Lewis Carroll
Lewis Carroll (jaiotza izena, Charles Lutwidge Dodgson, Daresbury, Cheshire, Ingalaterra, 1832ko urtarrilaren 27 – Guildford, Surrey, Ingalaterra, 1898ko urtarrilaren 14) idazle, matematikari eta argazkilari britainiarra izan zen, mundu osoan ezaguna Alice's Adventures in Wonderland (Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian) bere idazlanagatik.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arbasoak Ingalaterrako iparraldekoak ziren. Horietako gehienak armadan eta Elizan hartu zuten lanbidea. Birraitona apezpikua izan zuen eta aitona, armadako kapitaina: gerran hil zen, seme-alabak txikiak zirenean.
Haren aita Charlesek Elizako karrera aukeratu zuen. 1827an, bere lehengusinarekin ezkondu eta herri txiki bateko parrokoa izan zen.
Seme Charles Cheshireko Daresbury parrokia txikian jaio zen. Dodgson bikotearen seme-alabetarik hirugarrena izan zen eta mutiletarik lehena. Gero beste zortzi seme-alaba etorri ziren —zazpi neska eta lau mutil, guztira— eta denak bizi ziren helduak izan arte, garai horretan oso arraroa izan zena. Charlesek zazpi urte zituenean aita Ipar Yorkshireko Croft-on-Teesko parroko izendatu zuten. Beraz, familia osoa hango erretoretxe handira joan zen eta han bizi ziren 25 urtez.
Charles gazteak bere etxean bertan jaso zuen hezkuntza. Haurtzaroko irakurketek adimenez aurreratua zela erakusten dute: zazpi urterekin John Bunyanen The Pilgrim’s Progress liburua irakurri zuen. Elbarritasuna zuen: totela zenez, horrek eragin kaltegarria zekarkion gizarte-harremanetan. Gorreria ere zuen eskuineko belarrian, gaixotasun baten kariaz. Hamabi urterekin eskola pribatu batera bidali zuten Richmondera: han oso pozik ibili zen arren, 1845ean Rugby Schoolera lekualdatu zuten etahor okerrago egon zen.
Rugby School utzi zuen 1850ko amaieran eta 1851ko urtarrilean Oxfordeko Unibertsitatera joan zen, aitaren “college”an sartu baitzen, Christ Church-en. Hala ere, bigarren egunean etxera itzuli behar izan zuen, ama meningitisak jota hil baitzitzaion, 47 urterekin.
Amaren heriotzak sortu zizkion sentimenduak sentimendu, ez zuten Oxfordera eraman zuen helburutik aldendu: oso adimentsua zen eta emaitza bikainak lortu zituen. 1857an matematiketako irakasle postu bat lortu zuen Christ Churchen. Hogeita sei urtez jardun zuen horretan. 1861ean diakono ordenatu zuten.
Oxforden epilepsia diagnostikatu zioten, garai hartan estigma gogorra zena. Hala ere, Illinoiseko (Chicago) Unibertsitateko zuzendaria John R. Hughes-ek akats bat izan zela aldarrikatu du.
Argazkigintza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1856an, beste arte bat aurkitu zuen: argazkigintza, hasiera batean, osaba Skeffington Lutwidgen eraginez, eta gero Oxfordeko Reginald Southey eta argazkigintzaren aitzindari Oscar Gustav Rejlander lagunei esker. Dodgsonek berehala lortu zuen bikaintasuna arte horretan, bere barruko filosofiaren adierazpena bihurtu zuena: jainkotasunaren sinesmena, kontuan harturik jainkotasuna edertasuna zela berarentzat. Haren ustez, edertasuna zen hobezintasun moral, estetiko edo fisikoa. Argazkigintzaren bidez, Carroll saiatu zen bateratzen askatasunaren eta edertasunaren ereduak Edeneko errugabetasunarekin, non gorputza eta giza harremanak goza daitezkeen erru sentimendurik gabe. Heldua zenean ideia hori edertasunaren bilaketa bihurtu zen, grazia egoera baten gisa: galdutako errugabetasuna berreskuratzeko bidea. Aurrekoak, antzerki zaletasunarekin batera, arazoak eragin zizkion viktoriar moralarekin, baita bere familiaren jatorri anglikanoekin ere. Bere biografo nagusi Morton Cohenek esan zuenez, Carrollek uko egin zion bekatu orijinalari buruzko jatorri kalbinistari eta bere lekuan ipini zuen berezko jainkotasunarena.
