Belar bedeinkatu
Belar bedeinkatu | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Dipsacales |
Familia | Caprifoliaceae |
Generoa | Valeriana |
Espeziea | Valeriana officinalis Linnaeus, 1753 |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | Valerian root oil (en) |
Belar bedeinkatua[1] edo ardi-belarria (Valeriana officinalis), Valerianaceae familiako landare belarkara da. Hostoiraunkorra da eta 20-120 cm-ko garaiera izan dezake. Zurtoin bakuna, hostoak pinatuak eta hostoxka koskadunez betea. Lore txikiak ditu, arrosa argi kolorekoak eta udaberrian eta udan ateratzen dira korinbo bete batetik. Errizomak arrautza formakoak edo biribilak, 3-5 cm-koak eta gris-horixkak; kolore bereko diametro txikiko sustrai askorekin estalita egon ohi dira. Jatorria Europa eta Asiako lurralde batzutan duen arren, Ipar Amerikan ere sartu da jada. Habitat ohikoena baso hezeak eta ur-korronteak dauden ertzak izan ohi dira, halere, eremu zelaietan zein inguru menditsuetan ere aurki daiteke.
Sendabelar gisa Valeriana officinalis landarearen lur azpiko organoak (sustraiak, errizoma eta estoloiak) eta fitoestraktuak erabiltzen dira[2]. Lurpeko organoak lehor, zatika edo osorik egon daitezke eta fitoestraktuak hauts bihurtuta; kolore uherra du, usain tipikoa, sarkorra, gazta zaharraren antzekoa. Gutxienez 4ml/kg olio lurrunkor izan behar ditu eta azido seskiterpenikoak gutxienez % 0’17 (azido balereniko bezala espresaturik) droga lehorrari dagokionez kalkulatuz gero. Droga, usain desatsegina duena, errizoma oboide edo zilindrikoan dago. Errizoma gris-hori kolorekoa da eta diametro txikia duten sustrai askorekin estalita dago adabetarte ildaskatuetan dauden estoloiekin batera.
Sendabelar gisa oso erabilia da batez ere nerbioak baretzeko. Lasaigarri moduan erabiltzen da histerismoaren, insomnioaren eta neurosiaren kontra. Konpultsio-atakeei aurre egiteko ere baliatzen da. Antzinako Grezian eta Erromatar Inperioan jada erabiltzen zen sendabelar gisa.
Tximeleta eta sits batzuen larbek espezie hau dute elikagai.
Deskribapen botanikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Makroskopikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea][3] Landare handia (50-150cm) eta belarkara. Bere errizoma iraunkorra da eta zurtoin tentea eta biribila du. Hosto oposatuak ditu foliolo horzdunekin eta adar loratuetan bukatzen du. Zurtoinaren hostoak zorro zabalen bidez daude lotuta. Zurtoinaren beheko aldean kokatzen diren hosto erradikal edo basalak, erroseta formakoak baina handiagoak tamainan. Loreak txikiak eta pentamerikoak, zuri edo arrosa kolorekoak eta usain atseginekoak. Gainera, hiru lorezil dituzte. Fruituari dagokionez, kapsula bat da eta 3mm-tako hazi trinko luzanga du.
Mikroskopikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Balerianaren hautsa gris-hori kolorekoa da. Honen osagairik bereizgarrienak sustraien ileen atalak eta parenkiman dauden almidoiez beteriko zelulak dira. Gainera, mikroskopikoki begiratzean, erretxina edo olio lurrunkorren tantak dituzten zelulak ere agertzen dira.
Konposaketa kimikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea][2][4] Aktibitatean parte hartzen duten substantziarik garrantzitsuenak terpenoak (seskiterpenoak eta iridoideak) dira:
- Azido seskiterpenikoak: (%0’2-0’7) azido balereniko eta bere eratorriak osatzen dute. Kimikoki egonkorrak dira eta ez dira hegazkorrak. Beste seskiterpeno batzuk aldiz, hegazkorrak dira: balerenal, balerianol, balerenola, baleranona… Frakzio hegazkorrak lehortutako drogaren 2-20ml/kg osatzen du.
