Euskal Herriko zinema
Euskal Herriko zinemagintza Euskal Herrian egiten den euskal nahiz erdal zinemagintza da, bai eta euskal herritarrek Euskal Herritik kanpora egiten dutena, eta kanpotarrek Euskal Herriko gaiak jorratuz eta euskal herritarrekin batera egiten dutena ere. Zinemagintza jardueraren barruan hartzen da filmen ekoizpena eta horren inguruko industria sektorea.[1] Genero askokoa da, teknika asko erabiltzen ditu, eta ikusleengana heltzeko hainbat bide darabiltza (zinema-aretoak,[2] telebista, bideoa, Internet, eta abar).
Hala ere, batzuek diote ez dela Euskal Herriko zinemarik. Adibidez, hona hemen Kepa Sojo zuzendariak esandakoa:[3]
« | Euskal Herrian badaude zinemagintzan diharduten zuzendari, ekoizle, teknikari eta antzezleak. Baina ez daukagu zine egiteko garrantzizkoena: industria. Politikari dagokionez, Euskal Herria Espainiaren eta Frantziaren menpean dagoela esan genezake. Gaur egun, Euskal Herria ez da estatu bat, lurralde batzuk erakunde administratibo ezberdinetan banatuta baino. Espainiako zinemagintzari begira, honek arduratzeko moduko itxura du. Industria txikia da Europako beste estatuekin erkatuz. Gainera, Estatu Batuetako konpainien monopolioa oztopoa da espainiarrek ekoizpena aurrera atera ahal izan dezaten. | » |
Beste batzuek, azkenekoz, Euskal Herriko zinemagintza zer den definitu ere ez dute egin nahi, eta euskal herritarrek diharduteneko zinemagintza dute hizpide.[4]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurretikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zinemagintza bera hasi baino lehen bazeuden fotografiaren tekniketan oinarritutako esperimentuek irudiak mugitzen zituztenak. Artean, antzinenekoetariko bat argi-itzalen jokoa erabiltzen zuen ombres chinoises izenekoa (euskaraz: itzal txinatarrak). Itzal hauek 1817ko apirilean Iruñean erakutsi zituzten.
Hala ere, ezagunagoa eta gehiagotan erabilia Lanterna Magica izenekoa (euskaraz: azti-linterna) zen. Hau, lehen ezaguna bazen ere, Iruñean 1806an eta Bilbon 1828an erabili zuten.
Azkena, kinetoscopio izenekoa, zinemarekin jadanik lotura estua zuena, Donostian aurkeztu zuten eta hain arrakasta handia izan zuen non 1895eko uztailaren 5etik irailaren 19ra arte mantendu baitzuten ikuskizuna.
Zinema mutua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zinematografoa Donostian 1896ko ekainaren 24an aurkeztu zuten eta Miarritzen abuztuaren 1ean Llegada de la corte a San Sebastián izeneko filma proiektatu. Asmakizuna abuztuaren 6an Donostian, abuztuaren 9an Bilbon, urriaren 24an Iruñean eta azaroaren 1ean Gasteizen aurkeztu zuten. Urte beran Lumiere anaiek Miarritzen Les Rochers de la Vierge pelikula grabatu zuten[4]
Zinemagintzak arazoak arazo arrakasta handia izan zuen Euskal Herrian. Euskal Herriko lehendabiziko filmak ere grabatu ziren, tartean, famatuenak 1928ko Victor eta Mauro Azkonaren El mayorazgo de Basterretxe (ikurrina lehendabizikoz agertu zuen pelikula) eta 1933ko Teodoro Ernandorenaren Euzkadi (Espainiako Bigarren Errepublikak zentsuratua) izanik.
Horrela lehendabiziko produkzio-etxeak sortu ziren: Bilbao Film (1915) edo Magna Films (Donostia, 1916) eta baita lehendabiziko pelikulak ere Josetxo (Gasteiz, 1918), Pour Don Carlos (1920), Martinchu Perugorria en dia de romeria (1925) edo Eusko Ikusgayak (Eusko Ikaskuntzak Manuel Intxaustiri eskatuta[4]).