Haren argazkilari-jarduerari buruzko libururik zehatzenak —Lewis Carroll, Photographer, Roger Taylor (2002)— geratu diren Carrollen argazki guztiak sailkatzen ditu. Taylorrek kalkulatu du Carrollen argazkien erdia baino gehiago neskatoen erretratoak zirela. Modelo gisa gehienbat Alexandra Kitchin («Xie») ageri da, Winchesterreko katedraleko deanaren alaba. Lau urtetik hamasei urtera arte, berrogeita hamar aldiz atera zizkion argazkiak. 1880an argazkia bainujantziz ateratzen saiatu zen, baina ez zioten utzi. Dodgsonek biluzien argazkiak itzultzen zizkietela familiei edo apurtzen zituela suposatu da. Pentsatzen zen horrelako argazki guztiak galdurik zeudela, baina biluzien sei argazki aurkitu dira: haietako lau argitaratu dira eta beste biak ia ezezagunak dira. Argazki horiek eta haien zirriborroek Dodgson pedofiloa zelako zurrumurrua sortarazi zuten. Goi mailako pertsonaien erretratuez gain, paisaiak eta anatomiari buruzko ikasketak ere egin zituen maiz.
Argazkigintzak erraztu zion bere garaiko gizartearen goiko mailetan sartzea. Bere estudioa izan zuenean, goi mailako pertsonaiei egin zizkien erretratuak: John Everett Millais, Ellen Terry, Dante Gabriel Rossetti, Julia Margaret Cameron eta Alfred Tennyson.
Ekoizpen aipagarria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Argazkigintzan aritzeari utzi zion bat-batean 1880an. Hogeita lau urteren ondoren, arte hori menperatzen zuen eta Christ Church Oxfordeko elizako Tom Quad eremuan zeukan estudioa. Hiru mila argazki inguru sortu zituen. Mila baino gutxiago gordeta daude, besteak galdu edo apropos apurtu egin ziren. Arduraz erregistratzen zituen argazkien sorketaren gorabeherak, baina bere erregistroa suntsitu zuten. Hil eta gero, haren argazkilari-lanak jaso zuen onarpena Julia Margaret Cameronenarekin batera, argazkilari piktoralisten aldarrikapenei eta Bloomsbury taldearen laguntzari esker (talde horretan zebilen Virginia Woolf idazlea). Gaur egun, viktoriar garaiko argazkilaririk onenetakoa izan zela onartzen da, eta ziur aski egungo argazkigintza artistikoan eragin handia izan zuen.
Literatur karrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dodgsonek olerkiak eta ipuinak idatzi zituen. Aldizkarietara bidaltzen zituen eta arrakasta apala lortu zuen. 1854 eta 1856 artean, bere idazlanak The Comic Times eta The Train aldizkarietan agertu ziren, baita hedapen txikiagoko Whitby Gazette eta Oxford Critic agerkarietan ere. Idazlan horiek gehienak umorezkoak eta satirikoak dira.
1856an ospetsu egingo zuen goitizenarekin argitaratu zuen bere lehen idazlana The Train aldizkarian: "Solitude" izeneko olerki erromantikoa, Lewis Carrollek sinatutakoa. Goitizena bere amaren izen-abizena latinera lehenik eta ingelesera gero itzultzean asmatu zuen: Lutwidge Charles Ludovicus Carolus bihurtu zen, eta hau Lewis Carroll.
[[1856]an ere, Henry Liddell, dean berria heldu zen Christ Churchera bere emazte eta alabekin batera. Carrolek adiskidetasun handia egin zuen emazte eta hiru alabekin: Lorina, Alice eta Edith. Sarritan eraman zituen neskak ibaiara picnic bat egitera, Godstowen edo Nunehamen.
Txangoetako batean, 1862an uztailaren 4an, Dodgsonek ospetsu bihurtu zuen istorioa asmatu zuen. Robinson Duckworth lagun apaizarekin batera, hiru ahizpak (Lorina, hamahiru urtekoa; Alice, hamar urtekoa, eta Edith, zortzi urtekoa) eraman zituen Tamesis ibaitik txalupan ibiltzera. Dodgsonek bat-batean asmatu zuen neskak liluratu zituen istorioa. Txangoa amaitu eta gero, Alicek eskatu zion istorioa idaztea. Gau osoa pasatu zuen eskuz idazten eta hurrengo Gabonetan Alice Liddelli oparitu zion. Eskuko idazlanak Alice's Adventures Under Ground (Aliceren lurpeko abenturak) izenburua zuen eta idazlearen marrazkiak zituen. Istorioaren protagonista Alice Liddell bera zela pentsatu zen, baina Dodgsonek hori ukatu zuen.
