 1763an. Saint-Pierre eta Mikelune uhartearen kontrola baizik ez zitzaion gelditu.
Arrastoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arkeologoek Cartierrek eraiki zuen Charlesbourg-Royal gotorlekuaren arrastoak aurkitu zituzten[39]. Horren berri jakin zen 2006ko abuztuaren 18an, Jean Charest Quebeceko Lehen Ministroaren bidez. Cap Rouge erreka eta San Laurendi ibaia gurutzatzen diren lekuan aurkitu zituzten arrastoak, hala nola erretako zur hondarrak, XVI. mendekoak, eta 1540 eta 1550 artean Faenzan (Italia) ekoiztutako plaka apaingarri bat. Azken plaka hori Frantziako aristokraziako kide batena baizik ez zitekeen izan, itxura guztien arabera Robervalena[40].
Argitalpenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kontakizunak, lehen eskutik
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Relations liburuetan kontatzen dira Jacques Cartierren bidaiak. Jatorrizko eskuizkribu guztiak galduta daudenez, ezin da ziurtatu Cartier bera izan zela liburuak idatzi zituena[14].
Cartierren bigarren bidaiaren (1535-1536) kontakizuna 1545ean argitaratu zuten Parisen. Edizio haren hiru ale baizik ez dira gelditzen, gaur egun. Frantziako Liburutegi Nazionalean daude. Lehen eta bigarren bidaien kontakizuna egiten duten liburuak italierara itzuli zituen Giovanni Battista Ramusiok, 1556an. Italierako bertsioa, aldiz, ingelesera itzuli zuen John Floriok 1580an, eta gero frantsesera 1598an.
Hirugarren bidaiari buruzko kontakizunen jatorrizko bertsioa galduta dago, eta ingelesezko itzulpena baizik ez da gelditzen. Richard Hakluytek itzuli zuen, 1600ean.
Aurreragoko liburuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hurrengo mendeetan, Cartierren bidaiak kontatu zituzten Histoire de la Nouvelle-France liburuetan: lehena Lescarbotek idatzi zuen, 1609 eta 1617 bitartean, eta bigarrena Charlevoixek, 1744an.
Cartierren bidaiei buruzko Relations liburuko testuak, aldiz, liburuki bakarrean argitaratu zituzten Quebecen, 1843an.
Ahanzturatik argira
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jacques Cartier nahiko ahaztuta egon zen XIX. mendera arte. Frantzian ez zen haren izenik aipatzen, edo oso gutxitan.
Kanadan goraipatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haatik, Kanadan haren izena erabili zuten, frantses kanadarren lehen heroi gisa goratzeko. Hango nazionalistek goraipatu zuten, eta 1835ean pentsatu zuten monumentu bat egitea haren ohoretan. Montrealgo eta Quebec hiriko hainbat karrikari eman zioten Jacques Cartier izena. Dena den, haren bidaiaren 350. urteurrenean ez zen ospakizunik antolatu, 1884an. Baina haren omenezko estatua bat jarri zuten Quebec hirian[18].
Kanadan, frantses eta ingeles komunitateen arteko tentsioaren testuinguruan, Jacques Cartierri eman zioten denentzako egokia zen figuraren izaera: frantsesa zen, baina hark asmatu zuen Kanada[18].
Ezagupena Frantzian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanadak Frantzian zeuzkan ordezkariek presioa egin zioten Frantziari Jacques Cartier omendu zezaten. Lehenik, haren omenezko estatua bat eginarazi zuten Saint-Malon, 1905ean. Ondoren, 1934an, hainbat ekitaldi antolatu zituzten Quebecen eta Frantzian, Cartierren lehen bidaiaren 400. urtemuga ospatzeko[18].
Frantziak, hala ere, tentu handiz jokatu nahi izan zuen Kanadako gobernuarekiko harremanetan. Cartierreren irudia, batez ere, Quebeceko nazionalistek erabiltzen zuten. Kanadako gobernua ez haserretzeko, Frantziak harremanak estutu zituen harekin, Quebecekoarekin beharrean. Adibidez, Grande Hermine itsasontziaren erreplika Ottawara (Kanadako hiriburura) eraman zuten.
Quebecen eta Kanadaren arteko liskarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Quebeceko nazionalismoa indarra hartzen ari zela ikusiz, 1984an, Kanadako gobernu federalak erabaki zuen kanadar identitate nazionala eraikitzea. Bide horretan, Kanadako gobernuak Cartierren irudia erabili zuen. Adibidez, Cartierren azken bizitokia, Limoelou jauregia, zaharberritu zuen.
Quebeceko gobernua ere ahalegindu zen Cartierren irudia erabiltzera. 2006an, 7 milioi dolar gastatu zituen Cap-Rougen aurkitutako gotorlekuaren arrastoei balioa emateko. Leku hura da Ipar Amerikan dagoen europar egoitza zaharrena[18].
