Edukira joan

Vita Karoli Magni (pasartea)

Wikitekatik

Sajoien aurka etengabe, eta ia atsedenik gabe borrokatzen zen bitartean, mugako lekurik estrategikoenetan goarnizioak kokatu ondoren, Espainia-ra abiatu zen eskura zeuzkan indar guztiekin; eta, Pirinioak iragan eta gero, eta aurkitu zituen gotorleku eta gaztelu guztiak menperatu zituenean, gudalosteak oso-osorik eta ukitugabe zeuzkala itzuli zen, salbuespen batekin: Auñamendien gailurrean bertan, itzulerako bidean jadanik, Baskoinen zitalkeria bere larrutik ezagutu behar izan bait zuen. Zeren eta, armada lasai-lasai zihoanean, ilara luzean, pasabidearen estuasunak eskatzen zuen bezala, Baskoinak, mendiaren gailurrean zelatan zeudelarik —pasabideko beste inon baino itxiagoa bait da han basoa, eta aproposa, beraz, lekua tranpak jartzeko— eta goitik beherantz etorriz, sakanarantz bultzatu zuten azken-azkenean zihoan bagajea eta baita aurrekoen babes modura erretagoardian zihoazen tropak ere. Eta behin batailan gurekin sartu zirenean, azkeneko gizona ere hil egin zuten, eta harrapakina lortu ondoren, gauaren iluna lagun, sakabanatu egin ziren bizkor-bizkor. Eginkizun honetan beren alde eduki zuten Baskoinek ez bakarrik armamentuaren arintasuna, baita guztia gertatu zeneko lekuaren taiuera berezia ere: Frankoei, aitzitik, kontra gertatu zitzaien —Baskoinak baino askoz ere gutxiago eta ahulago izateraino— bai zeramaten armamentuaren astuntasunak, baita etsaiak baino beherago kokatuak egotea ere. Bataila honetan hil ziren Egiardo seneskala, Anselmo konte palatinoa eta Roldan, Bretainiako markako prefektua ere, beste askoren artean. Eta porrot honek ezin izan zuen berehala mendekatua izan, zeren eta etsaiak, erasoa burutu ondoren, halako moldez sakabanatu bait ziren, ezen non bilatu eta aurkitu zitezkeen jakiteko aztarnarik ere ez zutela utzi".

Eginhardo

IX. mendea

Lehen iturria: Larrañaga, K. (1992): Euskal Herria Antzinate Berantiarrean eta lehen Ertaroan: materiale eta agiriak, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Leioa.

Bigarren iturria: Ruiz Fernández, A. eta Agirre García, J. (2006): Euskal Herriko Erdi Aroaren Historiarako dokumentu idatzi eta grafikoen iruzkin-ereduak, UEU, Bilbo, 17-18.


Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License.