Hiru urte geroago, haren eskuko idazlanak irakurleen artean arrakasta izan zuenez gero, Dodgsonek Macmillan argitaldariari eraman zion, istorioa doitu eta gero. 1865ean argitaratu zen Alice's Adventures in Wonderland (Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian) izenburuarekin, Lewis Carrollek sinatuta. Lehen argitalpenaren marrazkiak John Tennielek egin zituen.
Arrakasta eskergak bigarren zatia idaztera behartu zuen: Through the Looking-Glass and what Alice Found There (Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena).
Eztabaidak eta zalantzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Drogen kontsumoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Asko hitz egin da Dodgsonek hartzen zituen drogez. Ez dago froga argirik, baina gehienek noizean behin laudanoa hartzen zuela uste dute. Garai hartan usu erabilitako analgesikoa zen, ziur aski artritisaren minaren aurka lasaigarri izan zitzaiona. Laudanoa opiotik eratorria da eta dosi handietan hartzen bada, eragin psikotropikoak izan ditzake. Hala ere, inork ez du uste Dodgsonek gehiegi hartu zuenik.
Beste aldetik, batzuek uste dute Alicek sufritzen zituen eldarnioak substantzia psikodelikoen ondorio direla. Adibidez, Amanita muscaria zizak makrostesia eta mikrostesia dakartza eta Aliceri horixe gertatu zitzaion, zizak jandakoan.
Apaizgoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dodgsonek nahitaezkoa zuen apaiza izatea, Christ Churchen bizi zelako. Hala ere, ideia hori ukatzen hasi zen eta diakono bihurtzea atzeratu zuen 1861era arte. Urte bat geroago, apaiz bihurtu behar zuen, baina uko egin zion. Henry Liddelli bere erabakia jakinarazi zion: Christ Churchetik alde egin behar zuela erantzun zion baina, hala ere, eta ez dakigu zergatik, iritziz aldatu eta Christ Churchen geratzen utzi zion.
Inork ez daki zergatik uko egin zion apaizgoari: batzuek uste dute haren toteltasunagatik izan zela. Nolanahi ere, Dodgsonek jendaurrean hitz egiten zuen arazorik gabe, baita ipuinak kontatu ere. Gainera, bere azken urteak, nahiz eta apaiza ez izan, predikatzen zuen. Beraz, hori ezin da arrazoia.izan
Lewis Carroll, Jack Tripa-ateratzailea ote?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nahiz eta beti ameslari kaltegabetzat jo, 1996an Richard Wallace autoreak Jack Tripa-ateratzailearen goitizenpean ezkutatuta zegoen gizona Lewis Carroll izan zela salatu zuen.[1] Ustez salatzen zuten frogak 1888ko udazkeneko hilketa baino hemeretzi urte lehenagoko bere liburuetan idatzitako esaldi kriptikoak ziren. Teoria horren arabera, idazle desorekatuak bertan arrastoak utzi zituen, egin nahi zituen krimenak aurreratzen.[2]
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1845 - Useful and Instructive Poetry
- 1848 - The Rectory Magazine
- 1850-1853 - The Rectory Umbrella
- 1855-1862 - Mischmasch
- 1856-1857 - The Train (aldizkaria) - kolaborazioak
- 1858 - The Fifth Book of Euclid Treated Algebraically
- 1860 - A Syllabus of Plane Algebraic Geometry, Systematically Aranged with Formal Definitions, Postulates, and Axioms
- 1860 - Notes on the First Two Books of Euclid, Designed for Candidates for Responsions
- 1864 - Alice's Adventures Under Ground (1886an argitaratua)
- 1865 - Alice's Adventures in Wonderland (Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian)
- 1866 - Condensation of Determinants, Being a New and Brief Method for Computing their Arithmetic Values
- 1867 - Russian Journal
- 1867 - An Elementary Treatise on Determinants with their Application to Simultaneous Linear Equations and Algebraic Geometry
- 1867 - Bruno's Revenge (1924 argitaratua)
- 1868 - The Fifth Book of Euclid Treated Algebraically, so far as it Relates to Commensurable Magnitudes.
- 1869 - Phantasmagoria and Other Poems
- 1872 - Through the Looking-Glass, and what Alice found there (Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena)
- 1873 - The Enunciations of Euclid I-VI, Together with Questions on the Definitions, Postulates, Axioms, &c.