1923an Bilbon Hispania Film akademia sortu zuten. Honek pelikula batzuk egin zuten: Un drama en Bilbao, Lolita la huerfana, (Aureliano Gonzalezek zuzenduta) eta batez ere Telesforo Gil del Espinar segoviarraren Edurne, modista bilbaina, Euskal Herriko lehendabiziko film luzea.
Gero, Barakaldon Estudios Azcona sortu zuten Mauro eta Victor Azkona anaiek. Hauek Bilbao, Los apuros de Octavio eta Jipi y Tilin film laburrak eta El mayorazgo de Basterretxe film luzea egin zituzten.
Zinema soinuduna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1930eko hamarkadan Euskal Herriko zinemagintzak arazo handiak izan zituen zabaltzeko. Lehendabizikoz euskaraz aritzen zuen pelikula batean 1930eko Jean Faugeres eta Maurice Champreuxen Le Pays des Basques dokumental frantziarrean zen[4].
1933an Teodoro Ernandorenak Euzkadi dokumental abertzalea grabatu zuen. Bestetik, 1936an, Sinfonia Vasca izeneko pelikula ere grabatu zuen Adolf Trotz alemaniarrak.
Guda bitarteko pelikularen produkzioa urria da: 1937an Euzkadi, Entierro del benemérito sacerdote vasco Jose María de Korta y Uribarren, muerto en el frente de Asturias, Semana Santa en Bilbao eta Gernika dokumentalak baino ez. Azkena Nemesio Manuel Sobrevillak egina. Frankistek ere pelikula batzuk egin zituzten gudan zehar: Hacia la nueva España edo Brigadas navarras. 1940an, Hego Euskal Herrian gaztelaniaz elkarrizketa guztiak ez zeuzkaten pelikulak debekatu zituzten.
Gerra-ondoko zinemagintza (1960 arte )
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gerra-ondoko zinegintza urria zen oso. 1947an Euzko Films osatu zuten Ipar Euskal Herrian iheslari batzuek. Honek Les souvenirs ne sont pas a vendre eta Au Pays Basque avec Luis Mariano izeneko dokumentalak egin zituzten. Hego Euskal Herrian, zine klubak sortu ziren eta, 1953an Donostiako Zinemaldia.
1955ean, José María Zabalza Haz Films sortu zuen.
1958an, Nova Films produkzio-etxea sortu zuten film laburrak egitearren. Antonio Eceizak eta Elias Kerejetak 1961ean Laponia Films sortu zuten, A traves de San Sebastian dokumentala egin eta Viridiana egitera lagundu zuena.
1960 eta 1970 arteko zinemagintza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1964an Nestor Basterretxea eta Fernando Larrukert Frontera Films Irun sortu zuten. Produkzio-etxe honek Pelotari eta Alquezar film laburrak egin zituen baina benetan arrakasta lortu zuen Ama Lur grabatu zuenean.
1964an José María Zabalza eta Carlos Serrano Tell Uranzu Films Irun sortu zuten.
Bestetik Venezuelan zeuden EGIkide batzuek Los hijos de Gernika egin zuten, Gotzon Elorzak 1960 eta 1964 lau dokumental grabatu zituen bizkaieraz eta Ornis Films sortu zen.
1970 eta 1980 arteko zinemagintza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1970eko hamarkadan Euskal Herriko zinemagintza berpiztu zen Hego Euskal Herrian. Hasieran dokumentalak egin ziren, tartean, Miradas ( Zinemaldian saritua ) , Estropada Berria , Navarra, las cuatro estaciones, Ere erera baleibu icik subua aruaren edo Bost.
Ornis Films, Emergencia P.C., Lan Zinema, Araba Films eta Bertan Filmeak produkzio-etxeek zenbait pelikula egin zuten:
- Irrintzi, Mirentxu Loiartek zuzenduta.
- Ikusmena, Montxo Armendarizek zuzenduta.
- Agur Txomin, Javier Rebollok zuzenduta.
- Estado de excepcion, Iñaki Nuñezek zuzenduta.
