Papua Ginea Berriko historia
Papua Ginea Berriko historia gaur egungo Papua Ginea Berriko Estatu Burujabearen lurraldean izan diren gertaera historiko nagusien kondaira da. Duela 50.000 urtetik bizi izan dira gizakiak lurralde horretan, oihan trinkoetan sakabanaturik, kanpotik erabat bakartuta. Nekazaritza garatu zuten, baina ez zuten ezagutu gurpila, ezta metalezko tresnak ere. Gehienek ez zuten harremanik izan europarrekin 1930 arte. Papua Ginea Berria, beraz, Harri Arotik plastiko arora igaro zen denbora bitarte labur-labur batean. Egun, berritu ezin diren balibideen (kobrea, urrea, petrolioa) eta zur gogorren ustiapenak eragin duen boom ekonomikoari aurre egin behar diote. Egungo estatua Papua eta Ginea Berriko lurraldeen batasunetik sortu zen, 1964 eta 1975 bitartean.
Lehen historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aztarna arkeologikoen arabera, duela 45.000-50.000 urte iritsi ziren lehenbiziko gizakiak Ginea Berrira, uharte hau Australiari loturik zegoen garaian, Sahul kontinentea eratuz[1]. Hego-ekialdeko Asiako jatorria zuten antzinako biztanle haiek izotz aro batean heldu zirela uste da, itsas maila baxua zenean, eta uharteen arteko distantziak laburragoak.
K.a. 7000 aldean, nekazaritza garatu zen Ginea Berriko mendialdean, kanpoko eraginik gabe, eta bertako basa-landareak (azukre kanabera, banana) lantzen hasi ziren munduko leku bakarretakoa izan zen[2]. Orain dela 3.500 urte, austronesiar hiztunen migrazio handi bat iritsi zen uharteko kostaldeetara; austronesiarrek buztingintza, txerriak eta arrantza teknika berriak eraman zituzten. Amerikako batata geroago heldu zen, baina ez dago argi, ez nork, ez noiz eraman zuen[3]. Beti ere, batataren sarrerak guztiz aldatu zuen ordura arteko nekazaritza tradizionala, taroa ordezkatu baitzuen, eta horrek populazio hazkunde handia ekarri zuen.
Dagoeneko kanibalismo eta buru ehizarik ia ez den arren, herrialdeko eskualde askotan praktikatu izan dira, eta hileta-errituen parte ziren[4]. 1901ean, esate baterako, Harry Dauncey misiolariak 10.000 burezur aurkitu zituen Papuako golkoko Goaribar uhartean[5]. Horrelako jarduteek 1960ko eta 1970eko hamarkadetara arte iraun zuten, eta gaur egun ere aztarna batzuk daude zenbait giza taldetan.
Garai koloniala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europan ezer gutxi jakiten zen uharte honi buruz XIX. mendera arte, nahiz eta espainiar eta portugaldar esploratzaileak, hala nola Jorge De Meneses eta Iñigo Ortiz de Retez, XVI. mendean iritsi ziren bertara. Hego-ekialdeko Asiako merkatariek ere bisitatu zuten Ginea Berria, bertako paradisuko hegaztien lumak eskuratzeko; harreman horiek orain dela 5000 urte hasi ziren. Papua Ginea Berria izendapena herrialdeak izan zuen administrazio historia konplexutik dator. «Papua» hitza pepuah-tik dator, melanesiarren ile kizkurra deskribatzen duena, eta «Ginea Berria» izena (Nueva Guinea) Iñigo Ortiz de Retez arabar esploratzaileak ezarri zion, mendebaldeko Afrikako Ginearekin zuen antzagatik.
XIX. mendean, Alemaniaren eskuetan erori zen uhartearen ipar-ekialdea. 1884tik aurrera, Alemaniar Ginea Berria deitu zitzaion kolonia horri. Urte berean, Erresuma Batuak beretu zuen uhartearen hego-ekialdea, Britainiar Ginea Berria izenarekin. 1905an, britainiarrek Australiako Commonwealth-en esku utzi zuten kolonia, eta Papuako Lurraldea izena eman zitzaion[6]. Lehen Mundu Gerran, Australiak okupatu zuen Alemaniar Ginea Berria, eta gerra amaitutakoan haren administraziopean geratu zen, Nazioen Ligaren aginduz. Beti ere, Ginea Berria eta Papuako Lurraldea administratiboki bereizirik zeuden, biak Australiaren mende egon arren.
Ginea Berriko kanpaina (1942ko urtarrilak 24-1945eko abenduak 31) Bigarren Mundu Gerrako garrantzitsuenetako bat izan zen. Bertan, 216.000 bat japoniar, australiar eta estatubatuar gudari hil ziren[7]. Gerra ostean, Australiaren mendeko bi lurraldeak, iparraldekoa eta hegoaldekoa, Papua eta Ginea Berriko Lurraldea zeritzonean elkartu ziren, geroago Papua Ginea Berria deitua.
Autogobernua lortzeko prozesua 1964an hasi zen eta 1975eko irailaren 16an burutu, independentziaren adierazpenarekin. Independentzia era baketsuan erdietsi zuen, Nazio Batuen Erakundeak gainbegiraturik. 1975eko urriaren 10ean, estatu berria Nazio Batuen Erakundeko kide bihurtu zen.
Papua Ginea Berria burujabea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1975-1976an Bougainville uhartea estatu berritik banatzen ahalegindu zen. Uharte aberatsa da urre eta kobre hobietan, eta hango biztanleak Salomon uharteetatik hurbilago daude etniari dagokionez. Matxinada horren ondorioz, aldaketak egin ziren konstituzioan, Bougainvilleri eta beste hemezortzi uharteri ia estatu federalen estatusa emanez.
Papua Ginea Berriaren eta Indonesiaren arteko harremanak ez dira oso onak. Irian Jaya Indonesiako probintzian Papua Askea higikunde independentista aritzen da. 1984an, Indonesiako gobernuak bultzatu zituen operazio militarren erdian, probintzia hartako 12.000 biztanlek Papua Ginea Berrian hartu zuten babesa. 1989an, herrialdeak loturak estutu zituen hego-ekialdeko Asiako estaturekin, elkarlaguntzarako itunak eginez, eta Malaysiarekin negoziazio elkarrizketak hasiz. Aldi berean, Port Moresbyn Sobietar Batasunaren enbaxada zabaltzeko baimena eman zuen. Abenduan, Mikronesiako Estatuen Federazioarekin itsasoaren erabilerari buruzko itun bat egin zuen. Herrialdeko zenbait tokitan, biztanleek –nekazariak gehienak– aurre egin zioten gobernuari meatokiak zabaltzeagatik, meen ustiapenak nekazaritzan eta ingurumenean eragiten dituen ondorio kaltegarriak zirela-eta.
1988an beste matxinada bat hasi zen Bougainville uhartean. Gobernuak uharteari boikota egitea eta talde separatistak zapaltzea agindu zuen. Bougainvilleren askatasunaren aldeko Gudaroste Iraultzailearen buruak, Francis Onak, uhartearen independentzia adierazi zuen, eta munduko herrialdeen onarpena lortzen ahalegindu zen. Gobernuak gudarosteak bidali zituen uhartera. Borrokan 1.500 lagun baino gehiago hil ondoren, 1991ko abuztuan, Legebiltzarrak zigor heriotza berriro ezar zedin eskatu zuen.
1992ko uztailean, lehen ministro Palas Wingtik ustelkeriaren aurkako borroka hasi zuen; zenbait gobernadorek dimisioa eman behar izan zuten. Ekainean, lehen ministro ohia –Namalia– eta bere finantza ministro ohia –Paul Pora– auzitara eraman zituzten ustelkeriaz akusaturik. Halaber, Wingtik atzerritar kapitala duten enpresa mistoetan nazioaren parte hartzea handitzea proposatu zuen; proposamen horrek Porgerako urre meategiaren %90 kontrolatzen zuen ingeles-australiar-kanadar partzuergoaren erreakzioa eragin zuen. 1993an, lehen ministroa Pangunako kobre meategia (Bougainville) zabaltzen saiatu zen berriro, uhartearen burujabetasunaren aldeko eta aurkakoen arteko gatazka hasi zenetik itxita egon baitzen, baina meatokia Francis Onaren Gudaroste Iraultzaileak hartutako eremuan zegoen oraindik.
1994ko abuztuan, Julius Chanek hartu zuen Wingtiren lekua. Urte horretan bertan, gobernuak Bougainvilleko kobre meatokia konkistatu zuen berriro, baina Porgerako urre meatokian leherketa handi bat izan zen, eta bertan behera utzi ziren lanak kobre meatokian ere. Chanek oso gogor kritikatu zituen Frantzia Ozeano Barean egiten ari zen saio nuklearrak. Bigarren saioaren ondoren –1995eko urrian–, Papua Ginea Berriko lehen ministroak eten egin zituen Frantziaren eta South Pacific Forum-aren arteko elkarrizketak, erakunde horretako lehendakari zen aldetik.
1996ko urrian, Theodore Miriung hil zuten –Bougainvilleko uharteko behin behineko agintaria, bake hitzarmena egitearen aldekoa–, eta uharteko gatazkak okerrera egin zuen. Lehen ministroa indar separatistei aurre egiteko nazioarteko mertzenarioak kontratatzeaz akusatu zuten, eta haren dimisioa eskatu zuten. 1997ko martxoan, eta Legebiltzarraren babesa izan arren, lehen ministroak bere karguaren dimisioa eman zuen. Handik aste gutxira, Bill Skate izendatu zuen haren ondorengo.
1997ko uztailean, sezesionistak eta gobernuak Bougainvilleko gatazkari amaiera eman zioten: su etena, uhartearen desmilitarizazioa eta Nazio Batuen Erakundeko bake gudarosteak bidaltzea hitz hartu zuten. Ordurako, bederatzi urteko gudu zibilean 20.000 pertsona inguru zenduak ziren[8]. Australiak Bougainville berreraikitzeko diru laguntza agindu zuen. Guduaren ostean, Joseph Kabui izan zen Bougainvilleko presidente, 2008an hil zen arte. Urte horretako hauteskundeetan James Tanis irten zen garaile.
1997ko bukaeran, gobernuak berriro zabaldu zituen Bougainvilleko meatokiak. Beste zenbait tokitan, lehorteak sute handiak eragin zituen eta kafearen produkzioa kaltetu zuen. 1998ko otsailean, baso lanean ziharduten hamahiru enpresek ateak itxi zituzten, hego-ekialdeko Asiako beste herrialde batzuetan 1997an sortu zen burtsa eta finantza krisiaren ondorioz; 4.000 lanpostu inguru galdu ziren. 1999an Bill Skate lehen ministroa zentsuratu zuen Parlamentuak, hark Taiwani 2.500 milioi dolarreko maileguak eskatzea erabaki zuelako. Haren ordez Mekere Morauta jarri zen, eta ahaleginak egin zituen Munduko Bankuaren eta NDFaren maileguak lortzeko; horrek, ordea, arazoak sortu zituen Papuaren eta Txinaren artean. 2002ko hauteskundeak garrantzi handikoak izan ziren, hura baitzen agintaldia osatzen zen lehenengo aldia. Michael Somare iritsi zen agintera, eta horrela, hirugarren aldiz izan zen Lehen Ministro. Morautaren gobernuak hasitako pribatizazio programa geldiaraztea izan zen haren lehenengo erabakia.
2009ko maiatzean, milaka pertsonak parte hartu zuten txinatarren aurkako matxinada batean. Txinatar enpresa bat eraikitzen ari zen nikel fabrika batean abiarazi ziren liskarrak, txinatar eta gineaberriar langile batzuk borrokan hasi zirelarik. Erreboltaren benetako arrazoia, ordea, txinatarren aurkako erresumina izan zen, denda eta enpresa txiki askoren jabeak direlako[9].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2016-10-7 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ O'Connell, J.F; Allen, J. Dating the colonization of Sahul (Pleistocene Australia–New Guinea): a review of recent research. in: Journal of Archaeological Science, Volume 31, Issue 6, June 2004, Pages 835–853. sciencedirect.com (Noiz kontsultatua: 2016-10-8).
- ↑ Beale, Bob. Papua New Guineans among world's first farmers. abc.net.au (Noiz kontsultatua: 2016-10-8).
- ↑ Sweet potato in Papua New Guinea: a multitude of varieties created by smallholders. cirad.fr (Noiz kontsultatua: 2016-10-8).
- ↑ Roach, John. Cannibalism Normal For Early Humans?. news.nationalgeographic.com (Noiz kontsultatua: 2016-10-8).
- ↑ Goldman, Laurence. The Anthropology of Cannibalism. in: Greenwood Publishing Group. p. 19. books.google.es (Noiz kontsultatua: 2016-10-8).
- ↑ British New Guinea: Brief History. britishempire.co.uk (Noiz kontsultatua: 2016-10-8).
- ↑ Fenton, Damien. How many died? (QnA). in: Australian War Memorial. ajrp.awm.gov.au (Noiz kontsultatua: 2016-10-8).
- ↑ New report doubles death toll on Bougainville to 20,000. radioaustralia.net.au (Noiz kontsultatua: 2016-10-8).
- ↑ Callick, Rowan. Looters shot dead amid chaos of Papua New Guinea's anti-Chinese riots. theaustralian.com.au (Noiz kontsultatua: 2016-10-9).