Azido seskiterpeniko hauek olio lurrunkorren frakzio bat osatzen dute:
- Olio lurrunkorrak: (%0’5) baina oso aldakorra da balio hau. Giro-tenperaturan likidoak dira, hegazkorrak eta uretan nahastezinak. Alkohola, eterra eta disolbatzaile organikoetan disolbagarriak dira. Errefrakzio-indize altua dute eta batzuk propietate optikoak izango dituzte. Gainera, dentsitatea urarena baino txikiagoa dute. Usain berezikoak eta koloregabeak dira.
- Iridoideak: Landare honetan ohikoak eta oso espezifikoak dira. Balepotriato motako epoxiiridoideen esterrak dira nagusi (%0’5-1’2). Baltratoa agertzen da kantitate handian (%80) eta isobaltratoa, dihidrobaltratoa eta azebaltratoa ere badaude. Konposatu hauek nahiko ezegonkorrak dira: hidrolizatu egiten dira eta ondoren azkar deskonposatzen dira hezetasunagatik, beroagatik (>40ᵒC) edo azidotasunagatik (PH<3).
Beste monoterpeno batzuk ere baditu, kanfeno edo pineno adibidez.
Aminoazidoak: Azido gamma-aminobutirikoa (GABA), glutamina, tirosina eta arginina. Alkaloideen aztarnak (%0’05-0’1).
Osagai aktiboen erauzketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Olio lurrunkorren eta seskiterpenoen erauzketa egiteko, ur-lurrunarekin arrastearen bidezko destilazioa egiten da.
[5] Esentzia-olioak lurrunkorrak diren konposatu askorekin osatuta daude, beraz, ur-lurrunarekin arazorik gabe erauzi daitezke.
Heze eta zati txikitan ebakita dagoen lagin begetala matraze batean sartzen da eta berotutako ur lurrunaren korronte bat aplikatzen zaio. Ur lurrunaren tenperatura altuaren eraginez (100 °C), ehun begetala apurtu egiten da eta olio lurrunkorrak askatu egiten dira. Horrela, korronteak eramandako esentzia kondentsatu eta beste ontzi batean bilduko da. Olio lurrunkorrak uretan disolbaezinak direnez, kondentsatu eta gero, bi fase bereiztuko dira: olio lurrunkorrena izango den fasea, eta bestea urarena. Olio lurrunkorrak uretan disolbagarriak diren konposatuak izanez gero, hauek ur fasean geratuko lirateke.
Erauzketa honek etekin handia ematen du, olio oso purua lortzen delako eta gainera, material begetalaren kantitate handiak erabili daitezke.
Azido balerenikoa eta bere deribatu ez hidrosolugarriak, erauziak izan daitezke gutxienez %40 alkohol etiliko duten disoluzio hidroalkoholikoekin.
Iridoideen erauzketan aldiz, urarekin erauzi ezin diren balepotriatoak etanol puruarekin erauzi daitezke. [6] Etanolaz gain, metanola edo disoluzio alkoholikoak ere erabiltzen dira. Gainera, ingurune tenperaturetan egindako ultrasoinuen bidez (UAE) edo presurizatutako ur beroaren (PHWE) bidezko erauzketak ere proposatu dira metodo berri hauek oso eraginkorrak eta seguruak baitira.
Identifikazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea][2] Balerianaren osagai aktiboen identifikaziorako, geruza fineko kromatografia erabiltzen da eta horretarako bi disoluzio desberdin prestatu behar dira:
- Aztertu beharreko disoluzioa: Landarearen beraren hautsa erabiliko da hau egiteko. Birrindutako drogaren gramo bat eta 10ml metanolarekin esekidura bat prestatuko da. Honi, ultrasoinuak aplikatu eta goian geratzen den likidoa iragaziko da ondoren hau aztertzeko.
- Erreferentziazko disoluzioa: Azido balereniko eta azetoxibalerenikoaren 5 mg, metanolean disolbatuko dira disoluzio honetarako.
Bi disoluzio hauek izanda, kromatografia egin eta seskiterpenoak identifikatu ahalko dira banda desberdinak agertuko direlako.
Osagai aktiboen balorazio kuantitatiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Olio lurrunkorren balorazioa egiteko, drogaren 40g hauts, ur destilatua eta xilenoa erabili behar dira. Ondoren, olio lurrunkorrak aztertu ahal izateko, destilatu egin behar da 4 orduz.