- Ikuska, Antxon Ezeizak eta Luis Iriondo ekoiztua.[5][6]
Film luze asko ere egin zituzten:
- Axut (1976), Jose Maria Zabalarena.
- Aberri Eguna 78 (1978) José María Zabalza.
- Nortasuna (1978), Pedro de la Sotarena.
- Balanzatxoa (1979), Juan Miguel Gutierrezena.
- Gipuzkoa (1979), Julio Caro Barojarena.
- El proceso de Burgos (1979), Imanol Uriberena.
- Marian ( 1979).
- Ni se lo llevo el viento, ni puñetera falta que hacia, Luis Cortesena.
1981 eta 1984 arteko zinemagintza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1979ko Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuak Eusko Jaurlaritzari kulturan eskumenak eman zizkionean, bultzada handia izan zen Euskal Herriko zinemagintza finantzatzeko. Horrela, 1980ko hamarkadan zenbait film interesgarri egin zituzten:
- La fuga de Segovia (1981) , Imanol Uribek zuzenduta.
- Siete calles (1981), Juan Ortuoste eta Javier Rebollok zuzenduta.
- Agur Everest (1981), Fernando Larrukert eta Juan Ignacio Lorentek zuzenduta.
- La conquista de Albania (1983), Alfonso Ungríak zuzenduta.
- Akelarre (1984), Pedro Oleak zuzenduta.
- La muerte de Mikel (1984), Imanol Uribek zuzenduta.
- Tasio (1984), Montxo Armendarizek zuzenduta.
- Erreporteroak (1984), Iñaki Aizpuruk zuzenduta.
1984 eta 1994 arteko zinemagintza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1984tik 1994ra arteko hamarkadan, Euskal Herriko zinemagintzak hasia zuen bidean aurrera egin zuen eta, film aipagarri batzuk egin ere, adibidez:
- Bizkaiko Golkoa
- Kalabaza tripontzia
- Adios pequeña
- 27 horas
- Ehun metro
- Hamaseigarrenean, aidanez
- Zergatik panpox?
- Kareletik
- A los cuatro vientos
- Ander eta Yul
- Ipar haizearen erronka
- Karlistadaren kronika 1872-1876
- Ke arteko egunak (lehenengo euskarazko pelikula Zinemaldiko Sail Ofizialerako aukeratuta, 1989an)
- Santa Cruz, el cura guerrillero
Gaur egungo zinemagintza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Azken urteotan, Euskal Herriko zinemagintzak ospe eta itzala lortu ditu gurean zein atzerrian. Aipatutako profesionalez gain, belaunaldi berri bat jaio da lehenengoek lanean dirauen bitartean. Horrela, Euskal Herrian zein Espainian famatuak ziren Imanol Uribe edo Montxo Armendariz ez ezik, Alex de la Iglesia, Julio Medem, Juanma Bajo Ulloa, Daniel Calparsoro edo Enrique Urbizuk ere itzal handia lortu dute. Alex de la Iglesia bilbotarrak, adibidez, Hollywoodeko star system barruan dauden Rosie Perez, John Hurt edo Elijah Wood izan ditu agindupean.
Bitartean, zenbait pelikula interesgarri egin dira:
- Dias contados, Imanol Uribek zuzenduta.
- Maité, Carlos Zabala eta Eneko Olasagasti zuzenduta.
- Vacas, Julio Medemek zuzenduta (1992).
- La madre muerta, Juanma Bajo Ulloak zuzenduta (1994) .
- El dia de la Bestia (1995), Alex de la Iglesiak zuzenduta.
- Solo se muere dos veces (1997), Esteban Ibarretxe eta Juan Inciartek zuzenduta.
- Airbag (1997), Juanma Bajo Ulloak zuzenduta.
- Secretos del corazón (1997), Montxo Armendarizek zuzenduta.
- Perdita Durango (1998), Alex de la Iglesiak zuzenduta.
XXI. mendean Euskal Herriko zinemagintzak bide berari jarraitu zion, aipatutako izenei zenbait izen berri erantsiz, tartean Koldo Serra, Kepa Sojo, Borja Crespo, Tinieblas Gonzalez, Nacho Vigalondo edo Borja Kobeaga. Hauek Eusko Jaurlaritzaren Kimuak izeneko programari esker bere lana ateratzeko gai ziren[7].