Leku izenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jacques Cartier izena eman diote hainbat lekuri, eta hainbat momumentu eraikita daude haren omenez.
Lekuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Quebec-en
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jacques Cartier erreka, Donnaconan.
- Jacques Cartier parkea, Gatineaun.
- Jacques Cartier plaza (udaletxe plaza), Montreal hiriko alde zaharrean.
- Jacques Cartier zubia, Montrealen eta Longueuilen artean.
- Jacques Cartier parke probintziala, Eduardo Printzearen Uhartean.
- Jacques Cartier parke nazionala, Quebec hiritik hurbil.
- Cartier aretoa, Saint-Jean ikastetxe militarrean, Saint-Jean-sur-Richelieun.
- Cartier-Brébeuf gure historiko nazionala, Quebec hirian.
Amerikako Estatu Batuetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jacques Cartier estatu parkea, Morristownen (New York, Amerikako Estatu Batuak).
Bretainian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jacques Cartier hiribidea Rennesen.
- Jacques Cartier metro geltoki bat Rennesen.
- Jacques Cartier Ikastetxe publikoa Saint-Malon.
Oroitarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jacques Cartier monumentua, Harrington Harbourren (Quebec).
- Estatua bat Quebec hiriko Gabrielle-Roy liburutegi publikoaren aurrean.
- Joseph-Arthur Vincenten estatua bat, Montréalen, Jacques Cartier plazan.
- Plaka bat, Saint-Maloko katedralean (Bretainia).
- Georges Barreau zizelkariaren estatua bat Saint-Malon (Bretainia).
- Haren busto zizelkatu bat, Parisen, Frantzia Berria lorategian.
Museoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jacques Cartier museoa, Limoelou jauregian, Saint-Malon.
-
Jacques Cartier parke probintziala, Quebecen.
-
Jacques Cartier lakua.
-
Jacques Cartier erreka.
-
Jacques Cartier zubia, Montrealen.
-
Jacques Cartierren omenezko monumentua, Donnaconan, Quebecen.
-
Jacques Cartier plaza, Montrealen.
-
Jacques Cartier mendia, Mont-Albreten, Gaspesie eskualdean.
-
Cartier-Brébeuf historia gune nazionala.
-
Jacques Cartier parke nazionala
-
Jacques Cartierren soina, Parisen.
-
Jacques Cartier espetxea, Rennesen.
-
Jacques Cartierren gurutzearen erreplika.
-
Jacques Cartier arrosa.
-
Jacques Cartier kaia, Montrealgo portuan.
-
Jacques Cartierren estatua, Ottawako parlamentuko lorategian.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Frédéric Joüon des Longrais, Jacques Cartier. Documents nouveaux, Paris, Alphonse Picard, 1888, 8. orr.
- ↑ Robert de Roquebrune, « L’acte de baptême de Jacques Cartier », Revue d'histoire de l'Amérique française, vol. 7, no 2, 1953, 293-295 orr.
- ↑ (Frantsesez) Jacob, Yves. (2000). Jacques Cartier. Ancre de Marine Editions ISBN 978-2-84141-145-0. (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
- ↑ M. C. Desmazières de Séchelles, « Appendice à la généalogie de Jacques Cartier… », in Édouard Charton, « Documents sur Jacques Cartier », Transactions of the Literary and Historical Society of Quebec, vol. V., 1. zatia (1862ko maiatza), 133, 135-137 orr.
- ↑ Harvut, « Jacques Cartier. Recherches sur sa personne et sur sa famille », Nantes, imprimerie Vincent Forest et Émile Grimaud, 1884, 5. orr.
- ↑ Paul Paris-Jallobert, Anciens registres paroissiaux de Bretagne: Baptêmes-Mariages-Sépultures, Rennes, Sajef, 2004 [1898], Ille-et-Vilaine, VII. tomoa (Saint-Malo), 3516 orr.
- ↑ Frédéric Joüon des Longrais, Jacques Cartier. Documents nouveaux, Paris, Alphonse Picard, 1888, 40. orr.
- ↑ Frédéric Joüon des Longrais, Jacques Cartier. Documents nouveaux, Paris, Alphonse Picard, 1888, 10. orr.
- ↑ Jacques Chabannes, Jacques Cartier, La Table ronde, 1960, p. 17
- ↑ Harvut, « Jacques Cartier. Recherches sur sa personne et sur sa famille », Nantes, imprimerie Vincent Forest et Émile Grimaud, 1884, 8-13. orr.
- ↑ Frédéric Joüon des Longrais, « Jacques Cartier juriste : La Très ancienne coutume de Bretagne de Jacques Cartier », Le droit civil français. Livre souvenir des journées du droit civil français (31 août - 2 septembre 1934), Montréal, Le Barreau de Montréal, 1936, 943-953 orr.
- ↑ Ch. Desmarquets, Mémoires chronologiques pour servir l’histoire de Dieppe et celle des navigations françaises, Éditions Desauge, Paris, 1785.