Azido seskiterpenikoak baloratzeko, likidoen kromatografia egin behar da. Beraz, laginaren disoluzioa eta erreferentziazko disoluzioa beharko dira:
- Aztertu beharreko disoluzioa prestatzeko, lehortutako drogaren 1’5g erabiltzen dira. Honi, metanola gehitu eta berotu egiten da ordu erdiz. Hau hozten utzi ondoren, iragazi egiten da. Iragazkian geratzen den hondarra metanolarekin berriz berotu 15 minutuz, hoztu eta iragazi. Iragazitako bi disoluzioak batu egiten dira eta 50ml-rarte disolbatzen da metanolarekin.
- Erreferentziazko disoluzioa egiteko, 1mg azido balereniko izateko beharrezkoa den valeriana PVR-ren erauzkin lehorraren kantitate bat hartu eta hau metanolarekin diluitzen da. 10 minutuz ultrasoinuekin tratatu ostean iragazi egingo da.
Osagai aktiboen ekintza mekanismoa eta eragin farmakologikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea][7]Olio lurrunkorren, alkaloideen eta iridoideen artean gertatzen den sinergismoa dela eta, Balerianak hurrengo eragin farmakologikoak ditu:
- Eragin sedatzailea eta antsiolitikoa: Ahalmen hipnotiko gutxirekin hainbat kasutan; loaren luzapena, erreflexuen gutxitzea, sedazioa eta aktibitate lokomotorearen ahultzea... agertzen da. Hala ere, argitzeke dago efektu lasaigarri hau nola gertatzen den ( uste zabalduena da, osagai aktiboa balepotriatoak izateagatik gerta daitekeela). Sedazioaren barnean, adibidez, estresaren kontrako eragina, erlaxazioa eta nerbio sistema zentralaren depresioa sartzen dira.
- Eragin espasmolitikoa: Hasieran, eragin sedatzailearekin gertatzen zen bezala, eragin honen jatorria zein zen eta zergatik ematen zen ez jakin arren, gaur egun, efektu honen eragileak, balerarona eta iridoideak direla ezagutzen da eta muskuluen erlaxazioa eragiten dute.
- Eragin antimikrobianoa: Sustraien osagai aktibo batzuk (balerina, isobaltratoa… bezalakoak) eta loreetan dauden erauzkin alkoholikoak aktibitate antimikotikoa demostratu zuten in vitro-ko entseguetan onddo batzuen aurka (C.albicans edo A. fumigatus adibidez).
- Eragin kardiobaskularra: Vpt2 deituriko balepotriatoen zati batek, basodilatazio koronarioa eragiten du eta ekintza antiarritmikoa ere baduela erakutsi du. Gainera, azido balerenikoak adibidez hipotentsio arteriala eragiten du.
Hala ere, hainbat prozesu alergikoen eragileak dira, batez ere kontaktuzko dermatitisa.
In vitro-ko entseguetan ikusi da, balerianaren osagai aktiboak GABA-A hartzailearengan dutela eragina. Horrela, eragin antsiolitiko-sedante-hipnotikoa neurotransmisio GABAergikoaren handipenagatik gertatzen da (barbiturikoak bezala).
Azido balerenikoa hartzaile honen modulatzaile alosteriko bat da. Kontzentrazio baxuetan, GABAren eragina handitzen du baina kontzentrazio altuetan inhibitu egiten du.
Gainera, balerianaren osagai aktiboek neuronen alde presinaptikoan ere eragiten dute GABA neurotransmisorearen metabolismoa eta errekaptazioa inhibituz eta honen askapena handituz. Horrela, GABAren kontzentrazioak tarte sinaptikoan asko handitzen dira. Sistema inhibitzailearen funtzioa handitu egingo da eta hiperaktibazioa kontrolpean geratu.
Balerianaren erauzkin urtsuak eta hidroalkoholikoak GABAren kontzentrazio altuak dituzte, aktibitate sedatzailea frogatu dezakeena ere. Modu berean, lignano baten presentzia antzeman da hartzaile bentzodiazepinikoei lotu ahal dena.
Balerianaren erauzkinak azido glutamiko deskarboxilasaren eragina estimulatzen du baita ere.