- 1873 - The Vision of the Three T's
- 1875 - The Hunting of the Snark
- 1876 - The Game of Logic
- 1879 - Euclid and His Modern Rivals
- 1882 - Euclid, Books I, II
- 1883 - Rhyme and Reason
- 1885 - Supplement to Euclid and His Modern Rivals
- 1885 - A Tangled Tale
- 1889 - The Nursery Alice
- 1889 - Sylvie and Bruno
- 1893 - Sylvie and Bruno Concluded
- 1896 - Symbolic Logic, Part I
- 1898 - Three Sunsets and Other Poems
Euskaraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Alice (Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian eta Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena) (1992). Pamiela argitaletxea. Manu Lopez Gasenik euskaratua.
Sei argitalpen daude nola-halako ahalegin txukuna egin dutenak obra euskarara ekartzeko:[3]
- 1968an Imanol Berriatuaren itzulpena izan zen lehena, La Gran Enciclopedia Vasca argitaletxearen eskutik, Alizia gauza miragarrien munduan izenburuarekin.[3][4]
- Bigarrena Jose Maria Satrustegik egina da, Montserrateko abadetxearen babespean, 1974an, Alizia izenburuarekin, eta 34 orrialde eskasetan. Laburpena izan zela pentsatzekoa da, agian Carrollek The Nursery Alice izenburuarekin kaleratu zuen laburpenaren itzulpena.[3]
- Urte gutxi batzuk geroago, 1979an, lehen edizio txukuna iritsi zen Lur argitaletxearen babespean, Alizia herrialde harrigarrian izenburuarekin.[5] Xabier Egaña ilustratzailea izan zen eta Cruz Mujika Arbizu, itzultzailea. Hordago bilduman argitaratu zuten, London, Salgari, Twain eta enparau idazle ezinbestekoen obrekin batera, poltsikoko edizioetan. Argitalpen horrek 2000. urtean berrargitalpen izan zuen, Hiria argitaletxearen eskutik, baina edizio bitxia da, ez baitu aitortzen iturria zein den, nahiz eta testua hitzez hitz kopiatua eman. Hori bai, izenburua apur bat aldatu zioten: Alizia lurralde harrigarrian.[3]
- Itzulpen kanonikoa hamar urte geroago iritsi zen, 1989an, Manu Lopez Gaseniren eskutik Aliceren abenturak lurralde miresgarrian izenburuarekin, Pamiela argitaletxearen babesean.[6] Kanoniko adjektiboa eman zion Imanol Mercerok bertsio horri, itzultzaileak ahalegin izugarria egin zuelako testu originala fidelki errespetatzen, eta, aldi berean, euskara jaso eta txukunera iraultzen. Pamiela etxeak ere bere onena eman zuen argitalpena mimo handiz osatzeko: liburua tamaina handikoa da, tapa gogorrekoa; Erramun Landaren azala artelan bat da, eta barruko ilustrazioak, jatorrizko argitalpenarenak, John Tenniel-enak.[3]
- Azken argitalpena 2015ean iritsi eta aurrekoa hobetzera etorri zen. Aurrekoan bezala, itzultzailea Lopez Gaseni izan zen eta testua berriz goitik behera eraiki zuen. Aurreko edizioak jatorrizkoarekiko fideltasun muturrekoan erakusten zituen ulermen zailtasunak ezabatzen ahalegindu zen eta testu askoz eskuragarriagoa eskaini: oro har, ulergarriagoa da, sintaxi zailtasunak leunduta eta esaldi askoz arinagoak erabilita. Lexikoa ere samurtu zuen, nahiz eta tarteka kultismoetarako joera agertu («eskifaia alegera», aurreko «tripulazio alaia»ren ordez). Kultur erreferentziak arrakastaz euskaldundu zituen, irakurketan gozatu handia hartzen baita halakoekin. Irudiak koloreztatu egin zituzten, eta horretan ere hobekuntza zegoen.[3]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Wallace, Richard. (1996). Jack the Ripper: Light-Hearted Friend. Gemini Press ISBN 978-0-9627195-6-1. (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- ↑ (Ingelesez) Jack the Ripper, Light-Hearted Friend. 2020-03-07 (Noiz kontsultatua: 2020-04-24).