- ↑ "Ordre de la cour de Saint-Malo, daté du 19 mars 1534 (n. st.)" in Henry Percival Biggar, A Collection of Documents Relating to Jacques Cartier and the Sieur de Roberval (1930), 43. orr.
- ↑ a b (Frantsesez) Trudel, Marcel. (1963). Histoire de la Nouvelle-France, vol. 1 : Les Vaines Tentatives, 1524-1603. Montreal eta Paris: Fides, 68 or. (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
- ↑ Marc Lescarbot, Histoire de la Nouvelle France […]. Paris: Jean Milot, 1609, 243-244. orr.
- ↑ Baron de La Chapelle, Jean Le Veneur et le Canada, Nova Francia, vol. 6, 1931, 341-343 orr.
- ↑ Gilles Havard eta Cécile Vidal (2003), Histoire de l’Amérique française, Paris: Flammarion, 22-27 orr.
- ↑ a b c d e f g h i j k l m (Frantsesez) Portes, Jacques-Encyclopédie du patrimoine culturel de l'Amérique Française. «Jacques Cartier» www.ameriquefrancaise.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
- ↑ a b Foucqueron, Gilles.. (2016). Saint-Malo : histoire et géographie contemporaine. Rennes: Ouest-France, 44-45 or. ISBN 978-2-7373-6925-4. PMC 952002358. (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
- ↑ Cleret de Langavant (1903), Documents pour servir à l'Histoire de Saint-Malo, Annales de la Société historique et archéologique de l'arrondissement de Saint-Malo, 88. orr.
- ↑ Jacques Cartier (1994), Voyages au Canada, Paris: Éditions La Découverte, 139-140 orr.
- ↑ a b c Mimeault, Mario. (2002). «Les Micmacs au XVIIe siècle. Les premiers contacts» encyclobec.ca (Noiz kontsultatua: 2020-05-06).
- ↑ «CATHOLIC ENCYCLOPEDIA: Jacques Cartier» www.newadvent.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-06).
- ↑ Marie-Claude Costisella (2012ko urriaren 18a). "La croix de Gaspé déménage", Le Pharillon.
- ↑ Riffenburgh, Beau, (1955- ...).,. (DL 2008). Les grandes expéditions. National Geographic ISBN 978-2-84582-269-6. PMC 494525650. (Noiz kontsultatua: 2020-05-06).
- ↑ «Jacques Cartier | l'Encyclopédie Canadienne» www.thecanadianencyclopedia.ca (Noiz kontsultatua: 2020-05-06).
- ↑ (Frantsesez) «Saint-Malo au vent de l'histoire» ArMen - Revue Bretagne culture société (Noiz kontsultatua: 2020-05-06).
- ↑ «Jacques Cartier's Voyages» www.chroniclesofamerica.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-06).
- ↑ a b c (Frantsesez) Massenet, Pierre. (1968). «CANADA, TERRE DES HOMMES» Revue Des Deux Mondes (Noiz kontsultatua: 2020-05-06).
- ↑ (Frantsesez) «Oligo-proanthocyanidines» https://www.passeportsante.net/ 2011-12-31 (Noiz kontsultatua: 2020-05-06).
- ↑ (Frantsesez) «Pin» https://www.passeportsante.net/ 2011-12-31 (Noiz kontsultatua: 2020-05-06).
- ↑ (Ingelesez) Richard Hildreth. (1871). The History of the United States of America. Harper & brothers (Noiz kontsultatua: 2020-05-06).
- ↑ a b c Trudel, Marcel. (2014). «Biographie – CARTIER, JACQUES (1491-1557) – Volume I (1000-1700) – Dictionnaire biographique du Canada» www.biographi.ca (Noiz kontsultatua: 2020-05-06).
- ↑ Biggar, H.P. (1924) The Voyages of Jacques Cartier. Ottawa: Publications of the Public Archives of Canada. 11. zenb. 204. orr.
- ↑ a b «Cartier's Third Voyage to Canada, 1541–1542» American Journeys.
- ↑ «Jacques Cartier» www.elizabethan-era.org.uk (Noiz kontsultatua: 2020-05-06).
- ↑ «Jacques Cartier's Third Voyage - 1541 - Settlement of Charlesbourg-Royal» www3.sympatico.ca (Noiz kontsultatua: 2020-05-06).
- ↑ (Ingelesez) McMullen, John Mercier. (1855). The History of Canada: From Its First Discovery to the Present Time. C. W., J. M'Mullen (Noiz kontsultatua: 2020-05-06).
- ↑ «Pottery shard unearths North America's first French settlement» web.archive.org 2009-01-30 (Noiz kontsultatua: 2020-05-06).
- ↑ «Long-lost Jacques Cartier settlement rediscovered at Quebec City» web.archive.org 2009-08-25 (Noiz kontsultatua: 2020-05-06).