Erabilera terapeutikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baleriana pertsona nagusien eta umeen egoera neurotonikoen tratamendu sintomatikoetan erabiltzen zen tradizionalki, batez ere, loaren desoreka txikia gertatzen zen kasuetan. Antsiolitiko bezala ere bai, egonezin nerbiosoaren aurka, estresa, neuralgia edo epilepsia kasuetan adibidez. Espasmo digestiboak eta beste muskulu leun batzuen espasmoak arintzeko ere bai.
[8] Balerianaren erauzkinarekin egindako azterketa klinikoetaz asko idatzi da orain arte. Haietatik gehienak, insomnioaren eta loaren kalitatearen tratamenduari buruzkoak dira, beste zenbait entsegu hala ere, sustraien erauzkin urtsuak erabiliz egin dira eta bada erauzkin etanoliko edo isolatutako konposatuekin egindakorik ere.
[9] Balerianaren erauzkin urtsuak loaren kalitatean zuen eragina, osasuntsuak eta gazteak ziren bi talde erabiliz ikertu zen. Haietariko batzuek, beraien etxeetan egiten zuten lo (ebaluazio subjektiboa) eta besteek laborategi batean (ebaluazio objektiboa). Etxeko azterketetan, erabilitako erauzkinaren bi dosiek (450 eta 900mg) loaren eragite denbora gutxitu eta honen kalitatea hobetu zuten. Emaitza hauek dosi-menpeko efektua adierazi zuten. Laborategian egindako ebaluazioan aldiz, dosi altuak erabili ziren eta ez zen desberdintasun nabarmenik aurkitu plazeboarekin konparatuz. Iradoki zen, parametro objektiboen aldaketa garrantzitsuen falta partaideen hautespenagatik izan zitekeela, alegia, loaren kalitate normala zutenak erabili zirelako lo-asaldurak zituztenak erabili beharrean.
Beraz, hurrengo entsegu klinikoan, “hanka geldiezinak sindromea” (RLS) zuten pertsonak aztertu zituzten; 8 astetan zehar, 37 pazientek baleriana edo plazeboa hartu zuten. Balerianaren sustrai lehorrak erabili ziren kapsulak prestatzeko eta guztira 0’58mg azido balereniko zuten kapsula bakoitzak (1’16mg/egun). Prestatutako plazeboa eta balerianaren kapsula oheratu baino 60 minutu arinago hartzen zuten. Ondorioz, baleriana hartu zuen taldeak, loaren kalitatean eta RLSaren emaitzetan hobekuntzak nabaritu zituzten.
[10] 2006. urtean, beste entsegu kliniko bat argitaratu zen, kasu honetan, antsietatearen tratamenduan balerianak duen eraginkortasuna aztertuz. Balerianaren edozein dosi eta administrazio modu erabili zituzten. Balerianaz aparte, diazepam eta plazeboa ere erabili ziren. Gainera, sintoma bezala antsietatea zuten 36 paziente aukeratu zituzten nahiz eta gaixotasun desberdinak izan (agorafobia, desoreka obsesibo-konpultsiboa, estres postraumatikoa…). Lau asteko ikerketa egin ostean, ikusi zuten ez zela desberdintasun nabarmenik agertu baleriana eta plazeboaren artean, ezta diazepamarekin konparatuz. Hala ere, konturatu ziren diazepamaren kasuan, sintomaren hobekuntza garrantzitsua zela. Bestalde, eragin desiragaitzei dagokionez, ez zen desberdintasunik egon, ezta tratamendua bertan behera uzten zuten pazienteen kopuruen artean. Oraindik saiakera gutxi egin dira honen inguruan eta azterketak egin eta ondorioak atera ahal izateko, gaixo kopuru gehiago egotea behar-beharrezkoa da balerianaren segurtasun eta eraginkortasunari buruzko emaitzak eta ondorioak ateratzeko, antsietatearen tratamenduan batik bat.
[11] Logurearen eta antsietatearen tratamenduaz gain, 2016.urtean dismenorrearentzako elikagai gehigarri bezala aztertu dute baleriana landarea. Dismenorrea, hilerokoarekin sortzen den mina da eta hau tratatzeko, antiinflamatorio ez esteroideoak (AIEE) edo ahobideko pildora antisorgailuak erabiltzen dira; hala ere beste aukera bat bezala produktu botanikoak (balerianaren erauzkina barne) hautatu dituzte. Emaitzak alderatzeko beste aukerak analgesia konbentzionala, plazeboa edo tratamendu gabekoa ziren. Guztira, 3101 emakumek parte hartu zuten eta emaitzetan ez zen desberdintasunik ikusi AIEEn eta gehigarrien (baleriana) artean. Froga gutxi egon ziren balerianaren eraginkortasunari zegokionez. Beraz, segurtasunari buruzko kalitate oneko frogak ere falta direnez, ez da baieztatu baleriana dismenorrearen tratamendurako erabili ahal denik.
