Landa-txolarre
Landa-txolarre | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Passeriformes |
Familia | Passeridae |
Generoa | Passer |
Espeziea | Passer montanus Linnaeus, 1758
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Habitat | baso eta Sastrakadi |
Zabalera | 21 cm |
Kumaldiaren tamaina | 3,7 |
Eguneko zikloa | eguneko |
Landa-txolarrea (Passer montanus) passeridae familiako hegazti paseriformea da[1].Bizkaieraz Artatxori-a izendatuta[2]
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etxeko txolarrearen oso antzekoa, apur bat txikiagoa eta lirainagoa baina urrutitik, koloretako xehetasunak aintzat hartzen ez badira, erraza da nahastea. Haren ahotsak ere, zorrotzagoa, zertxobait musikalagoa, landa-txolarrea ezagutzen laguntzen du.
Tamaina 14 cm, moko beltza, hankak arre argiak. Arrak eta emeak berdinak dira espezie honetan: buruaren goialdea eta garondoa marroiak, zuri garbi samarreko masailak lepoaren alboetan zehar luzatzen dira ia bat egin arte lepoko baten atzean. Masailaren zurian puntu beltz berezi bat nabarmentzen da. Adur-zapi beltz txiki bat du, etxe-txolarre arrak duena baino txikiagoa.
Gainontzeko lumajea etxe-txolarrearen antzekoa da, goialdea arrexka kolorekoa beltzez orbandua eta azpia zurixka. Beraz, bi txolarre hauek bereizteko buruko koloreen banaketari begiratu behar zaio.[3]
Biologia eta ohiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Landa-txolarrea ez da fidatzen gizakiarekin etxe-txolarrea bezala. Lotsatiagoa eta uzkurragoa da eta ez du gizakiaren bizilekuekiko atxikimendu arruntik. Ez du jendea bizi den lekuekiko atxikimendurik etxe-txolarreak duen bezala. Bizitza basatiagoa darama.
Gainontzekoetan bera bezain gregarioa da, taldeka mugitzen da eta etzalekuetan biltzen da gaua pasatzeko. Kolonia txikietan ugaltzen da, zuhaitz zaharretako zuloetan, hormetako zuloetan, zubietan, hondakinetan, lur ezpondetan eta borda, korta, belar-sorta eta beste eraikin isolatu batzuetan edo herrien kanpoaldean.
Habia bere parekoaren estilo berekoa da eta material berdinekin eraikia, batzuetan goroldioa gehitzen dio. Hau ere emankorra da, urtean bizpahiru errunaldirekin, apirilean hasten da, 5 edo 6 arrautza jarriaz, kolorez oso aldakorrak, baina orokorrean zuriak puntu arre kolorekoekin edo grisekin.
Inkubazioan arrak eta emeak hartzen dute parte eta 12-14 egun irauten du, eta habia 16-18 egunera uzten dute eta laster independente bihurtzen dira, gurasoak berehala bigarren txitaldi baterako prestatzen hasten baitira.
Espezie honetako bikoteak oso fidelak izan ohi dira, elkartzea bizitza osorako izaten da eta urtean zehar elkarrekin egoten dira. Neguaren erdian, barrunbe bera erabiltzen dute lo egiteko edo batera pausatzen dira, eguraldi hobean, gaua zuhaitzetan edo kanpoko beste etzalekuetan pasatzen dute.
Elikadura funtsean landare jatorrikoa da, aleak eta haziak batez ere. Badirudi etxe-txolarreak baino gutxiago erakartzen dituela landutako zerealak eta basa-landareak nahiago dituztela, eta intsektuen proportzio handiagoa kontsumitzen dutela.
Migratzaile partziala da Europa iparraldean zehar. Hemen sedentarioak dirudite baina neguan beren noraezean sarritan urrun samar joaten dira ohiko lurraldetik. Ez da arraroa garai honetan txontekin, berdantzekin eta beste graniboroekin nahastutako bandetan ikustea.
Gazteak, oraindik lurralde bati lotuta ez daudenak, gehiago mugi daitezke eta jaio ziren puntuetatik urrun dauden lekuetan finkatu.
Banaketa, habitata eta estatusa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europan eta Asian oso hedatua dago klima tipo denetan, tundra izan ezik. Gizakiak sartuta Ipar Ameriketako, Australiako, Zeelanda Berriko zenbait lekutan ere aurkitzen da. Europan zati handiena okupatzen du, baina etxe-txolarreak baino modu irregularragoan.
Euskal Herrian bere banaketa orokorra da baina irregularra, mendi eremuak, baso handiko eremuak eta haran estuak saihestuz. Batez ere, landutako ordoki zabalak bilatzen ditu, hobe zuhaiztiak edo zuhaitz zahar multzoak tartekatzen badira. Badirudi Mediterraneoko klima baldintzak hobeto doakiola, Arabako Errioxan eta Ebro Haranean ohikoagoa da. Hortik kanpo Araban, pasaia aldetik egokiak diruditen tokietan ere, Arabako lautadan ere, zereal labore zabalak dituena, modu irregularrean aurkitzen da. Gauza bera gertatzen da Kantauri isurialdean, normalean hariztiak eta batez ere, belardi eta soroen artean dauden sagasti zaharrak okupatzen ditu eta haran zabalak edo muino argiak, kostaldetik gertu barnealdean baino gehiago.
Ez da hiriguneetan ikusten, baina kortak, baserriak, landa-etxeak eta hutsik dauden landa eraikin txikiak gustatzen zaizkio. Hutsune asko dituzten zuhaitz zartatu eta hondatuen multzoetan ere aurkitzen da, makal zaharretan eta fruta baratzeetan.
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Landa-txolarreak hainbat azpiespezie ditu:
- Passer montanus montanus
- Passer montanus transcaucasicus, Sergei Aleksandrovitx Buturlin 1906
- Passer montanus dilutus, Charles Wallace Richmond 1856
- Passer montanus tibetanus, Stuart Baker 1925
- Passer montanus saturatus, Leonhard Hess Stejneger 1885
- Passer montanus malaccensis, Alphonse Dubois 1885
- Passer montanus hepaticus, Sidney Dillon Ripley 1948
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |