Peter Gabriel
Peter Brian Gabriel (Chobham, Surrey, Ingalaterra, 1950eko otsailaren 13a) ingeles abeslari, musikari eta konposatzaile bat da. Batez ere Genesis musika-taldeko ahots nagusia eta txirularia izateagatik ospetsu izan zen. Gerora taldea utzi eta bakarko ibilbide arrakastatsu bati ekin zion.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Londresen jaio zen, langile-familia batean. Aita, Ralph Parton Gabriel (1912–2012), ingeniari elektronikoa zen eta ama, Edith Irene Allen familia musikari batean jaioa zen.
1965 urtean Garden Wall taldea sortu zuen eskolako lagunekin, Tony Banks pianoan eta Chris Stewart baterian aritzen zirela.
Genesis
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1966 urtean Genesis taldea osatu zuen eta talde hartako abeslari eta musikagilea izan zen 1975 urtea arte.
Hasiera gorabeheratsuaren ondoren 1969an Gabriel, Banks, Rutherford eta Phillipsek taldearen aldeko apustua egin zuten, dedikazio osoa eskainiz, eta 1970 Tresspass albuma kaleratu zuten. Bertan Gabrielen eragina handitzen da, letrak idatziz, instrumentu asko joz eta soul musikaren eragina barneratuz. Steve Hackett gitarra-jolea taldean sartzeko gonbidatuta, 1971n Nursery Cryme (1971) diskoan Gabrielek oboea jotzen du eta "The Musical Box" abestian pertsonaietan oinarritutako letra osatzen du lehen aldiz.
Geroago etorri ziren disko arrakastatsuenak, Foxtrot (1972), Selling England by the Pound (1973) eta The Lamb Lies Down on Broadway (1974). Gabriel taldeburua da zuzeneko kontzertuetan eta emanaldietan mozorrotu ohi zen.
Bakarlaria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Genesis taldea bide komertzialetik abiatu zela ohartu zenean, utzi egin zuen Gabrielek, bere interes musikaletatik oso urrun zebilela-eta. 1975ean bakarlari gisa hasi zen. Egindako ibilbidean joera esperimentalak nabarmendu dira haren musikan.
1977 eta 1982 bitartean bakarlari gisa grabatutako disko guztiek Peter Gabriel dute izenburua. Lehenengo diskoan, 1977. urtean, Solsbury Hill abesti ospetsua jaso zuen, besteak beste. 1978an, berriz, disko erabat esperimentala kaleratu zuen, eta bere diskoetxeak erabaki zuen 1980. urtea arte ez ateratzea Peter Gabrielen beste diskorik, zigor moduan; garaitsu hartan ekin zien bide berriei. Hirugarren diskoak, Biko abestiarekin, ospe handia lortu zuen nazioartean eta harrezkero artista saiatu, arretatsu eta sormen handikoaren ospea irabazi zuen Peter Gabrielek.
1982. urtean argitaraturiko Security lanaren ondoren Womad jaialdiei eskaini zien. Jaialdi horiek izan ziren 1990eko hamarraldian halako arrakasta lortu zuen musika etnikoaren zabalkundearen eragile nagusiak. Dena dela, arrakasta komertzialik handiena So diskoarekin lortu zuen, 1986an.
Erreferentzia World musicean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Musikagile gisa ez ezik, lan handia egiten du bere diskoetxearekin, mundu guztiko artisten bilgune bihurtu baita. 1990eko hamarraldian teknologia berriak eta multimedia aplikatu zituen bere lanean eta informatikaz arduratu zen, bereziki. Zinemarako musika ere idatzi du, Birdy (1984) eta "Kristoren azken tentaldia" filmetako musika, besteak beste.
1996an Bartzelonan Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala babestu zuten pertsona ospetsuetako bat izan https://web.archive.org/web/20170329141138/http://www.linguistic-declaration.org/versions/angles.pdf (Ingelesez)