Entsegu fisiko-kimikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea][2] - Elementu arrotzak: Gehienez zurtoinen oinarrien %5a eta beste elementu arrotzen %2a.
- Lehorketagatik galera: Gehienez %12a, aztertu beharreko eta ondo homogeneizatutako birrindutako drogaren gramo batean zehaztuta (105 gradutara dagoen berogailu batean 2 orduz lehortzen utzita).
- Errauts totala: gehienez %12a.
- Azido klorhidrikotan disolbaezinak diren errautsak: gehienez %5a.
Kontserbazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Osagai begetalaren kontserbazio egokia izateko, ondo zarratutako ontzi batean sartu eta leku lehor batean mantendu. Ontzi barnera ezin da argia, airea ezta hezetasuna pasa.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) Archivos De Flora Iberica. Editorial CSIC - CSIC Press 1952 ISBN 9788400000332. (Noiz kontsultatua: 2018-05-25).
- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) «Extranet del BOE» extranet.boe.es (Noiz kontsultatua: 2018-05-23).
- ↑ (Ingelesez) «Valeriana officinalis (root) - AHPA Botanical Identity References Compendium» www.botanicalauthentication.org (Noiz kontsultatua: 2018-05-23).
- ↑ Chamorro, Miguel Angel; Perez, Eva. (2012-01-01). «Las Farmacopeas españolas publicadas en los últimos 500 años» Farmacéuticos comunitarios 4: 176–181. (Noiz kontsultatua: 2018-05-23).
- ↑ (Gaztelaniaz) «terpenoides | EXTRACCIÓN DE ACEITES ESENCIALES» extracciondeaceitesesenciales.wordpress.com (Noiz kontsultatua: 2018-05-23).
- ↑ (Gaztelaniaz) Sánchez González, Julie Andrea. (2011ko Azaroa). [bdigital.unal.edu.co/7287/1/197491_2011.pdf «ESTUDIO DE HOJAS DE Chelonanthus alatus (GENTIANACEAE)»] UNIVERSIDAD NACIONAL DE COLOMBIA FACULTAD DE CIENCIAS, DEPARTAMENTO DE QUÍMICA BOGOTÁ D.C., COLOMBIA (Noiz kontsultatua: 2018-05-02).
- ↑ Juan Carlos Fernandez. (2013-03-03). Obtención del Extracto de Valeriana officinalis. (Noiz kontsultatua: 2018-05-23).
- ↑ (Gaztelaniaz) Mª, VILLAR DEL FRESNO, ÁNGEL; EMILIA, CARRETERO ACCAME, Mª. «Valeriana officinalis. Fitoquímica, farmacología y terapéutica» Farmacia Profesional ISSN 0213-9324. (Noiz kontsultatua: 2018-05-23).
- ↑ (Gaztelaniaz) Bone, Kerry; Mills, Simon. (2013). Principles and practices in Phytotherapy. Elsevier.
- ↑ «Valeriana para los trastornos de ansiedad» www.bibliotecacochrane.com (Noiz kontsultatua: 2018-05-23).
- ↑ «Untitled Document» www.bibliotecacochrane.com (Noiz kontsultatua: 2018-05-23).
Bibliografia osagarria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Barton, B. H., & Castle, T. (1845). The British Flora Medica, Or, a History of the Medicinal Plants of Great Britain: Illustrated by a Coloured Figure of Each Plant, Volumen 2. Londres: G. Woodfall.
- Rombi, M. (1998). 100 plantes médicinales : composition, mode d'action et intérêt thérapeutique. Niza: Romart.
- Quer, P. F. (1990). Plantas medicinales. Bartzelona: Labor, S.A.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Alcaraz, J. S. (2010.eko Apirilak 26). medizzine. medizzine: https://www.medizzine.com/ helbidetik eskuratua