- ↑ a b c d e f Mercero, Imanol. «Alice Alizia bihurtu zenekoa» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
- ↑ Lewis, Carroll. ([19--?]). Alizia gauza miragarrien munduan. La Gran Enciclopedia Vasca PMC 920164919. (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
- ↑ Carroll, Lewis. (D.L. 1979). Alizia Herrialde Harrigarrian. Lus ISBN 84-7099-143-4. PMC 431915347. (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
- ↑ Carroll, Lewis. (1995). Aliceren abenturak lurralde miresgarrian. Pamiela ISBN 84-7681-129-2. PMC 971794719. (Noiz kontsultatua: 2022-08-26).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Clark, Ann (1979). Lewis Carroll: A Biography. London: J. M. Dent. ISBN 0-460-04302-1.
- Cohen, Morton (1996). Lewis Carroll: A Biography. Vintage Books. pp. 30–35. ISBN 0-679-74562-9.
- Collingwood, Stuart Dodgson (1898). The Life and Letters of Lewis Carroll. London: T. Fisher Unwin.
- Leach, Karoline (1999). In the Shadow of the Dreamchild: A New Understanding of Lewis Carroll. London: Peter Owen.
- Pizzati, Giovanni: "An Endless Procession of People in Masquerade". Figure piane in Alice in Wonderland. 1993, Cagliari.
- Reed, Langford: The Life of Lewis Carroll (1932. London: W. and G. Foyle)
- Taylor, Alexander L., Knight: The White Knight (1952. Edinburgh: Oliver and Boyd)
- Taylor, Roger & Wakeling, Edward: Lewis Carroll, Photographer. 2002. Princeton University Press. ISBN 0-691-07443-7. (Catalogues nearly every Carroll photograph known to be still in existence.)
- Thomas, Donald (1996). Lewis Carroll: A Biography. Barnes and Noble, Inc. ISBN 978-0-7607-1232-0.
- Wilson, Robin (2008). Lewis Carroll in Numberland: His Fantastical Mathematical Logical Life. London: Allen Lane. ISBN 978-0-7139-9757-6.
- Woolf, Jenny: The Mystery of Lewis Carroll. 2010. New York: St Martin's Press. ISBN 978-0-312-61298-6
- Black, Duncan (1958). The Circumstances in which Rev. C. L. Dodgson (Lewis Carroll) wrote his Three Pamphlets and Appendix: Text of Dodgson's Three Pamphlets and of 'The Cyclostyled Sheet' in The Theory of Committees and Elections, Cambridge: Cambridge University Press
- Bowman, Isa (1899). The Story of Lewis Carroll: Told for Young People by the Real Alice in Wonderland, Miss Isa Bowman. London: J.M. Dent & Co.
- Carroll, Lewis: The Annotated Alice: 150th Anniversary Deluxe Edition. Illustrated by John Tenniel. Edited by Martin Gardner & Mark Burstein. W. W. Norton. 2015. ISBN 978-0-393-24543-1
- Dodgson, Charles L.: Euclid and His Modern Rivals. Macmillan. 1879.
- Dodgson, Charles L.: The Pamphlets of Lewis Carroll
- Douglas-Fairhurst, Robert (2016). The Story of Alice: Lewis Carroll and the Secret History of Wonderland. Harvard University Press. ISBN 9780674970762.
- Goodacre, Selwyn (2006). All the Snarks: The Illustrated Editions of the Hunting of the Snark. Oxford: Inky Parrot Press.
- Graham-Smith, Darien (2005). Contextualising Carroll, University of Wales, Bangor. PhD thesis.
- Huxley, Francis: The Raven and the Writing Desk. 1976. ISBN 0-06-012113-0.
- Kelly, Richard: Lewis Carroll. 1990. Boston: Twayne Publishers.
- Kelly, Richard (ed.): Alice's Adventures in Wonderland. 2000. Peterborough, Ontario: Broadviewpress.
- Lovett, Charlie: Lewis Carroll Among His Books: A Descriptive Catalogue of the Private Library of Charles L. Dodgson. 2005. ISBN 0-7864-2105-3
- Waggoner, Diane (2020). Lewis Carroll's Photography and Modern Childhood. Princeton: Princeton University Press. ISBN 978-0-691-19318-2.
- Wakeling, Edward (2015). The Photographs of Lewis Carroll: A Catalogue Raisonné. Austin: University of Texas Press. ISBN 978-0-292-76743-0.
- Wullschläger, Jackie: Inventing Wonderland. ISBN 0-7432-2892-8. — Also looks at Edward Lear (of the "nonsense" verses), J. M. Barrie (Peter Pan), Kenneth Grahame (The Wind in the Willows), and A. A. Milne (Winnie-the-Pooh).
- N.N.: Dreaming in Pictures: The Photography of Lewis Carroll. Yale University Press & SFMOMA, 2004. (Places Carroll firmly in the art photography tradition.)