Pelikula bikainak ere egin dira, batzuk Oscar Sariak lortzekotan ere arituak, batez ere film laburraren kategorian, baita film luze eta dokumentalak ere:
- Euskal Pilota. Larrua harriaren kontra, Julio Medemek zuzenduta (2003).
- 7:35 de la mañana, Nacho Vigalondo kantabriarrak zuzenduta (2003).
- Aupa Etxebeste!, Asier Altuna eta Telmo Esnalek zuzenduta (2005).
- El sindrome de Svensson, Kepa Sojok zuzenduta.
- Eutsi!, Alberto Gorritibereak zuzenduta.
- Kutsidazu bidea, Ixabel, Mireia Gabilondo eta Fernando Bernuesek zuzenduta (2006).
- Eramos pocos, Borja Kobeagak zuzenduta.
- Bosque de Sombras, Koldo Serrak zuzenduta.
- The Oxford Murders, Alex de la Iglesiak, 2008.
- 80 egunean, Jon Garaño eta Jose Maria Goenaga, 2010.
- Urte berri on, amona!, Telmo Esnal, 2011.
- Bertsolari, Asier Altuna, 2011.
- Bypass, Patxo Telleria eta Aitor Mazo, 2012.
- Amaren eskuak, Mireia Gabilondo, 2013.
- Loreak, Jon Garaño eta Jose Maria Goenaga, 2014 (Zinemaldiko Sail Ofizialerako aukeratua izan den bigarren filma).
- Lasa eta Zabala, Pablo Malo, 2014.
- Amama, Asier Altuna, 2015.
- Gernika, Koldo Serra, 2016.
- aMari, Gregorio Azkona Andueza, 2016
- Handia, Jon Garaño eta Aitor Arregi, 2017.
- Errementari, Paul Urkijo, 2017.
Euskarazko zinemaren pizkundea neurri handi batean 2005ean etorri zen "Aupa Etxebeste!"-rekin. Asier Altuna eta Telmo Esnal egileek bakoitzak bere bidetik ibilbide emankorra eduki dute orduz geroztik, Telmo Esnal zarauztarrak "Urte berri on, amona!" 2011an eta Asier Altuna bergararrak "Bertsolari" dokunemtala 2011an eta "Amama" film luze nabarmena 2015ean.
Beste egile bikote arrakastatsu bat 2010ean estreinatu zen, Jon Garaño donostiarra eta Jose Maria Goenaga ordiziarra hain zuzen ere "80 egunean" gogoangarriarekin. Baina eztanda "Loreak" (2014) pelikularekin, Donostiako Zinemaldian Sail Ofizialerako aukeratua historian izan den bigarren euskarazko filma eta Oscar sarietarako hautagai izendatu zutena eta Palm Springsen saritua, besteak beste.
2014ko abenduaren 11ean jakin zenez, Euskal Herriko filmek 130.000 ikusletik gora izan zituzten urte hartan. Lasa eta Zabala filmak 72.000 ikusle izan zituen, eta Loreak filmak 50.000.[8]
Bigarren eztanda nagusia 3 urte geroago etorri da, "Handia" filmarekin, Jon Garaño eta Aitor Arregi oñatiarrarena, 2017an. Takilari dagokionez markak apurtuta, euskarazko inoizko filmik ikus-entzunena izanda, Donostiako Zinemaldian 2 sari eta Goya Sariak ekitaldian 10 sari eskuratu zituen, azken honetan marka handi bat lortuta, bakarrik beste bi pelikulek historia osoan gaindituta.
Zinemaldiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Donostiako Zinemaldia
- Bidasoko Nazioarteko Zine Arkeologikoaren Jaialdia
- Iruñeko Zinemaldia
- Zinegoak
- Zinebi
- Zinegin jaialdia Hazparnen
- Miarritzeko Zinema Latinoamerikarraren Jaialdia
- Miarritzeko Nazioarteko Ikus-entzunezko Sailen Jaialdia
- Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren astea
- Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia
- Sestao Fantastico
- Lekeitioko Bideo eta Zine Bilera
Euskal Herriko zinemagintzako pertsona ospetsuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zuzendariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hona hemen Euskal Herriko zuzendari aipagarri batzuen zerrenda:
- Victor Azkona
- José María Zabalza
- Mauro Azkona
- Antxon Ezeiza
- Elias Kerejeta
- Nestor Basterretxea
- Fernando Larrukert
- Montxo Armendariz
- Javier Rebollo
- Iñaki Nuñez
- Imanol Uribe
- Javier Rebollo
- Pedro Olea
- Iñaki Aizpuru
- Alex de la Iglesia
- Ramon Barea
- Pello Varela
- Julio Medem
- Juanma Bajo Ulloa
- Daniel Calparsoro
- Enrique Urbizu
- Carlos Zabala
- Eneko Olasagasti
- Esteban Ibarretxe
- Koldo Serra
- Borja Crespo
- Borja Kobeaga
- Josu Martinez
Gidoigileak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hona hemen Euskal Herriko gidoigile aipagarri batzuen zerrenda:
Argazki zuzendariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hona hemen Euskal Herriko argazki zuzendari aipagarri batzuen zerrenda:
Aktoreak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hona hemen Euskal Herriko aktore aipagarri batzuen zerrenda:
Musikagileak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Carmelo Bernaola
- Pascal Gaigne
- Alberto Iglesias
- Angel Illarramendi
- Bingen Mendizabal
- Luis de Pablo
- Joserra Senperena
Bibliografia sakontzeko
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Joxean Fernandez. "Euskal zinema: Zinemagileen hiru belaunaldi". Euskadiko Filmategia, Donostia. 2015.
- Jakin 204 zk. (2004): "Euskal zinema" ale monografikoa.
- Koldo Larrañaga eta Enrique Calvo Foronda (1997) Lo vasco en el Cine. Euskadiko Filmategia. Donostia.
- Alberto Lopez Etxeberria (1977) El cine en Vizcaya. BBK. Bilbo.
- Alberto Lopez Etxeberria (1988) Vascos en el cine. Mensajero. Bilbo.
- Xabier Madariaga Unsasti (1995) Los orígenes del cine en Euskal Herria. BBK/EHU. Bilbo
- Martinez, Josu (2014) "Ikuska saila: ostarte bat laino itsasoan", Jakin, 204: 95-102.[5]
- Martinez, Josu (2015) "Ispilu hautsiaren memoria", Jakin, 209: 69-82.
- Santiago de Pablo Contrera (1996) 100 años de cine en el País Vasco. Arabako Foru Aldundia. Gasteiz.
- Joxe Mari Unsain Azpiru (1985) El cine y los vascos. Eusko Ikaskuntza. Donostia.
- Joxe Mari Unsain Azpiru (1985) Hacia un cine vasco. Euskadiko Filmategia. Donostia.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Harluxet Hiztegia
- ↑ Euskal Herriko zinema aretoei buruzko artikulua
- ↑ Kepa Sojoren artikulua
- ↑ a b c d Koldo Larrañaga eta Kike Calvo, Historia de la Cinematografía Vasca
- ↑ a b Martinez, Josu. (2014). Ikuska saila: ostarte bat laino itsasoan. Jakin, 204: 95-102. or..
- ↑ Imaz, Andoni. «Zinemaren aldiak eta aldiriak» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-09-14).
- ↑ Kepa Sojoren artikulua
- ↑ «Euskal zinemak 130.000 ikusletik gora bildu ditu aurten», Berria, 2014-12-11
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Euskal zinema
- Euskadiko Filmategia
- Euskaraz egindako telesailen zerrenda
- Dokumentalak Euskal Herrian
- Zerrenda:Euskaraz gehien ikusitako pelikulak
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Euskadiko Filmategia
- "Irudiz eta euskaraz" bloga (Euskal zinemagintza berria ikertzen)
- «Adi, filmatzen, ekin», Tribuaren berbak telebista saioa, ETB-1.